Euskal Autonomia Erkidegoan garraio publikoa erabiltzen duten herritarrek tresna berri bat izango dute ibilbideak denbora errealean bilatzeko. Tresna hori Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak garatu duen MovEuskadi izeneko aplikazioa da eta telefono mugikorretan eta web-ean erabili ahal izango da.
Aplikazio berriak aukera ezberdinak eskaintzen dizkio erabiltzaileari, hala nola, ibilbide azkarrena, merkeena, oinez egiteko tarteak barne hartzen dituena edo aukeratzen den lehentasunezko garraio publikoa barne hartzen duena. Era berean, mugikortasun urriko pertsonentzat irisgarria den ibilbidea edo edukiera gehiagokoa ala gutxiagokoa duena ere ikusteko aukera ematen du.
Aplikazioa pertsona anonimo gisa edo erregistratutako erabiltzaile gisa erabili ahal izango da. Azken horrek aukera emango dio erabiltzaileari, adibidez, ibilbideak planifikatzeko edo ibilbide gogokoenak markatzeko edo kokapenak gordetzeko.
Nola erabili?
Aplikazioak, pantailan irakur daitekeen urratsez urratseko gida baten bidez, erabiltzailea jaitsi behar den hurrengo geltokia adierazten du, eta jarraian erabiliko den garraioaren kokapena ere jasotzen du. Une bakoitzean, aukeratutako helmugara joateko ibilbiderik azkarrenak kontsultatu ahal izango dira, hainbat lekutatik eta geltoki gogokoenak markatuz.
Hiri barruko eta hiriarteko garraioko operadore publikoen abisuen beste atal batzuk ere jasotzen ditu aplikazioak, baita horiei buruzko berriak ere, lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
Erabiltzaileak, halaber, ibilbide bat planifikatu ahal izango du bilaketa egiten den unerako, eta ibilbidearen kostu ekonomikoa ezagutu ahal izango du, baita etorkizuneko datak hautatu eta aukeratutako ibilbideak hainbat erabiltzailerekin partekatu ere.
Erosotasuna autonomia-erkidegoko hainbat tokitan
MovEuskadik erakusten du, adibidez, zein autobus gelditzen diren autonomia-erkidegoko hiri edo herri bateko geltoki jakin batean, eta noiz ateratzen diren hurrengoak puntu horretatik.
Era berean, mapan hainbat interes-puntu jasotzen ditu: 162 ospitale eta osasun-zentro, 843 farmazia, 63 polizia-etxe, 85 hondartza eta parke natural, ekonomiari lotutako 17 gune, hala nola parke teknologikoak edo biltzar-jauregiak, 74 kultura-gune, 251 administrazio publiko, hiru aireportu, 100 turismo-bulego edo 347 gasolindegi. Kokapen guztiak aukeratu ahal izango dira erabiltzailea dagoen lekutik ibilbiderik onena zehazteko. Guztira 1.945 interesgune eta 99 baliabide turistiko dira.
Funtzio eta aurrerapen berriak
MovEuskadik jauzi bat egiten du big datari eta geolokalizazioari lotutako aurrerapen teknologikoek ematen dituzten aukeren bitartez. Sistema osoak open dataren parametroei jarraitzen die, eta, beraz, interesa duen edozein pertsonak edo erakundek erabil ditzake datu horiek. Guztira, aplikazioak bederatzi garraiobideren datuak ditu, eta horien zerbitzuak autonomia-erkidegoko 8.348 geltokitan banatuta daude.
Aplikazioa eskuragarri dago jada Android eta iOs terminaletan deskargatzeko, eta, gainera, erabiltzailearekin zuzenean komunikatzeko aukera ematen du. Horrela, gorabeherak edo bestelako oharrak planteatu ahal izango dira, eta dagokien garraio publikoaren operadoreari helaraziko zaizkio.