“Romeo eta Julieta” klausula

Adingabeak babesteko, legeak 16 urtetan kokatzen du sexu-adostasunerako gutxieneko adina, baina salbuespen batzuk aurreikusten dira.

Printzipioz, libreak gara nahi dugun pertsonarekin adostutako edo baimendutako sexu-harremanak izateko. Hala ere, legeak zenbait muga jartzen dizkio askatasun horri. Horietako bat, adibidez, sexu-harremanak izateko sexu-adostasunaren gutxieneko adina da. Espainian, duela gutxira arte adin hori 13 urtekoa zen, baina azken lege aldaketarekin langa 16 urtera igo da. Frantzian, berriz, gutxieneko adin hori 15 urtekoa da. Horrek zer esan nahi du? Bada, legez, adin horretatik beherako gazteek ezin dituztela sexu-harremanak izatea onartu. Ondorioz, adin horretatik beherako gazteekin izaten den edozein sexu-harreman sexu-eraso delitutzat har liteke. Legearen arabera, “norbaitek hamasei urte baino gutxiago dituen adingabe batekin sexu izaerako egintzak egiten baditu, pertsona horri, adingabe baten sexu-abusuaren erantzule gisa, bi urtetik sei urte arteko espetxe zigorra ezarriko zaio”.

Espainiako Zigor Kodearen 183.1. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuz; adin horretatik beherako pertsona batekin izandako harreman sexuala indarkeriazkoa dela presumituko da.

Estatu mailan egin den azterlan baten arabera, lehen sexu-harremana, batez beste, 13,8 urterekin izaten da. Hortaz, hainbat gaztek legez ezarritako sexu-adostasunerako gutxieneko adinera iritsi baino lehen izaten dituzte beren lehen harremanak. Horrek ez du esan nahi, derrigorrez, harreman horiek ‘legez-kanpokoak’ izan direnik, legeak berak zenbait salbuespen onartzen baititu. Horrela, legeak berak jasotzen duenez, erantzukizun penala baztertuko da egilea adingabearengandik hurbil dagoenean bai adinean, bai garapen edo heldutasun fisiko eta psikologikoan. Ondorioz, 16 urtetik beherako bi gazteren arteko harremanak ez dira delitutzat jotzen eta, horietakoren bat 16 urtetik gorakoa bada, baina ez askogatik, egoera berean aurkituko ginateke.

‘Romeo eta Julieta’ klausula

Arazoa, kasu horretan, erlazio bat delitu izan daitekeela planteatzeko kontuan hartu behar den adin-aldea zedarritzea da. Horrelako kasuetarako, legeak berak ‘Romeo eta Julieta’ izenarekin ezagutzen den klausula jasotzen du. 16 urtetik beherako gazte baten eta adinez heldua den pertsona baten arteko harreman batean bikotekideen arteko adin-tartea ‘zalantzagarria’ denean, epaileek klausula horretara jo dezakete bien arteko heldutasun-mailan alde handia den ala ez zehazteko.

Hori gertatu da, hain zuzen ere Donostian aurten bertan izan den epaiketa batean. 22 urteko gizon gazte bat epaitua izan da 14 urteko neska batekin sexu-harreman osoak izateagatik. Bi bikotekideen artean den adin aldea ikusita, argi eta garbi, delitu baten aurrean gaudela pentsa badaiteke ere, epaileak gizona aske utzi du aipatu klausularen baitan.

Epaiketan, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak 12 urteko kartzela-zigorra eskatu zuten akusatuarentzat, sexu-eraso delitu bat egotzita. Hala ere, epaileak emandako epaiak frogatutzat jotzen du biktimaren eta akusatuaren artean, biak hondurastarrak, “harreman sentimental” bat zegoela eta biek “antzeko heldutasun- intelektuala eta sexuala” zutela. Epailearen ustez, harremanak izan ziren garaian, gizonak bere adinerako adimen normala zuen, baina heldutasun psikologiko txikia, ez nahikoa helduaroaren berezko erronkei bete-betean aurre egiteko; antza, erabakiak modu autonomoan hartzeko eta besteekin harreman helduak ezartzeko zailtasunak zituen.

Epaiak azaltzen duenez, akusatuaren eta biktimaren arteko adin-aldea ez ezik, beste faktore batzuk ere kontuan hartu behar dira, eta horiek ezin dira alde batera utzi behar. Horien artean, nabarmentzekoa da bikote-harremana lagun talde batean sortu zela, denak jatorri berekoak. Talde horren kideen adina 11-12 urtetik 34 urtera bitartekoa zen. Epaiaren arabera, harremana ingurune osasuntsu eta konfiantzazko espazio batean sortu zen.

Talde psikosozialak zehaztu zuenez, testuinguru horretan kide guztiak berdinen artean zirenaren sentsazioa sortu zen zuen, “gure kulturan ikusi ohi dugun zerbait ez izan arren”.