Martxan da ‘Arnasetik’ bideosormen lehiaketaren bigarren edizioa

10-16 urte bitarteko gazteek, sormena baliatuz, istorio ezberdinak kontatu beharko dituzte, euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta piztuz

UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bultzatutako ‘Arnasetik’ bideosormen lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du Arnasa Gara ekimenak. Lehiaketa euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta bere helburua euskararekin zerikusia duten istorioak kontatzea izango da.

Lehiaketaren helburua da, halaber, arnasguneetako gazteen hizkuntza-ohiturei buruzko gogoeta eginaraztea. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean sustatutako proiektua da. Bere xedea da euskararen arnasguneen garrantzia zabaltzea, euskara eta bere herriaren biziberritzeari egiten dion ekarpena azpimarratuz.

Lehiaketan parte hartzen duten gazteek banaka edo taldeka, lagunartean edo ikaskideekin batera egin ahal izango dituzte beren lanak. Lanak aurkezteko epea urriaren 1ean hasi eta 24ra arte luzatuko da.

Adinaren araberako kategoriak

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek beraien herriak nolakoak diren azaldu beharko dute, bertan zer egin daitekeen eta, euskara maila hobetzeko zergatik diren egokiak azaldu beharko dute. Euskara ikasi nahi duen norbaitentzat zergatik den egokia herri hori, alegia. Promozio bideo baten bidez edo formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti…) aurkeztu ahal izango dira lanak.

DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei dagokienez, beraien herrietako esamolde berezienak hartu eta horien esanahia azaldu beharko dute umorezko bideo baten bidez. Arnasguneetan entzun daitezkeen euskalkiei balioa emateko ariketa da hau, euskararen aniztasuna agerian utziz.

Azkenik, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek modu sortzailean bideo bat sortu beharko dute, euskal kultura, musika eta ekimenak balioan jarriz.

Kategoria bakoitzak 500 euroko balioa duen sari bat izango du, eta publikoaren saria ere banatuko da, guztira 2.000 euro banatuz. 500 euroko balioa duen sari bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITBren Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da.

Azaroaren 22an sari banaketa egingo da Zarauzko Modelo aretoan. Horrela, gazteek egingo dituzten sormen lanak urriaren 24a baino lehen jaso beharko dira.

Lehiaketaren oinarri guztiak webgunean daude eskuragarri.