Bueltan da Beldur Barik lehiaketa

Beste behin, lehiaketak errespetua, berdintasuna eta indarkeria matxista prebenitzeko jarrerak sustatuko ditu gazteen artean

Abian da Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren hamalaugarren edizioa. Emakundek antolatu eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien eta EUDELen babesa duen lehiaketa horren xedea da gazteen artean indarkeria sexista eta matxista prebenitzea. Horretarako, parte-hartzaileek adierazpen artistiko ezberdinen bidez ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre erakutsi behar dute; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexista eta matxistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin.

Ikus-entzunezko lanak entregatzeko epea azaroaren 10ean amaituko da eta abenduan jakinaraziko dira irabazleak

Lehiaketan 12 eta 20 urte bitarteko gazteek parte har dezakete. Aurreko edizioetan bezala parte-hartzaileek gehienez 3 minutuko iraupena dituzten ikus-entzunezko lanak aurkeztu ahal izango dituzte. Lanak aurkezteko epea datorren azaroaren 10ean amaituko da.

Hiru kategoria

Lehiaketa, ohi bezala, hiru kategoriatan banatuko da: lehen kategorian, 12-13 urte bitarteko parte-hartzaileak izango dira; bigarren kategorian, 14-18 urte bitartekoak; eta hirugarrenean, 19-20 urte bitarteko gazteak. Lanak bakarka edo taldeka (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat…) aurkeztu ahal izango dira.  

Kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Sari horiez gain, beste bi sari berezi izango dira: herri-bozketaren bidez erabakiko den parte-hartze saria (300 euro) eta ikus-entzunezko ekoizpen onenaren saria (300 euro). Herri-bozketa azaroaren 16tik 19ra bitartean gauzatuko da, beldurbarik.eus web-gunearen bidez. Irabazleak abenduan jakinaraziko dira.