Noemi Peña eta Patricia Draghici: “Ekintzailetzan ikasten duzuna ez duzu beste inon ikasten”

Urriaren lehena eta zazpia bitartean ospatuko den Biscay Bay Startup Campus (BBSC) izeneko jarduera antolatu duzue. Zertan datza eta zeintzuk dira topaketa horren helburu nagusiak?

Noemi Peña: Bai, hala da. BBSCren helburu nagusia gure ingurunean diren ekintzaileentzako topagune bat sortzea da. Izan ere, ekintzailetza-esparruan bada halako nahaste-borraste bat eta hainbat erakunde aritzen dira lan hori jorratzen: unibertsitateak, erakunde publikoak, Lanbide Heziketa… Zoritxarrez, ez dago horiek guztiak uztartzen dituen erakunderik eta, ondorioz, ekintzaileen topaketa hau antolatzea bururatu zitzaigun ekintzaileek elkarren berri izan dezaten.

Patricia Draghici: BBSCrekin gazteen artean, eta bereziki, emakume gazteen artean, ekintzailetza sustatu nahi dugu. Ekiteko bokazioa bada, baina ez da gauza erraza. Horregatik, gure asmoa ekintzailetzarekiko irrika duten pertsona horiei guztiei laguntza eskaintzea da.

BBSCren lehenengo edizioa da eta emakume ekintzaileak topaketaren ardatz izango dira. Maskulinizatuegia dagoen esparrua al da ekintzailetzarena?

N.P: Zoritxarrez, ekintzaileen inguruan pentsatzen dugunean beti gizon baten irudia etortzen zaigu burura; erreferente femenino baten falta dago. Ondo diozun bezala, sektorea maskulinizatuegia dago, bereziki, sektore teknologikoetan. Emakumeok arriskua ez dugula gustuko esaten ohi da eta horrek eragin zuzena du finantzaketa lortu nahi denean. Hainbat azterlanak azaltzen dutenez, emakumeak eraginkorragoak gara eta emaitza hobeak lortzen ditugu, baina hori ez da errealitatean islatzen eta, gizonezkoekin alderatuta, gutxi dira lidergo postuetara iristen diren emakumeak. Finantzaketa dela eta, emakumeren bat buruan duten startupek finantzaketa gutxiago lortzen dute eta hori ez da zuzena.

P.D: Arreta berezia eskaini nahi izan diegu emakumeei eta programazioan bada protagonismo berezia izango duten egun bat. Gure artean izango dira, adibidez, Antonella Broglia, Lupina Iturriaga, Fabia Silva edo Zaloa Urrutikoetxea. Guztiak dira ekintzaile esanguratsuak eta emakumeontzat erreferente izan daitezke. Emakume ekintzaile arrakastatsuak badira eta horien berri eman nahi dugu. Horiek arrakasta lortu badute, ikasten ari direnek ere aukera izan dezakete.

Campusaren antolaketan lau erakundek hartu duzue parte: UPV/EHU, Zitek, Walden eta Bilbao Valley. Ekintzailetzaren inguruko ekitaldia izanik, lankidetza ezinbestekoa da…

P.D: Ekintzailetzan sartzen zarenean argi izan behar duzu lankidetza ezinbesteko kontua dela. Normalean, ideia on bat garatzeko beste pertsonen laguntza behar da. Gure artean esaten ohi dugun moduan, “zerbait handia nahi baduzu, bakarrik ezinezkoa da”.

N.P: UPV/EHUren eta Ziteken kasuan, campus honen bidez gizarteari balio erantsi bat eman ahal dioten ideiak sustatu nahi ditugu. Gure xedea ez da ohiko enpresen sorrera sustatzea, horretarako badira beste erakunde batzuk. Gure kasuan, prestakuntza eta jakintza-maila altua duten ikasleak direnez, taldeak sortzea dugu helburu, ekintzaileen sareak. Zentzu horretan, ekintzailetza kultura bat sustatu nahi dugu, jendea ekitera eta porrotaren ideia alde batera uztera animatu.

Ekintzaileen ekosistema aipatu duzue. Nolakoa litzateke euskal ekintzailetzaren egoera, adibidez beste eskualdeekin alderatuta?

