MUk gradu-amaierako euskarazko lanik onenak saritu ditu

Sari honen helburua da Unibertsitateko ikasleek gero eta ikasketa-amaierako proiektu gehiago egitea euskaraz Korporazioko enpresetan

Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak euskaraz egindako Gradu Amaierako Lan onenak saritu dituzte Otalora Jauregian. Ianire Rabanete González, Industria Antolakuntzako Ingeniaritza graduko ikaslea, izan da lehen sariaren irabazlea. Rabanetek 1.500 euroko saria irabazi du “Ulma Packaging mekanizazio-tailerrean 5S garapena eta ezarpena” egindako lanagatik. Bigarren sariaren irabazlea Ingenieritza Mekanikoa Graduko ikasle Ainhoa Sarasola Olano izan da. “Multzo magnetikoen karakterizazio postuaren definizioa” lanari esker Sarasolak 500 euroko saria eskuratu du.

Mondragon Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez sortutako sari hauen hamabigarren edizioa da, Mondragon Unibertsitateko ikasleek gradu amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten eta, horrela, lan-munduan sartzea erraztu zezaten.

Mondragon Korporazioak erronka hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta Unibertsitateko kideez osatua, sariak abian jartzeko. Horrela, fakultate bakoitzeko bi ordezkarik eta Korporazioko ordezkari batek osatutako epaimahaiak Korporazioko enpresetan egindako eta lehiaketara aurkeztutako proiektuak aztertu ditu.

Guztira 843 proiektu garatu dira Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Horietatik 280 euskaraz egin dira, hau da, % 33,2 (aurreko edizioan % 28,5). Mondragon eko kooperatibetan 224 proiektu landu dira, horietatik 62 euskaraz (% 27,7 eta iaz, % 20). Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko altua dute eta sarituak izan dira euskaraz ongien idatzitakoak.

Epaimahaia Eneko Bidegainek eta Asier Irizarrek (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea), Rafael Altunak eta Miriam Leibarrek (Enpresagintza Fakultatea), Xabier Arrasatek eta Pedro Urteagak (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) eta Ander Etxeberriak (Mondragon Korporazioa) osatu dute. Proiektuak sakon aztertu ondoren, epaimahaikideak ados jarri dira puntuazioa emateko eta sarituak hautatzeko orduan.