EHUko ikasleriaren % 67 oinarrizko errenta baten alde dago

Ikasleen ustez oinarrizko errenta batek prekarietatea murriztuko luke, beren bizitza baldintzak hobetuko lituzke eta lan-merkatutik kanpo bestelako lanak egiteko aukera emango lieke

Euskadin oinarrizko errenta bat ezartzearen inguruan egin den GAZTEBI ikerketa egitasmoaren arabera, UPV/EHUko ikasleriaren % 67 horrelako errenta bat ezartzearen alde azaltzen da. Ikerketa horren arabera, berriz, ikasleen % 13,2 oinarrizko errenta horren aurka azaltzen da eta % 19,8k ez du iritzirik. Datuak UPV/EHUko 700 ikasleri egindako inkestetan oinarritzen dira.

Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta Unibertsala “Estatuak ordaintzen duen diru-sarrera bat da, herritar-eskubide gisa, gizarte bateko eskubide osoko kide edo egoiliar bakoitzari, kontuan hartu gabe pertsona horiek lan egiten duten ala ez edo pobreak ala aberatsak diren”. Hau da, oinarrizko errenta herritar guztiei baldintzarik gabe ordaindutako diru-esleipen publiko bat da.

Oso harrera positiboa

Ikerketaren buru eta UPV/EHUko irakasle den Ángel Elíasek azaldu duenez, gazteek oso modu positiboan hartu dute oinarrizko errenta baten ideia, besteak beste, “gaur egun dauzkagun Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta bezalako baldintzapeko sorospenekin alderatuta onura ugari dituelako”.

Zehazki, ikasleen % 78,4 ados azaldu da oinarrizko errentaren izaera indibidualarekin, % 73,8 errenta hori erreforma fiskal progresibo eta birbanatzaile baten bidez finantzatzearen alde azaldu da, eta % 69 bat dator errenta horren izaera unibertsalarekin.

Inkestan parte hartu duten ikasleen % 81ek azaldu duenez, horrelako errenta batek bere bizitza baldintzak hobetuko lituzke. Hamar gaztetatik zazpik uste dute oinarrizko errentak lan-merkatutik kanpo bestelako lanak egiteko aukera emango liekeela, adibidez, boluntario lanak. Ildo berean, ikasleen % 59k azaldu du errenta horrek aberastasunaren banaketa zuzenago bat ekarriko lukeela eta % 54ren ustez, enplegu prekarioa eta laneko abusuak ezabatzen lagunduko luke. 

Elíasek azaldu duenez, “oinarrizko errentak aukera ematen die urteetan trebatu diren gazteei beren ibilbideari balioa emateko eta lan-merkatura ateratzeko hautatzeko askatasun handiagoarekin”. Aldi berean, lan-prekarietateari eta ‘garun ihesari’ aurre egiteko. 

Zertan erabili?

Errenta hori zertan erabiliko duten galderari erantzunez, gazteen % 51k premia handiko gastuei aurre egiteko erabiliko lukeela erantzun du: etxebizitzaren alokairua, argindarra, elikadura-gastuak… % 36k, berriz, etorkizunera begira diru hori aurreztuko lukeela adierazi du eta % 29k bere formakuntzan inbertituko luke. Azkenik, beste % 29k emantzipazio-aukerei buruz hitz egiten du. 

Gazteek oinarrizko errenta beren bizi-baldintzak hobetzeko eta “bizitza libreagoa eta duinagoa”  ahalbidetzeko neurri gisa ondo baloratzen dutela adierazteaz gain, emaitzek erakusten dute “beharrezkoa” dela proposamen hori eremu publikoan eztabaidatzeko guneak irekitzea, “proposamen hori ezartzeak ekarriko lituzkeen aukerak eta erronkak sakon eztabaidatzeko”.