Etorkinek euskal ekonomiari ematen diotena baino gehiago jasotzen dutelako ustea faltsua da. Txostenaren arabera, administrazio publikoek etorkinei eskainitako kopurua, 714.912.000 euro, kolektibo horrek euskal ekonomiari egiten dioten ekarpena (1.525.292.820 euro, Euskadiko BPGaren % 2,06) baino txikiagoa da. Beraz, 2018an etorkinen kontsumoak sortu zuen dinamismo ekonomikoak 810.380.818 euroko eragin positiboa izan zuen.

Etorkinek jasotzen dutena baino askoz gehiago ematen diote Euskadiri. Hala adierazten du Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak eta Cultumetríak egindako txosten batek, non azaltzen baita 2018an atzerriko langileek euskal ekonomiari administrazio publikotik jaso zutena baino 810 milioi euro gehiago eman ziotela kontsumoari dagokionez.

‘Atzerritarrek EAEn BPGaren bidez egiten duten ekarpena. Hurbilketa gastuaren aldetik’ izenburua duen txostenak etorkinek 2018an, alegia COVID-19aren krisiaren aurreko aldian, eta ezkutuko ekonomia kontuan hartu gabe, BPGari eginiko ekarpen ekonomikoaren eta gastuaren arteko erlazioa aztertzen du.

Txostenean agerian geratzen denez, gezurra dira “etorkinek lanpostuak kentzen dizkigute” eta “euskaldunek baino laguntza gehiago jasotzen dute” baieztatzen dituzten diskurtsoak. Horrela, datuak aztertuta, etorkinek euskal ekonomiari ematen diotena baino gehiago jasotzen dutelako uste faltsua zuzentzen da. Galdera horri erantzutea izan da, hain zuzen ere, aipatu azterlanaren xede nagusia. Azterlana Ikuspegik 2016an egin zuen beste txosten baten jarraipena da. Lehen txosten horretan immigrazioak krisi ekonomikoaren aldian eginiko zerga-ekarpena neurtu zen.

Azterlan berriak jaso dituen datuen arabera ikusten da administrazio publikoek baliatutako diru-kopurua (714.912.000€) etorkinek euskal ekonomiari egiten dioten ekarpen ekonomikoa (1.525.292.820€) baino baxuagoa dela. Horrek esan nahi du, 2018an atzerritarren kontsumoak sortu zuen dinamismo ekonomikoak 810.380.818 euroko inpaktu positiboa izan zuela. Bestalde, orokorrean 1.525.292.820 eurotako kontsumoak BPGaren % 2,06 suposatzen du.

Azterlan horren arabera, administrazio publikoek etorkinei eskainitako dirua urtebetean 714 milioi euro baino gehiago da, eta horrela banatzen da: etxebizitza (32 milioi baino gehiago); gizarte-prestazioak (300 milioi baino gehiago); osasuna (157 milioi baino gehiago) eta hezkuntza (224 milioi baino gehiago).

2020ko urtarrilaren 1ean atzerritar jatorriko 241.193 pertsona bizi ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, hau da, biztanleria osoaren
% 10,9. Aurreko urteko datuarekin alderatuta, atzerritar jatorriko biztanleria 19.201 pertsonatan hazi da.

Azterlana egiteko, Immigrazioaren Euskal Behatokiak eta Cultumetríak gastu sozial publikoarekin zerikusia duten organismo ofizialek emandako informazioa aztertu dute: Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Hezkuntza eta Osasun sailak eta Lanbide.

Familien kontsumoa

Etorkinen ekarpen ekonomikoa kalkulatzeko, ikertzaileek EUSTATen Euskadiko Familia Gastuaren Inkesta eta 2018ko Pobrezia eta Desberdintasun Sozialen Inkesta erabili dituzte. Kalkuluen arabera, atzerritar jatorrikoen etxeetan, batez beste, hileko gastua 1.565 eurokoa izan da. Datu hori atzerritar jatorriko familien edo etxeen kopuruarekin lotu beharko litzateke, eta Eustaten datuen arabera, 81.219 dira halako bizikidetza-unitateak (atzerriko nazionalitatea edo nazionalitate bikoitza dutenak). Beraz, horiek egiten duten gastua 1.525.292.820 eurokoa litzateke.

Gizarte-prestazioak

Prestazioen kontu-sailean erabiltzen da diru gehien eta, aldi berean, herritarrek gehien kritikatu ohi dutena da.

Atzerritar jatorriko biztanleek jasotzen dituzten gizarte-prestazioak kalkulatzeko, ikertzaileek Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) zati proportzionala, Etxebizitzagatiko Prestazio Osagarriak (EPO) eta Gizarte-zerbitzuetarako sarbidea kalkulatu dute.

Lanbideren datuen arabera, DSBE jasotzen duten hiritar guztien
% 39 atzerritar jatorrikoa da. Zehazki, 2018an, DSBE jasotzeko 54.580 espediente zeuden zabalik, eta horietatik 21.646 atzerritar jatorriko hiritarrenak ziren.

