‘Munduko koloreak’ erakusketa Donostian

National Geographic-eko argazkiak biltzen dituen erakusketa Alderdi Ederren ikusgai izango da datorren urriaren 19ra arte

Donostiako Udalak eta La Caixa Fundazioak antolatuta, National Geographic-eko argazkilarien 42 argazkik osatzen duten ‘Munduko koloreak’ erakusketa bisitatu ahal izango da Donostian. Erakusketa urriaren 19ra arte izango da Alderdi Ederren eta kolore bakoitzaren garrantzian eta haren konnotazioetan sakontzen du. Izan ere, koloreek esanahi ezberdinak dituzte herrialdearen arabera. Esaterako, Indian eta Japonian, gorriak araztasuna adierazten du; Afrikan, berriz, doluaren kolorea da, eta, beste herrialde batzuetan, indarra eta kemenarekin lotzen da.

Joel Sartore, Steve McCurry, Lynn Johnson, Jodi Cobb eta beste argazkilari batzuen irudiek mundu zabaleko paisaien, kulturen eta ohituren muina atzeman dute: Papua Ginea Berritik Indiara, Islandiatik Kongoko Errepublika Demokratikora edota Txiletik Estatu Batuetara.

Erakusketa 24 orduz zabalik izango da publiko orokorrarentzat. Hala ere, bisita gidatuak eskainiko dira. Euskarazkoak igandeetan izango dira, eguerdian. Gaztelaniazkoak, berriz, larunbatetan, 18:00etan. Bisita gidatuetan parte hartzeko derrigorrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Taldekako bisitak ere eska daiteke 900 801 137 telefonora deituz.

📷 National Geographic