Klima-aldaketa eztabaidagai Bidebarrietan

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatutako hitzaldi zikloak azpimarratzen duenez, klima-aldaketaren aurkako erabakiek arrazoi zientifikoetan oinarritu behar dute

Bidebarrietako Liburutegiak klima-aldaketaren eta horrek Bizkaian duen eraginaren inguruko hitzaldi ziklo bat antolatu du. Urriaren 3an, 4an eta 7an izango diren hitzaldietan berotze globalaren arazoan zeresana duten diziplina ezberdinetako adituek parte hartuko dute. Hitzaldiak 19:00etan hasiko dira eta sarrera doakoa izango da.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, Kultura Ministerioaren laguntzarekin, antolatu dituen hitzaldi horien xedea da klima-aldaketaren aurkako erabakiek arrazoi zientifikoetan oinarritu behar dutela azpimarratzea. Aldi berean, klima-aldaketaren aurrean Euskadiko eta, zehazki, Bizkaiko premiei erantzun eraginkorra eman nahian, proiektu zehatzei bide emango dien hausnarketa kolektibo bat ere sustatu nahi da.

Hitzaldiak

Urriaren 3ko hitzaldian, besteak beste, honako alderdi hauek aztertuko dira: klima-aldaketa gizateriaren historian, Bizkaiko industrializazio-prozesua eta horren ondorioak, klima-aldaketaren arazoaz ohartarazi zuten aitzindariak, mugimendu eszeptikoak, eta etorkizuneko ikuspegia eta etorkizuneko belaunaldientzako mundu globalarekiko konpromisoa. Bertan izango dira Deustuko Unibertsitateko irakasle emeritu eta Historian doktore Begoña Cava; Euskalmeteko arduradun José Antonio Aranda; Iberdrolako Erantzukizun Sozial Korporatiboko zuzendari Roberto Fernández; eta, ACLIMA-Basque Enviroment Clusterreko zuzendari Olga Martín.

Urriaren 4an, berriz, klima-aldaketak dakartzan egungo zein etorkizuneko alderdi politiko-zientifikoak jorratuko dira. Horretarako, bi hitzaldi eskainiko dira. Lehenengoa Basque Center for Climate Change (BC3) erakundeko zuzendari zientifiko María José Sanzek eskainiko du. Bigarrena, berriz, Bizkaiko Foru Aldundiko Jasangarritasuna eta Ingurune Naturaleko foru diputatu Amaia Atxutegik eskainiko du. Zikloa urriaren 7an amaituko da erakundeetatik klima-aldaketari ematen zaion erantzuna aztertuz. Euskal Autonomiaren kasuan erantzun hori Energia Trantsizioaren eta Klima-aldaketaren legean zehazten da. Azken hitzaldi horretan izango dira ingurumenean aditua den eta 1998. urteko Ingurumen Sari Nazionala irabazi duen Julen Rekondo eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima-aldaketako zuzendari Adolfo Uriarte.