ZineBi-ren 65. edizioak 128 film eskainiko ditu

Frederick Wisemanek, Rita Azevedo Gomesek eta Félix Linaresek jasoko dituzte jaialdiak urtero banatzen dituen Ohorezko Mikeldi Sariak

ZINEBI-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak bere 65. edizioaren programazioa ezagutzera eman du. Inaugurazio gala azaroaren 10ean izango da eta Ane Pikazak eta María Goiricelayak osatzen duten La Dramática Errante bikoteak gidatuko du.

Aurtengo edizioan 43 herrialdetatik etorritako 128 lan izango dira ikusgai. Horietatik guztietatik  erdia Estatu mailako estreinaldiak izango dira. Gainera, ikusi ahal izango diren filmen % 50 baino gehiago emakumeek zuzendu dituzte.

Jaialdia Bilboko hainbat egoitzatan izango da, hala nola, Arriaga Antzokia, Guggenheim Bilbao Museoa, BBK Aretoa, Golem Alhóndiga zinema-aretoak eta Azkuna Zentroko entzunaretoa.

Programa

Jaialdiaren programazioa bi atal nagusitan banatuko da: nazioarteko bi lehiaketa biltzen dituen Sail Ofiziala eta bestelako proiekzioak.

Sail Ofizialaren barruan izango den Film Laburren Nazioarteko Lehiaketaren barruan aurkeztu diren ia 4.000 lanetatik aukeratutako 58 film lehiatuko dira. Lehiaketa horretan izango diren lanak Estatu-mailako estreinaldiak izango dira. Horien artean, inaugurazio galaren amaieran ikusi ahal izango diren Euskal Herriko zazpi lan aurkitzen dira. Sail Ofizialeko beste lehiaketa ZIFF – ZINEBI First Film opera prima film luzearena da. Bertan 10 herrialdetatik etorritako 9 lan lehiatuko dira; kasu honetan ere, guztiak Estatu-mailako estreinaldiak. Horien artean Tamara García Iglesias-ek zuzendutako ‘Zarata’ aurkitzen da.

Beautiful Docs eta Bertoko Begiradak

Jaialdiak 2023ko film luze dokumental onenetako batzuk aurkeztuko ditu ‘Beautiful Docs. Munduko film luze dokumentalen panorama’ sailean. Horien artean izango dira, adibidez, aurreko Berlinaleko Urrezko Hartza irabazi zuen Sur l’Adamant (Nicolas Philibert, 2023) filma, ZINEBI 2019ko Ohorezko Mikeldi saria irabazi zuen Claire Simonen dokumentalik berriena Notre corps (2023) edo Virginia García del Pinoren film berria: La estafa del amor (2023).

ZINEBIk euskal zinema berrienarekin duen konpromisoa urtero indartzen da Bertoko Begiradak programazioarekin. Aurtengo edizioan 20 film labur eta sei dokumental izango dira sail honetan, eta honako hauen film berriak ikusi ahal izango dira: Marta Etura (Lucía), Lara Eizagirre (Pelikula baten bila), Irati Gorostidi (Contadores), Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufía (Arnasa betean, emakume zinegileak), Gentzane Martinez de Osaba (Aire!), Ainhoa Gutiérrez del Pozo eta Olatz González Abrisketa (Pizti bat agian) edo José Alberto Andrés Lacastaren Manolo Kabezabolo (Si todavía te kedan dientes es ke no estuviste ahí), dokumental luzea, punk musikari ikonikoarekiko hurbilketa oso pertsonala.

Ohorezko Mikeldi Sariak

Ohi bezala, ZINEBIk zinema garaikideko izen garrantzitsu batzuen ibilbide profesional eta artistikoa aitortzen du Mikeldi Sarien bidez. Aurtengo edizioan sarituak Frederick Wiseman, Rita Azevedo Gomes eta Félix Linares izango dira.

Zinemaldiak Ivan Zulueta euskal zinemagilearen jaiotzaren laurogeigarren urteurrena ere ospatzen du, Espainiako Filmategiak berriki zaharberritutako Zuluetako artxiboko material guztia aurkeztuz. Omenaldi hori hainbat saiotan egingo da jaialdian zehar.
Aurtengo edizioko berrikuntza gisa, ZINEBIk bere proiekzioak EITB Primeran doako plataforma digitalera zabalduko ditu, jaialdiaren aurreko edizioetan erakutsi diren euskal ekoizpeneko filmen aukeraketa bat eskainiz. Gainera, bilduma berezi bat mantenduko da ikus-entzunezko edukien FILMIN plataforman, non ZINEBIren aurreko edizioetan erakutsi ziren dozenaka film egongo diren eskuragarri.