Orgasmoak izaten ikas al daiteke?

Atal honetan behin baino gehiagotan azaldu dugun moduan, historikoki sexua tabutzat jo izan da eta emakumeon kasuan, are okerrago. Hainbat urtez, emakumeen plazera ukatu da, bereziki, oso kontserbadoreak diren gizarteetan eta erlijioetan. Izan ere, horrelako tokietan sexua bakarrik ugalketarako bide gisa ulertzen da.

Sexuaren inguruko ikuspegi zahar horretan, esan bezala, emakumeak gara kaltetuenak. Hainbat gizartetan, gaur egun ere, oso errotuta dago genitalen mutilazioa, ekintza sexualean emakumeak plazer sentsaziorik izan ez dezan. Hortaz, esan daiteke emakumeon sexualitatea ukatua izan dela eta, hein handi batean, erruduntasun-maila batekin kutsatu dela. Ondorioz, hainbat emakume zikin edo errudun sentitu dira sexuaren bidez plazer gorenera iritsi direnean.

Gezurra badirudi ere, asko dira, baita gure artean ere, sexuaren inguruko ideia oker hori barneratuta duten emakumeak. Ondorioz, anorgasmia hainbat emakumek pairatzen duten arazoa da. Anorgasmia orgasmoaren inhibizio errepikakor eta iraunkorra da, kitzikapen normaleko fase baten ondoren ez egoteagatik adierazia, eta intentsitatean, iraupenean eta motan egokitzat jo daitekeen estimulazio baten bidez sortua. Gaur egun, emakume askok dute nahasmendu hori. Hala ere, nahasmendu horrek badu konponbidea. Izan ere, sexologoek diote orgasmoak izaten ikas daitekeela. Terapia eta konstantzia pixka batekin arazo hori konpon daiteke.

Orgasmoak

Jarraian, orgasmoa lortzen lagun diezaguketen aukera batzuk azalduko dizkizugu. Lehenik eta behin, orgasmora iristeko ezinbestekoa da zure buruarekin ondo sentitzea: zure gorputza, erotismoa eta sexualitatea ondo ulertu behar dituzu. Sexualitatearen inguruan dugun ikuspegia, hein handi batean, aurretik izan ditugun esperientziek baldintzatzen dute. Hortaz, gustuko duzun sexualitatearen inguruan hausnartu beharko duzu. Zenbat eta hausnarketa sakonagoa egin orduan eta langa psikologiko gehiago gainditzeko aukera izango duzu. Hori da sexu-asebetetzerako lehen urratsa.

Zure gorputza ezagutzea ere funtsezkoa da. Orgasmora iristeko benetan asebetetzen zaituen hori ezagutu behar duzu. Masturbazioa aukera egokia izan daiteke horretarako. Horrela, zure eremu erogenorik sentikorrenak zein diren jakiten eta horiek behar bezala estimulatzen ikasiko duzu, klimaxa lortzeko.

Sormena ere garrantzitsua izan daiteke. Egoera desberdinekin fantasia egitean, erotismoa aktibatzen da, eta horrek aldaketa fisiologikoak eragiten ditu gorputzean, orgasmoa lortzen lagun dezaketenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.