P.D: Euskadin baliabide asko bideratu dira ekintzailetza sustatzeko. Garbi dago oraindik ez gaudela Berlin edo Londres bezalako hiri handien maila berean, baina epe motzean edo ertainean, garbi dago lurralde guztiz ekintzailea izango garela.

N.P: Erakunde publikoetan apustu garbia egin da ekintzailetzaren, berrikuntzaren eta sormenaren alde. UPV/EHUri dagokionez, ideia berritzaile bat duten ikasleei zerbitzu bat eskaintzen diegu, gure kasuan, Bizkaiko campusean, Zitek bidez. Bertan, ideiak jaso eta negozio-plan bat garatzen laguntzen zaie ekintzaileei. Etorkizuna izan dezaketen ideien kasuan, gainera, finantzaketa lortzen ere laguntzen zaie, bai erakunde publikoen bidez bai inbertsore pribatuen bidez.

Errepasa dezagun prestatu duzuen programazioa. Lehen begirada bat emanez, agerian geratzen da gaian aditua ez den norbaitentzat halako terminologia berezia: startup, speed networking, speed mentoring, elevator pitch… Horien berri eman ahal diguzue?

P.D: Ekintzailetzarena nagusiki ingelesa ama-hizkuntza duten herrialdetan garatu da eta, ondorioz, anglizismo pila aurkitzen dira sektore honetan nagusi den terminologian. Adibidez, Startup bat enpresa berritzaile bat litzateke, oso bizkorra eta epe motzean bere negozio-eredua hainbat lekutan eta testuingurutan errepika daitekeena. Campusari dagokionez, astebeteko programazioa prestatu dugu eta bertan hainbat jarduera garatuko dira. Horietako bat, adibidez, zuk aipatzen duzun speed networking dugu. Funtsean, speed dating formatua jarraitzen da, baina kasu horretan, amodio harremana lortu beharrean, ekintzaileen arteko harreman bat ezartzeko izango litzateke. Ostegunean, urriak 4, egun potoloena izango litzateke eta ideia berritzaileen lehiaketan zentratuko da. BBSC Awards delako horretan, early stage edo lehen urratsak ematen diren ideiek parte har dezakete. Guztira hiru sari banatuko dira, 10.000, 5.000 eta 2.500 eurokoak hiru ideia onenentzat, hurrenez hurrez. Gainera, aholkularitza eta euren proiektua garatu ahal izateko bulego bat erabiltzeko aukera ere irabaziko dute.

Patricia, zu zeu ekintzailea zara. Nolakoa izan da zure esperientzia?

P.D: Nire kasuan, kasualitatez izan zen. Nik publizitate ikasketak burutu ditut eta nire fakultatean ikaskide batzuk enpresa junior bat sortzeko erabakia hartu zuten. Urtebete eman nuen haiekin eta ondoren egitasmo propio bat garatzen hasi nintzen. Pertsonalki, unibertsitatean ikasketak burutzen ari zaren bitartean ekintzailetza egin ahal duzun gauzarik onena dela uste dut. Bezeroekin harremanak izaten, zure kabuz lan egiten… hori guztia egiten ikasten duzu eta gainera, oso ingurune seguruan. Nire esperientzian oinarrituta ikusi dudanez, ekintzailetza ekosisteman sartzen diren ikasleek gero ez dute bertatik atera nahi.

Zure ideia garatzearen prozesu horretan, seguruenik, momentu onak eta momentu txarrak pasatu dituzu. Zein da zure bizipen horietatik guztietatik gauzarik onena? Eta okerrena?

Ekiten ikasten duzuna ez duzu beste inon ikasten. Zalantzarik gabe, hori litzateke gauzarik onena. Ekiten duzunean dena da esperimentazioa; akatsak egiten ikasten duzu eta horrek, etorkizunera begira balio handia du. Ekitea arrisku bat da, baina gauzak ondo ateratzen direnean lortzen den asetze-maila izugarria da. Alderik txarrena, berriz, ziurgabetasuna litzateke. Ideia bat garatzen hasten zenean badakizu non hasten duzun, baina ez non edo nola amaituko duzun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.