Gutxi dira 30 urte baino lehen emantzipatzea erabakitzen duten euskal gazteak. Adin horretatik aurrera ere zaila dute gurasoen etxetik joatea enplegu egonkorra eta gero eta eskuraezinagoa den higiezinen merkatuko gastuei aurre egiteko soldata nahikoa ez badituzte.
Kontua da euskal gazteriaren gehiengoak emantzipatzeko ohiko moduarekin egiten duela amets: etxebizitza jabegoan eta bikotekidearekin. Oro har, alokairuan bizi diren gazteak dira hainbat urtez hipoteka bati aurre egiteko baliabide edo egonkortasun ekonomiko gutxien dutenak.
Hori da, hain zuzen ere, “Gazteak, emantzipazioa eta etxebizitza-premia Euskadin” txostenak EAEn emantzipatuta bizi den gazteriaren inguruan jasotzen dituen ondorio nagusiak. Gazteen Euskal Behatokiak argitaratuta, txostena 2021eko Etxebizitza Beharrei eta Eskaerari buruzko Inkestaren emaitzetan oinarritzen da.
Datu horien arabera, 2021. urtean, emantzipatuta bizi ziren 18 eta 34 urte bitarteko euskal gazteen kopurua % 35ekoa baino ez zen. Datu horrek bat egiten du aurreko urteetan erregistratutako datuekin. Horrela, 2015ean emantzipatuta bizi ziren 35 urtetik beherako gazteen kopurua % 37,0 zen; 2017an % 35,6; eta, 2019an, % 36,0.
Txostenak agerian uzten duenez, euskal gazteek bere kontura bizitzera joateko 30 urte bete arte itxaroten dute. Emantzipatuta bizi diren 25 urtetik beherako gazteak % 8,8 baino ez dira. 25 eta 29 urte bitartekoen artean emantzipazio-tasak nabarmen egiten du gora (% 36,4) eta 30-34 arteko gazteen artean jada gehiengoa dira emantzipatuta bizi direnak, % 67,5, hain zuzen ere.
Emantzipazioaren kasuan, altuagoa da bere kabuz bizi diren 18-34 urte bitarteko emakumeen kopurua gizonena baino, % 38,7 eta % 31,4, hurrenez hurren. Atzerritar jatorria duten gazteek, espainiar nazionalitatea duten horiekin alderatuta, emantzipatzeko joera handiagoa dute (% 60,3 eta % 29,4, hurrenez hurren).
Bikotekidearekin
Euskal gazteak, nagusiki, bere bikotekidearekin batera emantzipatzen dira. 2021eko datuen arabera, emantzipatuta zeuden 35 urtetik beherako hamar gaztetik sei bere bikotekidearekin bizi ziren (% 61,6). % 16,8 senide batekin bizi da; % 14,4 bakarrik; eta, % 7,2 lagunekin. Emantzipatzeko modua nabarmen aldatzen da sexuaren eta adinaren arabera. Adibidez, emakumeek bikotekidearekin edo lagunekin emantzipatzeko joera handiagoa azaltzen dute. Adinak gora egin ahala, bikotekidearekin emantzipatzen diren gazteen kopuruak ere gora egiten du eta, aldi berean, behera egiten du senideren batekin edo lagunekin emantzipatzen diren horien kopuruak. Atzerritar jatorriko gazteen kasuan, ohikoagoa da lagunekin edo senideren batekin emantzipatzea.
Diru-sarrera egonkorrak izatea emantzipatzeko faktore erabakigarria da. Horrela bikotekidearekin bizi diren gazte emantzipatu gehienek enplegu bat dute.
Jabegoan ala alokairuan?
18 eta 34 urte bitarteko gazte emantzipatuen erdia (% 51,6) berea edo bere pisukidearena den etxe batean bizi da. Etxe propioan bizi diren gazteen gehiengoa (% 34) etxea ordaintzen ari da. Etxea guztiz ordainduta duten gazteen kopurua % 15,3koa da eta % 2,3k utzita edo oinordetzan jaso du. Emantzipatuta bizi diren gazteen % 41,1 alokairuan dago eta % 6,3 erabilerarako utzitako pisuetan bizi da.
Emakume gazteek gizon gazteek baino joera handiagoa dute jabegoan duten etxebizitza batean emantzipatzeko (% 55,1 eta % 47,5, hurrenez hurren). Ildo berean, eta gizon gazteekin alderatuta, gutxiago dira alokairuan bizi diren emakumeak (% 39,3 eta % 45,4, hurrenez hurren).
Adina ere faktore erabakigarria da jabegoan edo alokairuan emantzipatzeko orduan. Adibidez, alokairua da aukera nagusia da 30 urtetik beherako gazteen artean (% 49,5 alokairuan eta % 44,5 jabegoan). 30-34 urte bitartekoen artean, berriz, gehiengoak jabegoaren alde egiten du (% 56,3).
Alokairuan bizi diren gazte emantzipatu gehienak Bizkaian biltzen dira. Herrialde horretan gehiago dira alokairuan bizi diren gazte emantzipatuak jabegoan bizi direnak baino (% 48,1 eta % 47,2, hurrenez hurren). Ostera, Araban eta Gipuzkoan, gazte emantzipatuen erdiak baino gehiagok jabegoaren alde egin dute (% 54,1 eta % 56,9, hurrenez hurren).
