Guztioi gertatu izan ohi zaigu: gau itogarri eta lo urduri baten ondoren, nekea handiagoa da. Ikerketa ezberdinek agerian utzi dutenez, lo ezak bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua areagotu dezake, gogo-aldartearen nahasmenduak areagotu ditzake edo ikasteko gaitasuna murriztu dezake. Hori guztia, maila pertsonalean, sozialean eta ekonomikoan eragin ditzakeen kalteak alde batera utzi gabe.
Asko dira lo eza eragiten duten faktoreak aztertu dituzten ikerketak. Oraingoan, faktore berri bat aztertu duen ikerketa baten berri eman nahi dizuegu: klima-aldaketa. Izan ere, Kopenhageko Unibertsitateko ikertzaile talde batek ikusi ahal izan duenez, klima-aldaketaren eraginez, gero eta altuagoak diren gaueko tenperaturak direla eta gero eta beranduago oheratzen gara eta gero eta goizago esnatzen gara. Ondorioz, batez beste, gero eta ordu gutxiago egiten omen dugu lo. Aipatu ikerketa One Earth aldizkarian argitaratu da eta 2015. eta 2017. urteen artean mundu osoko 50.000 pertsonak eraman zuten eskumuturrekoen bidez jasotako datuak bildu eta aztertu ditu. Emaitzek agerian utzi dutenez, tenperaturak oso altuak ez ziren eskualdeetan ere atseden orduak galdu dira.
Gero eta okerrago
Adibidez, txostenaren arabera, kanpoko tenperatura 10 °C-tik beherakoa denean loaldiak luzeagoak omen dira. Atalase horretatik gora zazpi ordutik beherako loaldiak izateko probabilitatea igotzen da eta 25 °C-tik gora, berriz, biderkatu. Txostenak azaltzen duenez, oso tenperatura altuekin, hots, 30 °C-tik gorako tenperaturekin, batez beste, gauero, atsedenerako 15 minutu galduko lirateke.
Ikertzaileek azpimarratu dutenez, loaldiek okerrera egingo dute tenperaturek gora egiten duten neurrian. Mende honen amaierarako 13 eta 15 egun bitarteko atseden galera izan daitekeela kalkulatu dute.
Ikerlana klima-aldaketak gure egunerokotasunean duen inpaktuaren beste adibide bat da. Izan ere, klima-aldaketaren ondorioak ez dira beti modu katastrofikoan azaltzen: uholdeak, lehorteak… Ostera, gauza txikiagoetan ere islatzen dira, baina horien batuketak kalte handiagoak eragin ditzake.
Klima-aldaketak eragiten duen “loaren galera jada ematen ari den fenomeno bat da, ez dugu etorkizunera itxaron behar” azaldu du ikerlanaren buru izan den Kelton Minor-ek.