“Kazetaritza euskaraz” unibertsitate diploma sortzeko hitzarmena

Formakuntza zikloak gaitasun hartze bat segurtatuko die ikasleei hiru eremutan: euskara, kazetari lanbidea eta lurraldearen ezagutza.

Euskararen Erakunde Publikoak, Paueko Unibertsitateak eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bordele-Akitania Kazetaritza Institutuak (IJBA – Université Bordeaux Montaigne) lankidetza hitzarmena sinatu dute Baionan, “Kazetaritza euskaraz” unibertsitate diploma sortzeko. Formakuntza joan den hilean hasi zen, eta 11 kazetari euskaldunek osatuko dute lehen promozioa.

Ikas-ekinezko bi urteko lanbide-heziketak diploma bat lortzeko aukera emango die ikasle-ikastunei. Formakuntza zikloak hiru arlotan gaitzea bermatuko die ikasle-ikastunei: euskara, kazetari-lanbidea eta lurraldearen ezagutza.

Hitzarmenaren sinatzaileen arabera, “gaur egun, euskararen presentzia komunikabideetan garatzen ari da, euskarazko komunikabideen garapenari esker, baita gehienbat frantsesez hitz egiten duten hedabideetan euskarari ematen zaion tarteari esker ere. Hala ere, euskarak komunikabideetan duen presentzia eta erabilera garatzeko politikak eta gogoak zailtasunak dituzte profesional euskaldunak kontratatzeko”.

“Kazetaritza euskaraz” unibertsitate diploma 2019an hasi zen prozesu luze baten emaitza da, Euskararen Erakunde Publikoak lurraldeko komunikabideak bildu zituen lantalde bat abian jarri zenean. Lantalde horrek datozen urteetarako kazetari euskaldunen behar handia identifikatu zuen.