Adinekoen aldeko soluzioak bilatzeko Hackathon-a

Euskadin erreferente diren Kaiku eta Sener enpresek beren erronkak proposatuko dituzte, parte-hartzaileek eta adituek erakundearen beharretarako proposamenak aurkez ditzaten.

Nagusi Intelligence Center (NIC), Mondragon Unibertsitatea eta Bizkaia Talent erakundeek Bizkaiko ekintzailetzaren eta zilarrezko ekonomiaren inguruko hackathon-a antolatu dute datorren ekainaren 9rako eta 10erako Urdulizen.

Topaketan parte hartzen duten ikasleek, profesionalek, ekintzaileek eta silver kolektiboko pertsonek adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko helburua dituzten irtenbide berritzaileak aurkezteko aukera izango dute, hala nola, elikadura eta ongizatea, teknologia eta mugikortasun inklusiboarekin harremana duten arloetako irtenbideak.

Gainera, Kaiku eta Sener enpresek, parte-hartzaileei zenbait erronka proposatuko dizkiete. Erronka horien aurrean parte-hartzaileek, elkarlanean, irtenbideak bilatu beharko dituzte askotariko diziplina taldeetan elkartuta. Taldeen proposamenak erakundeen beharrekin bat etor daitezen, mentoring lana egingo dute ekintzailetzan adituak diren pertsonek, profesionalek eta silver kolektiboko erabiltzaileek.

Parte-hartzaileei ‘prestakuntza-pilulak’ eskainiko zaizkie, sorkuntza-prozesuan erabilgarriak izan daitezen tresnak eskura ditzaten. Sorkuntza sustatzea eta lanbide eraginkorra izateko jarraibideak eskaintzea dira prestakuntza-ekintza horren helburuak. Halaber, formatuari eta proiektua abiatzeko denborari buruzko azalpenez gain, talde bakoitzak pitch formatuan egingo duen aurkezpenak bete beharko dituen irizpideak azalduko zaie partaideei. Beste aldetik, ekitaldian zilarrezko ekonomia zer den aipatuko dute, eta, besteak beste, sektoreak Euskadin duen negozio-bolumena eta garapen profesionalerako eskaintzen dituen aukerak zehaztuko dituzte.

Hackathon ekitaldia sari-banaketarekin amaituko da. Ebaluazio Batzordearen erabakiaren arabera, 4.000 euroraino banatuko dira saritan.

Gizartearen etorkizuna

Bizi-itxaropena gero eta handiago da, eta jaiotza-tasa, ostera, gero eta txikiagoa. Horrek demografia-aldaketa eta biztanleriaren zahartzea eragiten du. Gainera, egungo gizartearentzat erronka handia dakar, eta zilarrezko ekonomiarekin lotutako negozio-aukera berriak ere. Hortaz, hainbat diziplinatako profesionalentzat enplegu eta negozio-aukera berrietan bilakatu daitezke. Mondragon Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, bizitzako etapa horretan dauden pertsonen beharrei erantzuna emateko, indarrak batu zituzten Silver Economy taldeko profesionalak prestatzeko Nagusi Intelligence Centre ekimenaren bidez.

Zilarrezko ekonomia

Silver economy edo ‘zilarrezko ekonomia’ pertsona nagusiekin edo adineko pertsonekin lotutako ekonomia da eta pertsona horien behar eta eskaera espezifikoak asetzeko behar diren negozio, produktu eta zerbitzuak biltzen ditu. Ekonomia mota hori gero eta garrantzitsuagoa da adin-talde horrek biztanleria osoan duen gero eta pisu handiagoagatik.

Izan ere, pertsona nagusiek finantza-egonkortasun eta erosteko ahalmen handiagoa izaten dute. Ondorioz, berariaz talde horri bideratutako hainbat industria eta sektore garatu dira, laguntza mediko espezializatua, zainketa pertsonalerako produktuak, etxebizitza egokituak, osasunerako teknologia, hirugarren adinekoentzako turismoa, finantza- eta lege-aholkularitza, besteak beste.