Aitor Marcos: “Produktuen karbono-tasa erakusteak erosketa sustatzen du”

UPV/EHUko ikertzaileak, egiaztatu du produktuen prezioan karbono-tasa erakusteak eta karbonoaren gaineko zerga ordaintzen direla jakiteak, kontsumitzaileen lizentzia morala aktibatzen duela eta kontsumitzeko joerak gora egiten duela.

Karbonoaren gaineko zergek kontsumoan duten eraginari buruzko azterketa egin duzu. Zertan dautza zerga horiek eta zein herrialdetan aplikatzen dira?

Gure ikerketan karbono dioxidoaren gaineko zerga aztertu dugu. Lehenik eta behin esan behar da zerga horren helburu nagusia berotegi-efektuko gasak murriztea dela. Horretarako, zerga horrek produktu eta zerbitzu kutsatzaileen ekoizpen-kostuak handitzen ditu. Pizgarri ekonomiko bat da, produktu bakoitzak kutsatzen duenaren arabera jartzen dena.

Gaur egun, karbono-tasa hori Kanadako zenbait estatutan aplikatzen da, baita Argentinan, Uruguain, Mexikon eta Erresuma Batuan ere. Mundu osoko hainbat herrialdetan aplikatzen da. Europar Batasunean, aldiz, ez dago formalki ezarrita, baina karbono dioxidoaren gaineko zerga zeharka aplikatzen da.

Kontua da sarritan tasa hori ez dela gardentasun handiz ikusten. Izan  ere, bere inpaktua azken prezioan ezkutatu ohi da. Azkenaldian, herrialde askotan, karbono dioxidoaren gaineko zerga hori oso polemikoa izan da, eta jendeak, normala denez, gardentasuna eskatu dio dagokion gobernuari politika hori aplikatzeko orduan. Gardentasunarena gai garrantzitsua da. Ikusi ahal izan dugunez, hainbat herrialdetako herritarrek gardentasuna eskatzen dute, baina gardentasun horrek, kasu honetan, eta paradoxikoki, kontrako efektua eragiten du.

Izan ere, jendea kontziente bada euren kutsaduragatik ordaintzen duela, lizentzia morala deitzen den efektu bat sortzen da, eta horren ondorioz, kontsumitzaileek ez dituzte euren kontsumo-ohiturak aldatzen. Zerga onargarria izateko gardena izan behar da, baina gardentasun horrek, lizentzia morala ekartzen du. 

Hau da, bezeroak ikusten badu horregatik ordaintzen duela, ez zaio axola bere produktua kutsagarriagoa izatea?

Bai. Ez da bakarrik kontsumitzaileari ez zaiola axola. Gertatzen dena da kontsumitzaileek ez direla errudun sentitzen. Azken finean, lizentzia morala ez da guk asmatu dugun zerbait; oso fenomeno arrunta da psikologian. Guk ekonomiara ekarri dugu eta, ikusi ahal izan dugunez, lizentzia moral horrek norberak bere buruarekin ongi sentitzeko duen konpentsazio-mekanismo gisa funtzionatzen du. Horrela, norberak pentsatzen du: “iraganean egin ditudan ekintza onak etorkizunean egingo ditudan ekintza txarrak konpentsatuko edo justifikatuko ditu”. 

Azterlan honen kasuan, gure hipotesia zen lizentzia morala kontsumitzaileengan agertzen dela, kontsumitzaileak ikusten duelako produktu horren karbono-isuriengatik zerga bat ordaintzen duela. Hortaz, kontsumitzaileak pentsatzen du, “zerga bat ordaintzen dudanez, kutsatzeko eskubidea dut, eta lasai egon naiteke, ez bainaiz errudun sentituko, nik horren kostua ordaindu dudalako”. Eta hori ez da zergaren hasierako helburua. Zergaren helburua ez da jendeak bere kontsumo-ohiturekin kontzientzia lasaiagoarekin jarraitzea, baizik eta kontsumo-maila oso altuek behera egitea.

Lizentzia morala pertsona guztiei aplikatzen zaie?

Nik galdera berdina egin nion neure buruari tesia hasi nuenean. Hasieran hori ezinezkoa izango zela pentsatzen nuen, azken finean, pertsonok askotarikoak gara, heterogeneoak. Baina oso efektu paradoxiko bat aurkitu genuen esperimentuetan eta pentsatu genuenaren guztiz kontrakoa gertatu da. Ikusi ahal izan dugunez, Estatu Batuetan egindako ikerketa horretan, lizentzia moral handiena azaldu duten pertsonak alderdi demokratatik hurbilen dauden pertsonak eta krisi-klimatikoaren inguruan ardura gehien duten pertsonak izan dira. Paradoxikoa da zerga horien alde dauden pertsonak direla gero kontsumo-ohiturak gutxien aldatzen dituztenak. 

