Sa Martín de Trevellu. Hori da nire aiton-amonak zirenak jaiotzen, hazitzen eta maitemintzen ikusi zituen herritxoaren izena. Cacereseko probintzian kokatzen da, Portugaletik oso gertu, Jalama bailaran. Baditu ondoan beste bi herri, Eljas eta Valverde del Fresno, eta hiruren artean Os tres lugaris osatzen dute, non hizkuntza berezia eta munduan bakarra dena hitz egiten duten: Fala. Hizkuntza honek izen desberdina hartzen du herri bakoitzean: Eljasen lagarteiru, Valverde del Fresnon valverdeiru eta San Martín de Trevejon mañegu. Hiruren arteko biztanle kopurua txikia bada ere, 4.362 biztanle 2011an, 10.000 hiztunetara igo ohi da kopurua herritik kanpora lanera emigratutako eta udaran jaioterrira itzultzen diren ene abuelo Rufino eta abuela Justa bezalako natiboengatik.
Kopuru hauek kontuan hartuta, normala iruditzen zait ikerketa baten arabera, Sa Martin de Trevellun mañegua gazteleraren dialektua dela pentsatzen dutenak soilik % 13 izatea, eta portugesaren dialektua dela diotenak % 20 izatea bakarrik. Izan ere, hizkuntza autonomoa dela pentsatzen duen biztanlegoaren kopurua % 67 da ikerketa horretan. Galdetutako biztanleen % 80ak gazteleraz hitz egiten eskolan ikasi zuen, eta etxean gaztelera erabiltzeari buruz galdetzerakoan, Eljasen % 5,6ra, San Martinen % 13,8ra eta Valverden % 20ra murrizten da galdetutakoen portzentaia. Fala hizkuntza minoritariotzat jotzen da ordea eta Jalama bailaran hizkuntza ofizial bakarra gaztelera da. Euskaldunok ere badakigu hizkuntz autonomoek estatu españolatik jasotzen duten mespretxuari buruz zertxobait, eta Españako hezkuntza ministroa den Wert jaunaren obsesioa haurrak españolizatzeko aski ezaguna da jada. Baina herria bizirik dirau hizkuntza galtzen ez den bitartean, eta Eljasen gurasoen % 100ak erabiltzen du Fala seme-alabekin aritzeko ikerketa horren arabera, Sa Martinen % 85ak, eta Valverden % 73ak.
Imajinazioa astinduz gero, parekotasunik topa genezake Os tres lugaris eta Euskal Herriaren artean, biek baitituzte berezko hizkuntzak, biak baitaude beste bi hizkuntza handiren artean, eta mendizaleen zorionerako, Txindoki edota Aizkorriren tamainako Jalama mendi tontorra dagoelako han. Beharbada horregatik atsegin genuen udaran “al pueblo” joaten ginenean oporretan abuelo eta abuelarekin batera, eta bai polita izen horrekin deitzea aberri txiki hari. “O lugar” deitzen zioten beraiek, modu natural batez tinko mantenduz hizkuntzarik gabe herririk ez dagoenaren ideiari.
Abuelo Rufinok, errepublikarra baino, bera gorria zela esan ohi zuen, eta nik ere hala ikusten nuen Euskal Herrira emigratu eta bertako langileen borrokarekin eta euskal militantziarekin bat egin zuela jakin nuenean. Ez nien sekula aiton-amonei galdetu beren aberriari buruz, baina ez nien sekula españolak zirela esaten entzun. Abuelori abertzaletasuna berez jaiotzen zitzaion modu natural batez etxean abuelarekin mañeguz aritzen zenean, gaitasun hori ez baitzioten sekula kendu frankistek emandako kolpeek, eta etxean abuelarekin beti bere aberri txikiaren hizkuntzan aritzeko ohiturari eutsi zion. Beharbada horregatik ulertu zuen Euskal Herrira emigratzerakoan bere ondorengoek euskaraz ikasi eta aritzea. Beharbada horregatik kontatzen zien harro bere lagunei, ni, bere biloba, euskara irakaslea nintzela. Zeinen handia zinen abuelo!
Ezagutzen dugunontzako zoragarria da Sa Martinen egun batzuk pasatzea, eta ezagutzen ez duenarentzat benetan gomendagarria. Miresgarria haur txikiak mañeguz hitz egiten entzutea plazatxoan jolasten direnean, gizon eta emakumeak tabernetan kartetan jokatzen dutenean bezala. Maitagarria da sentitzea biztanle kopurua eta lurraldearen tamainatik haratago doala hizkuntza baten garrantzia. Horregatik egingo dut beti munduko hizkuntza zanpatuekin bat eta horregatik eutsiko diot euskaraz bizitzeari, abuelo Rufinok bezala, nik ere badakidalako hizkuntza bat ez dela galtzen ez dakienak ikasten ez duelako, dakienak hitz egiteari uzten diolako baizik.
Gotzon Sanchez