Gure gizartean gizonezkoen emakumeekiko nagusitasuna iraunarazten laguntzen duten hainbat oharkabeko jarrera errepikatzen dira

Azaroaren 25ean genero indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna ospatzen da. Genero indarkeriaz hitz egiten dugunean, sarritan, indarkeria psikologiko, fisiko eta erailketez soilik pentsatu ohi dugu, baina indarkeria matxistak beste hainbat ezaugarri ditu.

Gure gizartea, funtsean, matxista da. Egunerokotasunean badira, apika, oso txikiak direlako, oharkabean jazotzen diren hainbat espresio matxista. Horiek, mikromatxismoak izenarekin ezagutzen dira, baina txikiak izateagatik ez du esan nahi eragin handia ez dutenik.

Mikromatxismoak, beraz, eguneroko bizitzan ematen diren gizonezkoen indarkeria edo dominazio espresio ‘txikiak’ dira. Horiek, sarritan, oharkabean ematen dira gure aurrean, baina funtsean, bestelako espresio matxisten helburu bera dute, halaber, gizonezko eta emakumezkoen arteko harremanetan botere harreman bat ezartzea.

Oharkabean

Mikromatxismo horien adibideen berri izan nahi baduzu, everydaysexism izeneko web orrialdera jo ahal duzu. Hori, Laura Bates britaniarrak sortutako proiektua da eta, bertan, mundu osoko emakumeek bidalitako testigantzak jasotzen dira. Testigantza horietan emakumeek pairatu behar izaten dituzten proposamen sexualak, tradizionalki gizonentzat soilik izan ohi diren jardueretan parte hartzeko arazoak (adibidez, zenbait kiroletan) edota emakume izatetik egin behar duten jarduerak (etxeko lanak) azpimarratzen dira nagusiki. Baina guztiek ezaugarri komun bat dute: normaltzat hartzen dira.

Espainiako Gobernuko Genero Indarkeriarako ordezkaria izandako Miguel Lorentek ‘Mi marido me pega lo normal izenburuko liburua idatzi du. Lorentek azaltzen duenez, matxismoa bera aldatzen ari da eta, egun, modu askoz gozoagoan burutzen da, azken finean, aldaketa ematen denaren itxura eginda gauzak berean jarrai daitezen. Lorentek posmatxismoa terminoa erabiltzen du matxismo eredu berri hori azaltzeko. Eredu berri horretan, aurreko demostrazio koleratsuak desagertuko lirateke, gaur egun, ez baita politikoki zuzena matxista zarela onartzea. Beste zenbait adituk, berriz, neomatxismoa terminoa erabiltzen dute. Hori, bereziki gazteen artean zabalduta egongo litzateke eta, funtsean, emakumea menpeko gizaki gisa ulertu beharrean, gizaki maltzurragotzat hartuko litzateke, hots, gizonari kalte egin diezaiokeena.

Eta gazteak zer?

Jarrera matxista aurreko belaunaldien gauza dela uste dute askok. Gure aiton-amonek jaso zuten hezkuntza egungo gazteek jasotzen duten hezkuntzatik urrun dago eta, egia bada ere, berdintasunaren bidean hamaika urrats eman direla, egungo gazteria ere matxista dela baiezta daiteke. Berriki egin den azterlan baten arabera, gazteriaren % 24k emakumeentzako lekurik aproposena etxean lan egitea dela adierazten du. Estatuan ematen diren genero indarkeria kasuen laurdenak, gutxi gora behera, 25 urtetik beherako gazteak ditu protagonista. Adituek azaltzen dutenez, gazteen artean biolentzia psikologikoa da nagusi eta teknologia berriek eta, batez ere, sare sozialek, zer esan handia dute kontrol eredu berri horretan.

Aditu horien ustetan, epe motz eta ertainean, genero indarkeria kasuen gorakada eman daiteke estatu mailan 16 eta 23 urte bitarteko biztanleriaren artean 40 urtetik gorako gizonen artean baino matxista gehiago daudelako. Genero indarkerian lan egiten duten teknikari askoren ustetan, egungo gazteriak ez du behar bezalako berdintasun hezkuntza jaso eta hainbat kasutan, jarrera matxisten jatorria ikasgeletan bertan aurki daiteke. Izan ere, Espainia mailan egindako azterlan baten arabera, eskola jazarpena pairatzen duten ikasleen % 65 inguru neskak dira eta erasotzaileak, berriz, kasuen % 70ean, mutilak.

