Klima-aldaketak gehiago zigortzen ditu emakumeak 

Aurtengo Emakumearen Nazioarteko Egunak, “Genero berdintasuna gaur etorkizun jasangarri baterako” lelopean, mundu osoko emakumeek eta neskek klima-aldaketa arintzeko eta bere eraginetara egokitzeko egiten duten ekarpena aintzatetsiko du.

Harreman estua dago generoaren eta klimaren artean. Klima-aldaketaren ondorioek modu neurrigabean eragiten die emakumeei. Adibidez, 2016. urtean Norvegiako Errefuxiatuen Batzordeak egin zuen txosten baten arabera, klima-aldaketaren ondorioz nahitaez desplazatzen diren pertsonen % 80 emakumeak dira.

Emakumeak dira klima-aldaketaren efektuak pairatzen dituzten lehenak, adibidez, planetako hainbat eskualdetan, gero eta distantzia luzeagoak egin behar izaten dituztenean beren familiak elikatzeko behar duten hori bilatzeko.

Ingurumenaren narriadurak ondorio larriak ditu gizaki guztiontzat, baina modu berezian eragiten die gizarteko sektore zaurgarrienei, nagusiki, emakumeei, beren osasuna ahulagoa delako haurdunaldian eta amatasun garaian. Nazio Batuen Garapenerako Programaren (UNDP) arabera, emakumeek eta haurrek gizonek baino 14 aldiz probabilitate handiagoa dute hondamendi klimatiko batean hiltzeko.

Nazio Batuen Erakundeak gogoratzen duenez, emakumeak, zaintzaile nagusiak eta elikagaien, uraren eta erregaien hornitzaile nagusiak direnez, zaurgarriagoak dira uholdeak edo lehorteak bezalako ingurumen-hondamendiak gertatzen direnean. Eta ez bakarrik landa-eremuetan. Planetako ia eskualde guztietan emakumeek gizonek baino probabilitate handiagoa dute pobrezia pairatzeko eta gaitasun sozioekonomiko txikiagoa izateko. Baita herrialde aberatsenetan ere.

Ez hori bakarrik, indarrean jarraitzen duten gizarte-arau eta kultura-arau diskriminatzaileek, hala nola, lurra, ura edo bestelako baliabideak eskuratzeko aukera desparekotasunak eta naturaren planifikazioari eta kudeaketari buruzko erabakietan emakumeen parte-hartze faltak, sarritan, emakumeek gai horren inguruan egin dezaketen ekarpenak aintzat ez hartzea ekartzen dute.

Izan ere, larrialdi klimatikoaren aurkako borrokan emakumeek egiten dituzten ekarpenak ez dira soilik landa-eremuetara edo garapen bidean diren herrialdeetara mugatzen. PricewaterhouseCoopersek (PwC) eta Women Action Sustainability (WAS) elkarteak egin duten ikerlan baten arabera, enpresa baten kudeaketan emakumeen pisua handiagoa denean enpresa horrek jasangarritasunari garrantzi handiagoa emateko joera izaten du.

Genero berdintasuna eta jasangarritasuna

Hortaz, aurtengo martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunaren gai nagusia “Genero berdintasuna gaur etorkizun jasangarri baterako” izango da. Lelo horren bidez, emakumeek eta neskek mundu osoan egiten duten ekarpena aintzatetsi nahi da. Izan ere, hainbat kasutan, emakumeak dira gizaki guztiontzat etorkizun jasangarriago bat eraikitzeko prozesuan klima-aldaketaren aurkako erantzunak gidatzen ari direnak.

Berdintasuna Nazio Batuen Erakundeak zehaztu dituen Garapen Jasangarrirako Helburuetako (GJH) bat da. Sexuari dagokionez, baina baita arraza, erlijio, nortasun, nazio edo egoera ekonomiko eta sozialari dagokionez ere. Berdintasunaren helburua, gainera, beste helburu guztiak lortu ahal izateko ezinbesteko helburua da.

Esan bezala Nazio Batuek ezarritako Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetako bat da berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea lortzea. Berdintasun hori ezinbesteko elementua da garapen inklusibo eta jasangarriaren dimentsio guztietan. Horregatik GJH guztiak 5. helburua lortzearen mende daude.

Nazio Batuak Emakumeak azaltzen duenez, emakumeak eta neskak lider eraginkorrak eta boteretsuak dira klima-aldaketa arintzen eta klima-egokitzapenak lortzen laguntzeko. Mundu osoko ekimen jasangarrietan parte hartzen dute eta beren parte-hartzeak eta lidergoak klimaren aldeko ekintza eraginkorragoa egiten dute. Horregatik, klima-aldaketarekin lotutako erabakiak hartzeko orduan emakumeek berdintasunean parte hartu behar dutela azpimarratzen du.

Zergatik zigortzen ditu gehiago emakumeak klima-aldaketak?

Klima-aldaketak lehorteak izateko arriskua biderkatzen du. Lehorteek uztak, lurzoruak eta flora eta fauna suntsi ditzakete eta, ondorioz, elikagaien eskasia areagotu. Egoera horretan, talde zaurgarrienen egoerak okerrera egiten du, hala nola, emakumeak. Izan ere, munduko pobreen artean emakumeak dira gehiengoa eta, hein handi batean, beren bizibidea baliabide naturaletan oinarritzen da.

