“Espainiar nazionalitatea lortzea da eskubideak izateko eta ilegalizazio eta kanporatze-prozesu batean ez sartzeko dugun aukera bakarra”, dio Danielak, Espainian jaiotako 3 urteko mutiko baten amak, nazionalitatea eskuratzeko eskubiderik aitortzen ez zaionak. Duela gutxi, Ceutan bizi izandako gertakarietan, gazte eta adingabeko askoren eskubideak urratu dira. Krisi humanitario horrek gure herrialdera bakarrik iristen diren haur eta nerabe asko administrazio-egoera irregularrean eta babesik gabe uzten ditu.
Euskadin, jatorriz migratzaileak diren 29.942 adingabe daudela jotzen da; horietatik, 777 adingabek ez dute familia-erreferenterik, eta euskal administrazioen tutoretzapean daude, Save the Children erakundeak egin duen ‘Paperik gabe haztea’ txostenaren arabera. Txosten horretan bertan jasotzen denez, 9.285 haur arauzkoa ez den egoera batean daude; hau da, neska-mutil horien arteko % 30 baino gehiago egoera irregularrean daude. Espainian irregulartasun-tasa handienak dituzten bost autonomia-erkidegoen artean dago Euskadi, datu horien arabera, haurtzaroko adin-tarte guztietan.
Ondorio larriak
Arauzkoa ez den egoera horrek ondorio izugarriak ditu haur eta nerabeengan, beren oraingo eta etorkizuneko bizi-baldintzei eragiten die, eta beren eskubideez baliatzeko aukera urratzen du. Beraz, paperik ez izateak prekaritate-faktoreak ugaritzen ditu; hezkuntzarako sarbide eraginkorra mugatzen du; oztopatu egiten du osasun-zerbitzuetarako sarbidea, eta oso eragin handia du babesa, justizia eta etxebizitza duin bat eskuratzeko orduan.
Egoera horiei berehala, adin-nagusitasunera iritsi aurretik, irtenbidea ematen ez bazaie, ondorio larriak ekarriko dizkie etorkizunean. Gazte horiek ez daude behar bezala prestatuta, eta, horrez gain, aurreiritzi eta estigmatizazio sozial ugariri aurre egin behar diete; horrek berak are gehiago zailtzen die lana lortzea. Izan ere, gazteen langabezia defizit soziala da, eta egoera hori larriagotu egiten du migratzaile izateak.
Save the Childrenek haur horien egoera hobetzeko neurriak proposatzen ditu, besteak beste, paperik ez izateak egunerokoan duen eragina arintzea, haien administrazio-egoera ez jartzea guraso zaintzaileen mende, eta, azkenik, gerora sortutako irregulartasun-egoerak mugatzea.