Zabalik José Angel Herrero-Velarde beken bigarren deialdia

Uztailaren 3an zabalduko da ikerketa-proiektuak aurkezteko epea. Bekadunen izenak urrian ezagutzera emango dira.

Donostiako Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zinema Eskolak José Ángel Herrero-Velarde ikerketa-beken bigarren deialdia ireki dute. Bi beka berriak Espainiako estatuan jaio edo bizi diren ikertzaileei zuzenduta daude eta Gipuzkoan jaio edo bizi diren ikertzaileentzako jada esleituta dauden hiru laguntzei gehituko zaizkie.

Deialdi berriari dagokionez, ikerketa-proiektuak datorren uztailaren 3tik aurrera aurkeztu ahal izango dira. Proposamenak aurkezteko epea, berriz, abuztuaren 11n amaituko da. Kasu honetan, laguntzen xede nagusia da Zinemaldiaren artxibo historikoaren ikerketa sustatzea. Asmoa da bi artikulu akademiko argitaragabe sortzea. Horretarako, bekadunek Zinemaldiko iragana aztertu eta orainarekin eta etorkizunarekin uztartu beharko dute.

Izena eman nahi duten horiek ikerketaren gaia, metodologia eta iturriak zehazten dituen gutun bat aurkeztu beharko dute Zinemaldiaren artxiboaren webguneko plataformaren bidez. Deialdiaren oinarriak esteka honetan ikus daitezke.

Epaimahaiak bi egitasmo aukeratuko ditu. Hautatuak diren egitasmoak urrian emango dira ezagutzera eta egileek egonaldia egin beharko dute azaroaren 6tik 17ra bitartean. Hautatuak diren bi ikertzaileek 3.500 euroko dirulaguntza bana jasoko dute. Horrez gain, artxibora sartzeko edukiko dituzten bi asteetan, kontsulta-egunei dagozkien dietak ere ordainduko zaizkie.

Gipuzkoako ikertzaileei esleitutako bekak

Donostia Zinemaldiko eta Elias Querejeta Zinema Eskolako kideek osatutako batzorde batek ebatzi zituen joan den hilabetean Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak sustatutako hiru ikerketa-bekak. Batzordeak Felipe Cabrerizo, Endika Rey eta Neus Sabaté-ren proposamenak aukeratu ditu, “maila teorikoan Estatuko eta nazioarteko zinematografiaren ezagutzan ekarpena egiten dutelako eta Zinemaldiaren artxiboko baliabideak iturri nagusitzat erabili dituztelako”.

Felipe Cabrerizok Leiho bat ekialdera izeneko ikerketa-proiektua aurkeztu du. Bertan, administrazio frankistaren oztopoak gainditzea eta Zinema Jaialdian proiektatutako Ekialdeko herrialdeetako ekoizpen zinematografikoa erregistratzea, aztertzea eta berreraikitzea proposatzen du. Cabrerizoren hipotesiak iradokitzen du zinema hori ezinbestekoa izan zela Espainiako zentsura zinematografikoaren suntsipen motelean, eta Gerra Zibilaren amaieratik herrialdean erabat ezezaguna zen ekoizpen mota bat ikusteko leiho bat izan zela.

Endika Rey-ren Donostia eta kanona ikerketa-proiektuak Donostia Zinemaldiaren erradiografia historikoa egitea proposatzen du. Lanak zinemaren historiaren zati zehatz baten kartografia propioa eta alternatiboa ezartzea proposatzen du. Horretarako, kanon zinematografiko bat sortzearekin lotutako ekintza-ereduak identifikatu nahi ditu Rey-k, eta Zinemaldiaren esparruan zinemagile berrien film luzeen aukeraketan agertzen diren joerak eta korronteak hartuko ditu oinarri.

Azkenik, Neus Sabaték Zinema-eskolatik Zinemaldira egitasmoak 1978an, Zinemaldian, Josefina Molina, Pilar Miró eta Cecilia Bartolomé zinemagileak berriz elkartu zirenekoa jorratuko du. Sabaték hiru zuzendari aitzindari horiek aztertzea proposatzen du, haienak izan zirelako diktaduraren ostean Donostia Zinemaldian emandako emakumezko espainiar zuzendarien lehen lanak. Ikerketaren helburua da zehaztea Donostiako Zinemaldia giltzarria izan ote zen Molina, Miró eta Bartolomeren ibilbidea proiektatzeko, eta zer garrantzi izan zuen Zinemaldiak eta une hartako zinema feministako pertsonaia nagusiekin izandako harremanak hiru autore horiek zinemako zuzendari gisa garatzearekin.