Emakumeak eta neskak, gainera, zorigaitz partikularren eraginpean daude, hala nola indarkeria, amen heriotza-tasa, haurren ezkontza eta haurren heriotza-tasa, besteak beste.

  • Genero-indarkeria gehiago. Hainbat eskualdetan, emakumeen eta nesken ardura da ura eta erregairako egurra biltzea. Klima-aldaketaren ondorioz, gero eta distantzia luzeagoak ibili behar izaten dituzte urriak diren baliabideen bila. Klima-aldaketaren ondorioak larriak direnean eta populazioak nahitaez desplazatzera behartuak diren kasuetan (Somaliako eta Angolako lehorteetan bezala) emakumeek eta neskek genero-indarkeria kasu gehiago pairatu behar izaten dituzte errefuxiatu-kanpamentuetan. Kontuan hartu behar da klima-aldaketaren ondorioz nahitaez desplazatzen diren pertsonen % 80 emakumeak direla. 
  • Emakumezkoen salerosketa. Populazio Gaietarako Nazio Batuen Funtsak (UNFPA) aurkitu duenez, emakumezkoen salerosketa biderkatu zen Asia eta Pazifikoko eskualdea zikloi eta tifoiengatik astindua izan ondoren. Era berean, indarkeria bikotearen barruan ere biderkatu zen Afrikako Ekialdean izan ziren lehorteen ostean eta Latinoamerikan izan ziren ekaitz tropikalen ostean. Antzeko zerbait gertatu zen arabiar estatuetan muturreko fenomeno meteorologikoen ondoren.
  • Genero-indarkeria. Nazio Batuen Garapenerako Programaren (UNDP) arabera, etxeko indarkeriaren, sexu-abusuaren eta emakumeen genitalen mutilazioen kasuek ere gora egin zuten Ugandan izan diren lehorte aldi luzeen garaian. Pakistanen ere emakumeen aurkako indarkeria hazi zen uholdeen ostean eta gauza bera Bangladeshen zikloi garaien ostean. Herrialde garatuetan ere antzeko zerbait gertatzen da.
  • Haurren ezkontzek gora egin dute. Muturreko fenomeno klimatikoek bizibideak suntsitzen dituzte eta pobrezia areagotzen dute. Horren aurrean, hainbat familiak beren alaba gazteak ezkontzea erabakitzen dute, elikatzeko aho bat gutxiago izateko, ezkongaiaren truke diru kopuru bat jasotzen dutelako edo bere alabaren etorkizunerako aukerak hobetzen ari direla uste dutelako. Klima-hondamendiak izan dituzten Malawi, India, Filipinak, Laos edo Mozambike bezalako herrialdeetan gora egin dute nabarmen haurren ezkontzek.
  • Jaioberrien heriotza-tasaren igoera. Amerikako Elkarte Medikoaren Aldizkarian argitaratu den ikerketa betan jasotzen denez, berotze globalak modu negatiboan eragiten du emakumeen haurdunaldietan eta, hainbat kasutan ondorioak oso latzak dira. Haurdun ziren emakume estatubatuarrekin egindako ikerketa horren arabera, tenperatura altuak edo airearen kalitate txarra pairatu behar izaten duten emakumeek seme-alaba goiztiarrak eta pisu eskasarekin izateko probabilitate handiagoak dituzte. Horrelako baldintzetan jaioberrien heriotza-tasa ere altuagoa izaten da. Emakume beltzak eta bere seme-alabak eta asma duten pertsonak kaltetuago kaltetuago daude gainerako biztanleak baino.
  • Amen eta jaioberrien gaixotasunak. Tenperaturen igoerarekin batera, malaria edo dengea bezalako gaixotasunak zabaltzen dituzten moskitoen jarduera-denboraldiak luzatzen ari dira. Klima-aldaketak bektoreen bidez zabaltzen diren gaixotasunen zabalkundea handitu dezake, hala nola, Zika birusa. Birus horrek mikrozefalia bezalako sortzetiko akatsak eragin ditzake haurdun diren emakumeen kasuan.
  • Sexu- eta ugalketa-osasuna. Covid-19aren pandemiak agerian utzi duen bezala, larrialdiek osasun-arretaren baliabide gehienak desbideratzen dituzte mehatxu berrira eta, ondorioz, hain beharrezkotzat jotzen ez diren zerbitzuetan arreta falta agerian geratzen da. Klima-aldaketak eragindako larrialdiak gero eta ohikoagoak izango dira eta, adituek aurreratu duten moduan, testuinguru horretan, sexu- eta ugalketa-osasuneko zerbitzuak murrizten diren horien artean aurki daitezke. Klima aldaketaren ondoriozko uzten galerak ere eragina izan dezake sexu- eta ugalketa-osasunean. Elikadura-segurtasunik eza dagoenean, emakume asko prostituzioan sar daitezke bizirik irauteko, eta horrek GIB/HIESaren bidezko infekzio-tasa handiagoak eragin ditzake.