KlimaBai!, ohitura jasangarrien aldaketa sortzeko lehiaketa

Lehiaketa irailaren 26tik urriaren 24ra bitartean egingo da, eta izena emateko epea irekita dago jada

Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Departamentuak KlimaBai! lehiaketaren edizio berria jarri du abian. Aurten, ekintza klimatikoaren inguruan unibertsitate komunitatea kontzientziatzea eta heztea da ekimenaren helburua. Lehiaketa honen bidez, Gipuzkoako unibertsitateetako ikasleak, irakasleak eta administrariak mobilizatu nahi dira klima-aldaketaren aurkako borrokan.

KlimaBai! programaren aurtengo helburua da, iraunkortasunaren eta erresilientziaren aldeko ekintza txikien bidez, ohiturak aldatzea. Gainera, unibertsitatearen esparruan jarrera jasangarriak hartzea zailtzen duten oztopoak ere identifikatu nahi dira.

Lehiaketa

Lehiaketak funtsezko bost arlorekin lotutako erronkak aurkezten ditu:

  • kontsumo arduratsua,
  • uraren eta energiaren kudeaketa,
  • hondakinen murrizketa,
  • mugikortasun iraunkorra, eta
  • biodibertsitatearen babesa.

Web plataforma ofizialaren bidez (www.naturklima.eus), erronka batzuk proposatzen dira, unibertsitate-komunitateari eguneroko ohiturei buruzko gogoeta eginarazteko eta ohitura horiek ingurumenarekiko lagunkoiagoak diren ekintza bihurtzeko, klima-aldaketaren aurkako borrokan lagunduz.

KlimaBai! hilabete batez egingo da, 2023ko irailaren 26tik urriaren 24ra, eta izena emateko epea zabalik dago lehiaketaren webgune ofizialean. Programa online garatuko da, bost gai-multzoren bidez. Multzo bakoitzak hamar galdera eta lau erronka izango ditu. Gainera, azken erronka bat ere izango da, unibertsitateek klima-aldaketaren aurkako borrokan duten zeregina aztertuko duena. Parte-hartzaileek sari erakargarriak irabazteko aukera izango dute, hala nola bizikleta elektrikoa, produktu jasangarrien eta lokalen kitak, landetxe jasangarrietako egonaldiak eta natura behatzeko materialak. Sari-banaketa lehiaketa amaitu eta ebaluatu ondoren egingo da, 2023ko azaroaren 2rako programatutako ekitaldi berezi batean.