Apirila eta uztaila bitartean, Merkurio, Artizarra, Marte, Jupiter eta Saturno lerrokadura planetario perfektuan hedatuko dira, eta fenomeno hori begi hutsez ikusi ahal izango da gure planetaren ipar hemisferioko edozein puntutik teleskopio baten beharrik gabe. Gainera, ilargia ere batuko zaie. Eguzki-eklipseetan ez bezala, fenomeno hori ez da berehalakoa izango. Planeten mugimenduari esker, ordea, zenbait egunetan zehar ikusi ahal izango da ilusio hori.
Planetak eta izarrak zein diren bereizteko, aholku errazena honako hau da: izarrek dir-dir egiten dute; planetek, ostera, ez. Izarrek argia igortzen dutelako gertatzen da hori; planetek, berriz, argia islatzen dutelako. Gainerakoan, oso hiri kutsatuetan bizi garenontzat merezi du hiriko lanbroa argituko duten binokular pare bat lortzea.
Fenomeno bitxia dirudien arren, planeten lerrokadura sarritan gertatzen den fenomenoa da. Adibidez, hiru planeten arteko lerrokatzea sarritan ematen da. Hori bai, zenbat eta handiagoa izan lerrokatzen diren planeten kopurua orduan eta zailagoa izango da horrelako fenomeno bat ikustea. Horrelako fenomenoek ez dute inolako eraginik gure planetan.
Ilusio optikoa
Eguzki-sistema irudikatzen denean, adibidez, testu-liburuetan, planeta guztiak lerrokatuta azaltzen dira ardatz berean. Baina hori errealitatean ematen ez den gauza da; izan ere, planeten orbitak ez dira perfektuak eta nekez gurutzatzen dira haien artean 3 dimentsio-espaziotan mugitzen direlako.
Hortaz, planeten lerrokatzeari buruz hitz egiten denean oso garrantzitsua da zehaztea zein puntu hartzen den erreferentzia gisa. Horrela, Lurra erreferentziatzat hartzen bada posible da zenbait planeta zeruko eremu berean ikustea, baina une horretan Eguzkia erreferentzia bezala hartuko bagenu planeta horiek beste era batera ikusiko genituzke. Horregatik, planeten lerrokatzeaz hitz egiten denean, ardatz berean baino gehiago, planetak zeruaren eremu berean bat datozela ulertzen da.
Planeta guztiak zeruko koadrante berean bat egitea oso fenomeno arraroa da eta, gutxi gorabehera, 200 urtean behin gertatzen da.