Atzerriko herritartasuna duten gazte emantzipatuen artean ere alokairua da aukera nagusia (% 78). Alde handia dago aukera horren alde egin duten espainiar herritartasuna duten gazteekin alderatuta (% 25,9). Txostenak jaso duenez, atzerritar nazionalitateko gazte bakar batek ere ez du jaso etxebizitza herentzian, dohaintzan edo utzita.
Alokairua, nahi ez den aukera
Alokairua ez da euskal gazteek gustukoen duten aukera. Alokairuan bizi diren gazte gehienek (% 78,1) adierazten dute alokairuan bizi direla ez dutelako diru-sarrera nahikorik edo egonkorrik etxebizitza bat jabegoan erosteko. Gainera, beste % 10,7k dio erosi ahal izan arte aldi baterako irtenbidea dela.
Etxebizitza jabegoan eskuratu ahal izateko diru-sarrera nahikorik edo egonkorrik ez duten horien kopurua handitu egin da 2019tik 2021era bitartean (alokairuan emantzipatutako pertsonen % 65,4 2019an, eta % 78,1 2021ean).
Oro har, alokairuan bizitzearekin den asebetetze-maila ez da oso altua; izan ere, gehiago dira alokairuan bizita asebetetze-maila baxua dutela diotenak (% 54,9) asebetetze-maila altua dutela esaten dutenak baino (% 45,29). Alokairuan bizitzearen inguruko asebetetze-mailak behera egin du aurreko urteekin alderatuta. Adibidez, 2015ean alokairuan ziren gazte emantzipatuen % 79,1ek nahiko edo oso pozik azaltzen zen bere egoerarekin. Alokairuan bizitzearen inguruko asebetetzeak nabarmen egin du behera azken urteetan. Hori, nolabait, logikoa da azken urteetan alokairuen prezioek nabarmen egin baitute gora.
Horrela, historikoki baliabide gutxien dituzten horientzat aukera nagusia izan den alokairua 2021ean hipoteka-kreditu bat ordaintzea baino garestiagoa zen. Etorkizunera begira, ez dago garbi horrela izaten jarraituko duen, ikusteko baitago datozen urteetan zer bilakaera izango duten alokairu-errentek eta kredituen interes-tasek.
Hileko gastuak
Alokairuan bizi diren gazteek 2021ean hilero, batez beste, ordaindu behar izan zuten errenta 641 eurokoa izan zen. Kopuru hori aurreko urtekoa baino handiagoa da, baina etxebizitza libreen alokairuen batez besteko errenta baino baxuagoa izaten jarraitzen du (710 euro).
Edozein kasutan, gazteek hilero batez beste ordaindu behar duten errenta hipoteka-kreditu baten batez besteko kuota baino 125 euro altuagoa da (515 euro).
Etxebizitzako hileko gastuaren bilakaerak alokairuko errenten igoera erakusten du, baina hipoteka-kreditu bat ordaintzen dutenen artean ez da halako igoerarik gertatu. Hortaz, alokairuan bizi diren gazteek esfortzu ekonomiko handiagoa egin behar dute etxebizitzaren hileko gastuei aurre egiteko. Hori, nagusiki, bi arrazoirengatik gertatzen da. Alde batetik, alokairuan bizi diren horien diru-sarrerak, batez beste, etxebizitza bat jabegoan duten horienak baino baxuagoak dira. Bestalde, alokairu-errenten batez besteko gastuak hipoteka-kuotena baino altuagoak dira.
Hipoteka ordaintzen dutenen hileko diru-sarrera garbiak 2.962,22 eurokoak dira; alokairuan bizi direnen artean, berriz, etxeko hileko diru-sarrera garbiak 1.890,16 eurokoak dira (1.000 eurotik gorako batez besteko aldea).
Etxebizitzaren ezaugarriak
Emantzipatutako gazteen etxebizitzak batez ere bigarren eskuko etxebizitzak dira, 80 metro koadroko batez besteko tamainarekin. Horietatik, gehienek igogailua dute, baina erdiak baino gutxiagok dute trastelekua eta heren baten bakarrik du garajea. Erositako etxebizitzen kasuan, oro har, ezaugarriak hobeak dira.
Emantzipatuta bizi diren gazteriaren gehiengoa pozik dago bere etxebizitzarekin. % 44,9k asebetetze-maila altua duela dio eta % 35,1ek nahiko altua. Txanponaren beste aldean, bere etxebizitzarekin asebetetze-maila baxua duten gazteen kopurua % 19,9koa da.
Auzoetan dituzten arazo nagusien artean gazteek, nagusiki, honako hauek aipatzen dituzte: aparkalekuen falta (% 41,2), zarata (% 27,4), zerbitzu gutxi (saltokiak, bankuak, % 15,4), delinkuentzia-arazoak edo segurtasun falta (% 14,0), kaleen mantentze-falta (% 13,2) eta kutsadura eta/edo usain txarrak (% 13,1).
Bitxia bada ere, auzoarekiko edo inguruarekiko gogobetetasuna etxebizitzarekiko adierazitakoa baino handiagoa da. Emantzipatutako gazteen % 53,5ek gogobetetze-maila altua du, eta beste % 32,3k, berriz, nahiko altua.