17. urtez jarraian, 150 gaztek Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko epaimahai gaztean izateko aukera izango dute. Epaimahai horrek 33. edizioko “Film labur onenari gazte saria” erabakiko du. Epaimahai gaztean parte hartu nahi duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteek datorren urriaren 14ra arte izango dute, Donostia Gazteriaren webgunearen bidez, izena emateko aukera.
Eskaeren kopurua eskaintzen diren plazena baino handiagoa bada lehentasuna emango zaie Donostian erroldatuta diren horiei. Gainera, hala beharrezkoa izango balitz, zozketa bat egingo da urriaren 19an. Epaimahai gazterako aukeratuak diren horiek beren parte-hartzea konfirmatu beharko dute. Horrela egingo ez balute, epaimahaitik kanpo geratuko lirateke eta itxaron-zerrendan diren horiei deituko zaie. Zozketaren emaitza eta epaimahaiaren behin behineko osaketa eta parte-hartzearen berrespena Donostia Gazteriaren webgunearen bidez egin ahal izango da.
Epaimahaiaren funtzioa
Epaimahai gazterako hautatutako 150 gazteek Victoria Eugenia Antzokira joan beharko dute urriaren 28an, 16:00etatik aurrera, sari hau lortu nahi duten film laburrak ikusi eta baloratzeko. Horiek ikusi ostean beren epaia eman beharko dute Film Laburrik Onenaren Gazte Sariaren irabazlea erabakitzeko. Bi epaimahaikidek irabazleak ezagutzera emateko egingo den prentsaurrekoan parte hartuko dute.