Nafar Lansarek, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, zaurgarritasun egoeran diren pertsonei zuzendutako 45 ikastaro berrietan izena emateko epea zabaldu du. Ikastaro horiek Prestakuntza eta Enpleguko Programa Integratuen (PIFE/PEPI) barruan antolatu dira. Hurrengo asteetan eskaintza hori zabalduko dela iragarri du Nafar Lansarek.
Ikastaroetan, guztira, 675 plaza eskainiko dira. Eskatzaileek DBH edo maila baliokidea amaitu ez duten 16 eta 29 urte bitarteko gazteak, emakumeak edo immigranteak (espainiar nazionalitaterik gabe, baina egoera erregularizatuan) izan behar dute.
Horiez gain, ikastaroetan parte hartu ahal izango dute iraupen luzeko langabetuek ere, baldin eta enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta badaude enpleguko zerbitzu publikoetan 360 egunez gutxienez, PEPI hasi aurreko 540 egunetan.
Prestakuntza eta Enpleguko Programa Integratuek enplegurako formakuntza eskaintzen dute. Gainera, prozesu osoan zehar profesionalen aholkularitza ere eskaintzen da, formakuntza behar bezala amaitzeko eta lan munduratzea laguntzera orientatuta. Era berean, enpresetan praktikak egiteko aukera izango da, eta enpresek, gutxienez, programan parte hartzen duten horien % 25 kontratatzeko konpromisoa hartu dute.
Ikastaroak enpresek dituzten berariazko eskaerei erantzuteko ardaztu dira. Jorratuko diren sektoreak honako hauek izango dira: ostalaritza, etxeko enplegua, igeltserotza, soldadura, merkataritza, makineria gidatzea eta garraioa, biltegiko laguntzaileak edo eraikinen zaharberritzea.
Ikastaroen iraupen 2 eta 5 hilabete bitartekoa izango da, ekainetik abendura bitartean. Ikastaroak Iruñean, Tuteran, Lizarran, Agoitzen, Altsasun eta Donezteben irakatsiko dira.