Etxeko lanek emakumeen kontua izaten jarraitzen dute

Emakumeak dira, nagusiki, ordaindu gabeko etxeko lanak egiten dituztenak. Izan ere, emakumeek etxeko lanen % 67,2 egiten dituzte eta gizonek, berriz, % 32,8. Kopuru horrek gora egin du 2013. urtez geroztik, % 66,7tik egungo kopurura, hain zuzen ere.

Aipatu datuak martxoak 8 dela eta Eustatek ezagutzera emandako datuak dira. Horretarako, euskal estatistika agentziak etxeko lanen, lan-merkatuaren eta prestakuntza akademikoaren esparruan genero-ikuspegitik informazio estatistiko garrantzitsua jaso du.

Eustaten ikerketaren arabera, emakumeek beren gain hartzen dute haurren, adinekoen eta gaixoen hezkuntza eta zaintza lanen % 65. Arropa erosteaz, garbitzeaz eta lisatzeaz ere arduratzen dira (% 83) eta % 69 otorduak planifikatzeaz, erosteaz, kozinatzeaz eta garbitzeaz arduratzen da. Halaber, emakumeen % 62 etxebizitza alokatzearekin edo erostearekin, altzariekin, garbiketarekin, mantentze-lanekin edo konponketekin lotutako gaiez arduratzen da.

Emakumeek ere gizonek baino askoz denbora gehiago ematen dute egunero seme-alabak eta mendeko pertsonak zaintzen. Horrela, etxetik kanpo lan egiten duten eta 15 urtetik beherako seme-alabak dituzten emakumeek , batez beste, egunean, egoera berean diren gizonek baino 1,4 ordu gehiago ematen dituzte horien zaintzan (4,7 eta 3,3 ordu, hurrenez hurren).

Gainera, emakumeen erdiek (% 50,6) egunean adingabeak zaintzen 5 ordu edo gehiago ematen dituzten bitartean; gizonen kasuan, berriz, ehuneko hori ez da laurdenera iristen (% 24,6), eta gehienek (% 42) 2 ordu edo gutxiagorekin laguntzen dute seme-alabak zaintzen.

Zaintza

Bestalde, lanean diren emakumeek, batez beste, gizonek baino ia ordubete gehiago ematen dute egunean mendeko pertsonak zaintzen (2,3 eta 1,5 ordu, hurrenez hurren).

Etxeko lanen banaketa desorekatu horren ondorioz, lanean diren emakumeen % 18,1 ez dago batere pozik ezkontideak edo bikotekideak etxeko lanak egiten ematen duen laguntzarekin, eta ehuneko hori % 4,3ra jaisten da gizonen artean.

Aldiz, okupatutako gizonen% 74,8 oso pozik dago bikotekidearen parte-hartzearekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.