Matxismoa lan munduan

Matxismoaz hitz egiten denean, sarritan, hori bikote harremanetara mugatzen dela pentsa dezakegu. Egia da, genero indarkeria dela medio, matxismo kasurik larrienak (erailketak, erasoak…) esparru horretan ematen direla baina, agian, (mikro)matxismoaren espresiorik lazgarriena lan munduan ematen da. Lan merkatuaren edozein azterketak azalduko duenez, emakumeek okupazio-tasa txikiagoak eta langabezia-tasa eta lan baldintza prekario handiagoak izaten dituzte. Sindikatuek egindako azterlan baten arabera, estatu mailan, bataz beste, zeregin bera izanik, emakume batek urtean 84 egun gehiago egin beharko lituzke lan gizon baten adina diru irabazteko.

Amaia Otaegui soziologoak ‘El deterioro laboral de las mujeres como efecto de la crisis’ txostenean salatzen duenez, “lan merkatuaren egungo baldintza kaxkarretan, hainbat emakumek etsi egiten dute jada bere lehen lana aurkitu baino lehen”.

Lana aurkitzea lortzen duten emakumeek, gainera, baldintza kaxkarragoetan egin behar izaten dute lan. Kasu gehienetan, gizonezkoek kontratu baldintza hobeak lortzen dituzte eta baita soldata hobeak ere. Azken datuen arabera, gizon eta emakumezkoen artean den soldata-arraila % 23koa da. Lanean diren emakumeek ere arazo handiagoak izaten dituzte familia eta lana arteko kontziliazioa egiteko.

Matxismoa publizitatean

Berdintasunaren alorrean emandako aurrerapauso guztiek ez dute publizitatean inolako eraginik izan. Iragarki gehienetan zuzenean matxismoa azaltzen da lau ezaugarri nagusiekin: gizonezkoaren nagusitasuna emakumezkoen aurrean, emakumezkoen edertasunaren gorespena, emakumezkoen inteligentziaren mespretxua eta emakumeak sexu-grinaren objektu bilakatzea. Azken adibidea Panricok, Facuaren salaketa jaso ondoren, atzera bota behar izan duen iragarkia dugu. Bertan, lurrean den neska batek parean den mutilak duen opilaren truke honek bere ipurdia ukitzearekin ados azaltzen da. Halako adibideak milaka aurki daitezke Interneten bertan.

Matxismoa kirol munduan

Kirol munduan ere matxismoaren adibideak ugari dira. Gizonezko eta emakumezkoen kirolen artean diren aldeak alde batera utzita (mugitzen diren diru kopuruak, hedabideetan duten oihartzuna, irabazitako sarietan den aldea…) kirol munduko hainbat alorretan matxismoa nagusi dela ikus dezakegu. Azken kasu lazgarria Espainiako tenis federakuntzak hartutako erabakiak sortutako erantzunetan ikus daiteke. Davis Kopako bigarren mailara jaitsi ostean, aipatu federazioko arduradunek emakume bat (Gala León) gizonezko taldearen entrenatzaile jartzea erabaki zuten. Erabaki horrek aztoramena sortu zuen zenbaitzuen artean. Horrela, Rafa Nadalen osaba eta entrenatzailea den Toni Nadalek, adibidez, “ez dut ondo ikusten emakume bat erdi biluzik dauden gizonezkoen aldagelan sartzea” adierazi zuen. Seguruenik, Nadalek ondo ikusiko du emakumezkoen taldean entrenatzailea gizonezkoa izatea.

Uda honetan bertan ere Helena Costa futbol entrenatzaile portugaldarraren kasuak ere hedabideetako arreta piztu du. Costa Qatar eta Irango emakumezkoen futbol selekzioen entrenatzaile izan da eta baita Benfica edota Celtic Glasgow gizonezko talde ezagunen staff teknikoaren partaide. Bere balioaz ohartuta edo, Frantziako bigarren mailan den gizonezkoen Clermont taldeak lehen entrenatzaile izateko aukeratu zuen Costa. Erabaki horrek zenbait sektoreen erantzun matxista jaso zuen, antza denez, Costa emakumea izanik ez zela gizonezkoen talde bat gidatzeko gai izango argudiatuz. Costak liga hasi baino lehen taldea uztea erabaki zuen, baina ez zuen bere dimisioaren inguruko inolako azalpenik eman. Taldeko presidenteak beste emakume bat jarri du talde buru, Corinne Diacre frantziarra, hain zuzen ere.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.