Zer egin behar du zientziak kasu egin diezaioten?

Fernando Valladares eta Cristina Monge San Telmo Museoan izango dira AgoraK2050 zikloaren barruan antolatu den hitzaldi berri batean

Ostegun honetan, ekainak 9, klima-aldaketaren inguruko hitzaldi berri bat izango da AgoraK2050 zikloaren barruan. Aipatu zikloa Cristina Enea Fundazioak, Donostiako Udalak eta San Telmo Museoak antolatzen dute. Osteguneko hitzaldia San Telmo Museoan izango da 19:00etatik aurrera. Hitzaldia San Telmo Museoaren YouTube kanalaren bidez ere jarraitu ahal izango da.

‘Zer egin behar du klima-aldaketaren zientziak kasu egin diezaioten?’ izenburupean, Fernando Valladaresek eta Cristina Mongek gizadiak duen erronka itzel horri erantzuteko duen zailtasunaz arituko dira. Valladares biologia-zientzietan doktorea eta CSICeko ikerketa-irakaslea da. Monge, berriz, politologoa eta trantsizio ekologikorako gobernantzan aditua da eta Globernance, BC3 eta itdUPM ikerketa-zentroetan lan egiten du.

Klimaren zientziak gero eta hobeto ulertzen du egunetik egunera klimaren funtzionamendua. Eta klima-aldaketaren zientziak, nola giza jarduerek atmosfera berotzen duten eta zer ondorio dituen berotze horrek planeta osoan, Artikotik Amazoniaraino eta lurretik estratosferaraino. Badakigu itsasoak, lurrak eta atmosferak ere eragina dutela kliman. Hala ere, ekintza politikoa eta soziala ez dago ezagutza horren mailan, eta are gutxiago klima berriak dakartzan gertakarien mailan. Diziplinen arteko loturak ezarri behar dira, eta arlo kontrastatuetatik (osasuna, soziologia, ekonomia, psikologia eta ekologia) naturarekin dugun harremanaren eraldaketa globala eta azkarra bultzatu behar da. Eredu energetikoarekin hasita, eredu sozialarekin jarraitzeko.

Klima-aldaketa

Valladaresek azaltzen duenez, “klima-aldaketa ez da gauza berria. Komunitate zientifikoak 30 urte baino gehiago daramatza gizakiok klima nola aldatzen dugun azaltzen”. CSICeko zientzialaria “harrituta” agertzen da “klima-aldaketak eraldaketa izugarria, osasunean eta gizartean ondorio ekonomiko larriak eta urtero milaka heriotza eragiten dituen arren, oraindik neurri eraginkorrik hartu gabe jarraitzen dugulako”.

Mongek ere ez du ondo ulertzen klima-aldaketaren inguruko mezua zergatik ez zaie herritarrei modu eraginkorrean iristen. “Klima-aldaketa hemen dagoela eta dena aldatzen ari dela baieztatzen duten zenbat datu edo txosten zientifiko ezagutzen ditugu?”.