Sexu-harreman gehienetan orgasmoa ezinbesteko elementua da. Hala ere, sexualitatea oso modu ezberdinetan bizi daiteke eta badira orgasmoa bigarren maila batean jartzen duten praktikak. Sexualitatearen alorrean, orgasmoa helburu ez duten harremanak Karezza metodoa izenarekin ezagutzen dira. Karezza teknika erotiko bat da non sentsualitatea nagusitzen den. Garrantzitsuena, kasu horretan, bikotekideen arteko kitzikapena da eta xedea plazera ahalik eta gehien luzatzea da.
Funtsean, horrelako harremanetan amaierak ez du garrantzirik; harremana bera da garrantzitsuena. Horretarako hainbat teknika erabil daitezke (musuak, ferekak, besarkadak, aho-sexua…) eta koitoa ez da horien artean aurkitzen.
Sexologoen arabera, Karezza metodoa oso onuragarria da gizonentzat zein emakumeentzat, beren harreman intimoez gehiago gozatzeko aukera ematen dielako eta orgasmoaren kitzikapena eta unea kontrolatzen irakasten dielako. Beraz, oso baliagarria izan daiteke elkarrekin denbora asko daramaten edo errutinan erori diren bikoteen bizitza sexuala hobetzeko.
Karezza metodoa oso onuragarria da gizonentzat zein emakumeentzat, beren harreman intimoez gehiago gozatzeko aukera ematen dielako eta orgasmoaren kitzikapena eta unea kontrolatzen irakasten dielako
Horrelako harremanak ez dira gauza berria. Izan ere, aipatu metodoaren sortzailea, XIX. mendearen amaieran, emakume bat izan zen: Alice Bunker Stockham. Karezza izenak italierazko ‘carezza’ (fereka) terminoan du jatorria eta ‘coitus reservatus’ izenarekin ere ezagutzen da.
Horrelako teknika praktikatzeko ezinbestekoa da inertziaz egiten ditugun hainbat gauza ahaztea eta kulturalki barneratu dugun kitzikapena-koitoa-orgasmoa eskemarekin apurtzea. Karezza metodoan sexu tantrikoan edo ‘slow-sex’ delakoan ikus daitezkeen zenbait ezaugarri ikus daitezke. Izan ere, horietan guztietan harremanetarako hartzen dugun denbora luzatu egiten da: bidaia helmuga baino garrantzitsuagoa denez gero, bidaia hori ahalik eta gehien luzatu behar da esperientzia guztiz kitzikagarria lortzeko. Karezza metodoarekin, beraz, orgasmoa helburu duten sexu-harreman azkarrek ez dute lekurik.