Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak hiribilduan euskararen erabilera sustatzeko elkarlanerako hitzarmena berritu dute. Bi erakunderen arteko elkarlanerako hitzarmenak duela 20 urte hasi ziren eta urtero berritzen da.
Hitzarmenean jasotzen denez, bi erakundeak elkarlanean arituko dira euskararen normalizazioan lagun dezaketen jarduerak eta ekimenak garatzeko. Zentzu horretan, Euskaltzaindiak hizkuntza arloko aholkularitza eta hizkuntza biziberritzeko eta euskal kultura zabaltzeko hitzaldien eta jardueren antolaketa eskainiko dizkio Udalari. Aurten, adibidez, aipatu elkarlanaren barruan ‘Blas de Otero. Una letra impagada. Ordaindu gabeko letra bat’ lana argitaratuko da.