Lurrak bere abiadura maximoa lortzen duenean

Urtarrilaren 4an Lurra periheliora iritsi zen eta bere abiadura maximoa lortu zuen: 110.700 Km/h

Lurra 107.280 kilometro orduko batez besteko abiaduran mugitzen da. Horri esker, gure planeta Eguzkiari buelta bat emateko gai da, 930 milioi kilometroko orbita eliptiko bat jarraituz. Horretarako, 365 egun eta sei ordu behar ditu. Sei ordu horiek konpentsatzeko, lau urtean behin, urte bat bisustua da, hots, 366 egun ditu. Hala ere, Lurraren abiadura ez da konstantea eta eguzkiarekiko distantziaren arabera, azkartzen edo moteltzen da. Une horiek, perihelio eta afelio izenekin ezagutzen dira, hurrenez hurren. 

Urtarrilaren 4an, Lurrak perihelioaren prozesua itxi zuen eta bere abiadura 110.700 Km/h-ra igo zen. Egun horretan Lurrak bere abiadura maximoa lortu zuen. Perihelioan, Lurra bere orbitari jarraituz, Eguzkitik hurbilago dagoen puntura iristen da eta, horri esker, bere abiadura 3.420 kilometrotan bizkortzen da.

Lurraren eta Eguzkiaren arteko batez besteko distantzia 149.597.870 kilometrokoa da. Hala ere, perihelioan lurra 147.098.070 kilometrotara gerturatzen da eta, esan bezala, horrek bere abiadura bizkortzea dakar. Izan ere, Keplerren bigarren legeak dioen bezala, distantzia minimoa denean abiadura bere gorenera iristen da. Hori energiaren kontserbazioagatik gertatzen da; perihelioan energia zinetikoa maximoa da, baina energia potentziala, berriz, minimoa.

Perihelioan Lurra eta Eguzkiaren distantzia minimoa bada, Afelioan kontrakoa gertatzen da. Une horretan, udako solstizioa baino 14 bat egun geroago, distantzia hori maximora iristen da (152.097.700 kilometro) eta, orduan, bere abiadurarik txikiena hartzen du. Hurrengo Afelioa uztailaren 4an izango da eta egun horretan Lurraren abiadura 103.536 km/h-koa izango da. Ikus daitekeen bezala, sei hilabetetan Lurrak 7.000 km/h desazelerazioa izango du. Kopuru handia dirudien arren, funtsean, Lurraren abiadura konstantea dela esan daiteke. Horregatik bertan gauden bitartean ez gara ohartzen planetarekin batera oso abiadura azkarrean bidaiatzen ari garela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.