Saharar Herriarekin daukagun konpromisoa

Uztailaren bigarren hamabostaldian Arabako SEADen lagunekin batera UJSARIOko idazkari berriarekin bildu eta EGKk Saharar Herriarekin duen konpromisoa berretsi zuen. 

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) bake eta bizikidetzako lan-arloak hainbat urte daramatza bake positiboaren alde lanean. Gero eta aldakorragoa den gizarte honetan, aniztasunean bizikidetzaren alde sortzen ari diren erronkei modu egokian erantzuten saiatzen da. Izan ere, aniztasuna balio positiboa da eta horrela ulertu behar dugu. Beraz, gure agendaren gakoetako bi giza eskubideen errespetua eta aniztasunarekiko jarrera positiboa izan dira beti. 

Gaurkoan, EGKtik hogei urtez Saharar Herriarekin izan dugun eta daukagun elkartasuna azaltzea ezinbestekoa da. Hogei urte hauetan kontseilutik lankidetza sare desberdinak sortu eta aurrera eraman ditugu. Alegia, EGKtik hainbat alditan prestakuntza eraman izan dugu Tindoufeko errefuxiatuen kanpamentuetara. Prestakuntza horien bidez, gazteriaren kontseiluak gazteen erronkak, esperientziak eta proposamenak asoziazionismoaren bidez nola lantzen ditugun azaltzeko aukera izan dugu. 

Uztailaren bigarren hamabostaldian Arabako SEADen lagunekin batera UJSARIOko idazkari berriarekin biltzeko aukera izan genuen gure Bilboko bulegoan, eta Kontseiluak Saharar Herriarekin duen konpromisoa berretsi zuen.  Bilera horretan konpromiso eta lankidetzarako hainbat ildo ezarri genituen. Saharar herriaren eta, aldi berean, gazteen egoera erronka demokratikorik handienetako bat izanik nazioarteko komunitatearentzat. Lankidetzan ezarri dugun helburuetako bat da giza eskubideak defendatzea eta giza eskubideak defendatzeko estrategia integralak eraikitzea. Aldi berean, gazteak ahalduntzea ahalbidetuko duten hainbat ekimen babestu nahi dira.

Azken urteak ez dira errazak izan sahararrentzat, bereziki kanpamentu zein lurralde okupatuetan bizi direnentzat. Horregatik, ezinbestekotzat jo da euskal gazteen babesa eskaini eta merezi dituzten eskubideak aldarrikatzea.

Horregatik, EGKtik ezinbestekotzat jotzen dugu Euskadik Saharar herriari babes politikoa eta elkartasuna emateko duen tradizio luzea azpimarratzea, eta uste dugu beharrezkoa dela ahaleginak handitzea Mendebaldeko Saharan eta Tindufeko kanpalekuetan bizi diren pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko. Izan ere, bizi-baldintzak muturrekoak dira eta biziraupena bermatzeko kanpotik ematen diegun laguntza humanitarioa funtsezkoa da. Horregatik, garrantzitsua da guztion artean elkartasunaren eta justizia sozialaren balioak bizirik mantentzea, elkartasun horrek ahalbidetuko baitu haien bizimodua hobetzea.