Macarena Gómez Beldurrezko Asteko karteleko protagonista

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astea urriaren 28tik azaroaren 4ra arte ospatuko da

Carlos Fernándezek (Penrider) marraztu eta Macarena Gómez protagonista duen ilustrazioa izango da aurtengo Donostiako Beldurrezko Asteko irudia. Kartelean armiarma bat ere azaltzen da, hasieratik zinema-jaialdi honen sinboloa izan baita. Arteuparte Estudiok izan du kartelaren koordinazioaren eta diseinuaren ardura.

Gómez Espainiako zinema fantastikoko aktore adierazgarrienetako bat bilakatu da azken urteotan. Genero honetan egin dituen lanen artean honako hauek aurkitzen dira: ‘Platillos volantes’ (Óscar Aibar, 2013), ‘Las brujas de Zugarramurdi’ (Álex de la Iglesia, 2013), ‘Pieles’ (Eduardo Casanova, 2017) eta de la Iglesiak HBOrentzat egindako ‘30 monedas’ telesailari esker. Aktorea jada Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean izan da ‘Dagon: la secta del mar’ (Stuart Gordon, 2001) eta 2014. urteko edizioa zabaldu zuen ‘Musarañas’ (Esteban Roel eta Juanfer Andrés) filmekin.

Luis Gasca

Bestalde, irailaren 8tik azaroaren 8ra bitartean, Okendo Kultur EtxeakLuis Gasca: komikiak eta zinema’ erakusketa hartuko du. Iaz zendu zen Luis Gasca donostiarra Espainiako komikiaren eta zinemaren figura garrantzitsua da. Editorea, historialaria, gidoilaria eta bildumagilea izan zen. Donostiako Zinemaldiko zuzendaria ere izan zen hainbat urtez. Berari esker ‘Star Wars’ filmaren Europako estreinaldia Donostian izan zen 1977. urtean. Bere bizitzaren zati handi bat komikiaren munduan eman zuen.

Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Donostia Kulturak antolatu dute erakusketa.

Kanibalismoa zineman

Antolatzaileek aurreratu dutenez, Hermenautek Antonio José Navarrok zineman islatzen den kanibalismoari buruz idatzitako argitalpen bat argitaratuko du eta horren berri emango da aurtengo edizioan. Navarro Beldurrezko Astearen kolaboratzailea izan da hainbat urtez eta aipatu lan horretan zinema fantastikoak kanibalismoaren gaia nola jorratu duen aztertzen du.