Izuak hartuko du Gaztediaren Etxea

Urriaren 25etik 28ra bitartean Iruñeko Gaztediaren Etxeak Nafarroako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren edizio berri bat hartuko du

Urriaren 25ean hasi eta 28an amaituko den Nafarroako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren hamabigarren edizioak 21 film labur programatu ditu. Aurtengo edizioari hasiera emateko, Sail Ofizialaren barruan lehiatuko diren zenbait lan ikusi ahal izango dira: ‘Match’, ‘La calima’, ‘Metaverso: Mundo espejo’, ‘Ella es la sensación’, ‘No estamos solos’, ‘Echo‘ eta ‘Ratón de biblioteca’.

Urriaren 26an, berriz, beste zazpi lan izango dira ikusgai: ‘Cuando haces pop’, ‘Amanece la noche más larga’, ‘Mi criaturita’, ‘Coleccionismo‘, ‘White butterflies’, ‘Osito’ eta ‘Arrivederci París’.

Urriaren 27an ere zazpi izango dira ikusi ahal izango diren lanak: ‘Solo hay una’, ‘Sincopat’, ‘Worldlines III’, ‘Cementerio de coches’, ‘Las almendras amargas’, ‘Sacrificio’ eta ‘Solo un ensayo’.

Aurtengo edizioari amaiera emateko, urriaren 28an, Andre Øvredalek zuzendutako ‘La Autopsia de Jane Doe’ filma proiektatuko da.

Programazioa

Aipatu film laburren proiekzioaz gain, jaialdiak beste hainbat jarduera osagarri ere antolatu ditu beldurra maite duten horien gozamenerako. Horien artean izango dira, adibidez, lehiaketak, Halloween-erako maskarak egiteko tailerra, ‘Eromenaren sotoa’ izena duen ihes-gela bat eta gai makabroa ardatz duten mahai-joko eta bideo-jokoetara jolasteko aukera. Gainera, urriaren 28an, arratsaldean, beldurrezko arratsalde handi bat egingo da, zuzeneko rol-jokoekin, ihes-saioekin eta “Terro-reel-ficos” izeneko reel-lehiaketarekin.

Jaialdian zehar, ikusleek gustukoen duten film-laburraren alde bozkatzeko aukera izango dute. Bozka horien bidez aukeratuko da Publikoaren Saria. Sari nagusia, berriz, epaimahai batek aukeratuko du.

Sari banaketa eta film labur irabazleen iragarpena jaialdiaren itxiera ekitaldian zehar egingo dira. Esan bezala, ekitaldi horretan Andre Øvredalek zuzendutako ‘La Autopsia de Jane Doe’ filma proiektatuko da.

📷 Horror Online Art Film Festival