Estatu Batuetan, normalean, demokratak dira krisi-klimatikoaz gehien arduratzen direnak eta horrelako zergen alde daudenak. Zerga horiek bultzatzen dituzte eta alderdi positibo guztiak aipatzen dituzte hedabideetan. Haientzat zerga oso garrantzitsua da, baina gero guztiz kontrakoa egiten dute. Azaldu dudan moduan, zergaren xedea da ekoizpen-prozesuan eragindako kutsadura ekiditea eta hori ez da lortzen, ustez zergaren alde dagoen jendea ez omen dagoelako bere kontsumo-ohiturak aldatzeko prest.

Nork erabakitzen du karbonoaren gaineko zerga etiketan agertzen den ala ez? Eta zer da, zehazki, etiketan agertzen dena?

Karbonoaren kostu soziala zenbatekoa den kalkulatzen da, hau da, karbono dioxidoaren kilogramo bakoitzak naturari zenbateko kaltea eragiten dion eta zenbat ordaindu beharko litzatekeen naturan eragindako kalte hori lehengoratzeko. Behin kalkulu hori eginda, CO2 kilogramo bakoitzari eragindako kaltearen araberako prezio bat esleitzen zaio. Willian Nordhaus ikertzaile estatubatuarrak karbonoaren kostu sozialaren kontzeptua hazkunde ekonomikoaren kalkuluetan integratzea proposatu zuen eta, horri esker, Ekonomiako Nobel saria irabazi zuen 2018an.

“Paradoxikoa da zerga horien alde dauden pertsonak direla gero kontsumo-ohiturak gutxien aldatzen dituztenak”

Gaur egun, ideia hori kritika bat baino gehiago jasotzen ari da. Askorentzat oso friboloa da natura merkatuaren terminoetan ulertzea. Egin den kaltea modu monetarioan azter daiteke, baina ezin da dena merkatura ekarri, merkatuko logika oso suntsitzailea izan baitaiteke. 

Beraz, karbonoaren kostu soziala kalkulatzen da eta, ondoren, politikariek, normalean estatu mailan, erabakitzen dute zerga hori nola aplikatu. Karbonoaren gaineko tasa zuzenean edo zeharka ezar daiteke. Ohikoena da zeharka aplikatzea, horrela jendea gutxiago kexatzen baita, ez duelako tasa horren ordainketaren berri.

Behin karbono-tasa aukeratuta, beste bi aukera daude: tasa hori balio-katearen goialdean jartzea, hau da, produkzio prozesuaren hasieran (materialak eta energia erosten direnean), edo kontsumo-katearen amaieran (kontsumitzaileak produktua erosten duenean). Orain arte, ohikoena izan da produkzio-katearen hasieran jartzea, baina azaldu ditudan gardentasun arazoengatik, azken prezioan jartzeko joera nagusitzen ari da. Erabaki hori, berez, politikariek hartzen dute. Eta horrela geratuko litzateke karbonoaren gaineko tasa etiketan, hau da, zenbat ordaintzen den produktuagatik eta, gero, kostu horrez gain, beste kostu gehigarri bat karbonoagatik.

“Azterlanean ikusi ahal izan dugunez kontsumitzaileek produktu kutsagarriak erosten jarraituko dute, nolabait, zerga hori ordaintzeak kutsatzeko lizentzia morala ematen diela uste dutelako”

Azterlanean bi talde osatu genituen eta talde bakoitzari produktu-sorta bera erakutsi genion, baldintza  eta eszenario berdinean. Baina talde bati karbonoaren gaineko zerga etiketan erakusten zuten produktuak erakutsi genizkion, eta besteari, berriz, zerga ezkutuan zuten produktuak.

Eta hemen ikusi dugu azterlanak eman duen paradoxa nagusia. Izan ere, eta pentsatzen genuenaren kontra, zergaren berri zuten erosleek beste taldeko erosleek baino erosteko joera handiagoa azaldu dute. Nolabait karbonoaren gaineko zerga ordaintzen dutela jakiteak kontsumitzaileen lizentzia morala aktibatzen du eta produktu horien eskaria handitzen da. Zergak modu positiboan ordaintzen direnez, kontsumitzaileek moralki justifika dezakete produktu kutsatzaile horren erosketa. Hau da, kontsumitzaileek produktu kutsagarriak erosten jarraituko dute, zerga hori ordaintzeak kutsatzeko lizentzia morala ematen diela uste baitute.

Euskal Herrian ba al da erosten ari garen produktuaren ekoizpenak zenbat kutsatu duen jakiteko aukerarik?

Hemen ez daukagu karbono-tasaren eredurik, baina aurten ezarri da plastikoen gaineko tasa Espainian eta hori erosten ditugun produktuetan karbono-tasa neurtzeko erabiltzen den prozesuaren baliokidea izan daiteke. 

Zerga hori Euskadin izango bagenu, eta guk karbonoagatik zenbat ordaindu dugun jakinda, kalkulu matematikoak egin beharko lirateke. Posible izango litzateke, ez dakit norainoko fidagarritasuna izan dezakeen kalkulu horrek, baina berez hori da ideia, norberak ikustea zenbat ordaindu duen eta erosten dituen produktuek zelako kostu soziala eragin duten. Azkenean, kostu sozial horren atzean bizi-kalitatea dago.