Aipatu gastu horiek guztiak aintzat hartuta, Ikuspegiren txostenaren arabera, 2018an etorkinek euskal altxor publikotik jaso zuten kopurua 300.403.278 euro izan zen.

Etxebizitza

Txostenak erreferentziatzat hartzen du 2018. urtean Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak zuen aurrekontua eta Etxebidek, Alokabide eta Visesa bidez, zer inbertsio bideratu zituen bai alokairu bidezko etxebizitzetara, bai erosketa bidezkoetara.

EAEko Etxebizitzaren Behatokiak emandako azken datuen arabera, 2017an argitaratu zirenak, atzerritar jatorriko herritarrei esleitutako etxebizitzak alokairu bidezkoen % 31,7 eta erosketa bidezkoen % 1,3  izan ziren. Alokabideren (83 milioi euro) eta Visesaren (119 milioi euro) aurrekontuak aintzat hartuta, atzerritar jatorriko herritarrei etxebizitzarako egotzi zaien gastua 32 milioi eurokoa izan da.

Hezkuntza

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak azaldu duenez, 2018an Euskal Autonomia Erkidegoan 2,26 milioi euro bideratu ziren unibertsitatez kanpoko irakaskuntzara. Urte horretan, atzerritar jatorriko 34.588 ikasle matrikulatu ziren araubide orokorreko irakaskuntza eredu horretan. Zehazki, 25.335 ikasle atzerritar matrikulatu ziren ikastetxe publikoetan eta 9.253 pribatuetan. 

Txostenak hezkuntza arloan egindako gastua 224,59 milioi eurokoa izan zela dio.

Osasuna

Osasun-gastua kalkulatzeko egileak biztanleria osoaren eta atzerritar biztanleriaren adin-tarteen egituran oinarritu dira. 2018an osasunerako aurrekontua 3.605.212.745 eurokoa izan zela kontuan hartuz, eta egindako osasun-gastua adin-tarteen arabera zatituta, EAEko administrazioak atzerriko nazionalitatea duten herritarrekin egindako gastua 157.580.191 eurokoa izan zen.

Immigrazioak zahartzea geldiarazten du

Eurostaten datuen arabera, 2018. urteko urtarrilaren 1ean, Europar Batasunean hirugarren herrialdetatik, hots, EBtik kanpo diren herrialdeetatik etorritako 22,3 milioi pertsona bizi ziren. Horrela, EBn bizi den biztanleria osoaren % 4,4k jatorri atzerritarra du.

Urte horretan bertan Citigroupek egindako ‘Migrazioa eta ekonomia. Errealitate ekonomikoak, eragin sozialak eta hautu politikoak’ txostenaren arabera, Europako hegoaldeko ekonomiak % 20-30 gutxiago haziko ziren etorkinik izan ez balira 1990. eta 2015. urteen artean.

Pasa den urtearen amaieran UGT sindikatuak aurkeztu zuen txosten batek azaltzen duenez, atzerritar jatorriko langileek gizarte-segurantzaren diru-sarreren % 9,9 ematen dute kotizazioen bidez, eta sistemako gastuaren % 0,9 bakarrik jasotzen dute pentsioen bidez.

Txosten horren arabera, pentsioa jasotzen duten atzerritar jatorriko hiritarren kopurua 27.000 baino txikiagoa da. Estatuan 9 milioi pentsiodun inguru daude. Hain pentsiodun atzerritar gutxi izateko arrazoia garbia dirudi; Estatuan bizi diren etorkin gehienak gazteak dira.

Immigrazioaren onurak ez dira soilik ekonomikoak. Etorkinei esker biztanleriak ez du behera egiten. Gaur egun immigrazioa da gizartearen zahartzea geldiarazten duen aldagai bakarra; azken urteetan, Euskadin zein Estatuan, 65 urtetik gorako biztanleria etengabe hazi da. 

Aurtengo urtarrilaren 1ean 5.235.375 etorkin bizi ziren Estatuan. Estatuko biztanleria osoa 47.329.981 zenez, atzerritar jatorriko hiritarrak % 10 baino zertxobait gehiago lirateke. Estatistika Institutu Nazionalaren arabera, Espainian izan den biztanleria hazkundea etorkinen kopuruaren hazkundeari esker eman da, bertakoen kopuruak behera egin baitu.

Euskadin 2.219.777 pertsona daude erroldatuta eta horietatik, 241.193 atzerriko herrialderen batean jaioak dira, hots, biztanleria osoaren % 10,9. 

Ikuspegiren urte honetako maiatzeko ‘Begirada’ txostenean azaltzen denez, “oro har, atzerritarrek eragin positiboa izan dute Euskadiko azken urteotako dinamika demografikoetan. 1998a eta 2020ko urtarrilaren lehena bitartean atzerrian jaiotako 219.029 pertsona iritsi dira Euskadira eta, horiei esker, bertako biztanleen galera konpentsatu ahal izan da (93.710 pertsona gutxiago). Horri esker, EAEko biztanleria 125.319 pertsonan hazi da 1998tik gaur egun arte”.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.