Nafarroako emakume gazteek gizonek baino 4.500 euro gutxiago irabazten dituzte urtean

Nafarroako Gazteriaren Institutuaren txosten batek Foru Komunitateko gazteen artean dauden genero-arrakala nagusiak identifikatu ditu.

Nafarroako emakume gazteek beren adineko gizonek baino 4.500 euro gutxiago irabazten dute urtean, ia erdiak lanaldi partzialean lan egiten du eta denbora gehiago ematen dute etxean ordaindu gabeko lanetan. Hauek dira Nafarroako Gazteriaren Institutuak egindako txosten baten ondorio nagusietako batzuk. Txostenak, 22 adierazletan oinarrituta, Nafarroako gazteen artean dauden genero-alde nagusiak identifikatu nahi izan ditu.

Txostenak, Nafarroako gazteen artean ematen den genero-indarkeria ere aztertu du. Horrela, 2021. urtean genero-indarkeriagatiko salaketen ehunekoa 17 urtetik beherako emakume gazteetan eta 18-29 urteko emakumeetan, salaketa guztien % 40,51 da. Horietatik % 10,86 17 urte edo gutxiagoko gazteenak ziren, eta % 29,65 18-29 urte bitarteko emakumeenak.

 Erasoen % 27,52 29 urtetik beherako gizonek egin zituzten. 

Enplegua eta lan-baldintzak

Enpleguaren eta lan-baldintzen arloan, azterketak erakusten du gizon eta emakume gazteen jarduera-tasak oso antzekoak direla aztertutako aldian (2011-2021). Zehazki, gizonen jarduera-tasa (% 53,6) emakumeena (% 48,3) baino 5 puntu handiagoa da.

Langabeziari dagokionez, 2018. urteaz geroztik emakumeen langabezia-tasa gizonena baino baxuagoa da. 

Gazteen okupazio-tasek ere ez dute alde handirik gizonezkoen eta emakumezkoen artean. 2021ean, nabarmen handitu zen emakume gazteen okupazio-tasa (% 86,2), gizonezkoen %78,6arekin alderatuta.

Bestalde, 2019-2021 hirurtekoko behin-behinekotasun-tasa nabarmen handiagoa da gizonen artean emakume gazteen artean baino. Azken hiru urteetan, batez beste, emakumeen % 58,4 dago egoera horretan, eta gizonen kasuan, berriz, % 62,9.

Kontratazioaren partzialtasun-tasari dagokionez, askoz handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino (% 44,6 eta % 18,1, hurrenez hurren). Horrek, nolabait, genero-desberdintasuna erakusten du.

Aztertutako aldian ekintzailetza nabarmen handiagoa izan da gizon gazteen artean emakume gazteen artean baino. 2021. urtean gizon gazteen ekintzailetza-tasak (% 10) emakumeenarena (% 5,6) bikoizten zuen ia.

Soldata-arloan ere alde handiak daude. Gizon gazteek 23.882,47 euroko Urteko Batez Besteko Irabazia dute; emakumeek, berriz, 19.362,12 eurokoa. Ikus daitekeen bezala, batez beste, emakume gazteek gizon gazteek baino 4.520,35 euro gutxiago irabazten dute urtean.

Emantzipazioaren kasuan emakumeek joera handiagoa dutela azpimarratu behar da. Horrela, 2021ean, gizon gazteen emantzipazio-tasa % 23,9koa izan zen bitartean, emakume gazteena % 35,9raino igo zen.

Etxean ordaindu gabe egiten den lanaren kasuan, emakumeek adierazten dute egunean 2 ordu ematen dituztela horrelako jardueretan; gizonek, berriz, 1,6 ordu baino ez. Gainera, adinean gora egin ahala alde hori handiagoa da. Ildo berean, emakume gazteek ere gizon gazteek baino ordu libre gutxiago dituztela diote, bai astegunetan, bai asteburuetan. 

Ikasketak eta formakuntza

Eskola-uzte goiztiarraren tasa askoz handiagoa da mutilen artean nesken artean baino. 2019ko eta 2020ko datuetan ikus daitekeenez aipatu tasa hori nabarmen jaitsi da mutilen zein nesken artean. Azken hauen kasuan % 10,1etik % 7,8ra jaitsi da eta mutilen artean, % 17,8tik % 13,8ra.

Unibertsitate-ikasketa presentzialak egiten dituzten gazteen ehunekoa handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino. Kasu horretan aldea 2 puntu ingurukoa da emakumeen alde. 2020-21 ikasturtean emakume gazteen % 12,3 zegoen unibertsitate ikasketak burutzen eta mutilen kasuan, % 10,4. Zoritxarrez, azken ikasturteko datuek erakutsi dutenez, unibertsitateko graduko eta zikloko matrikulazioek tradizioz maskulinizatutako eta feminizatutako karreretarako estereotipoak errepikatzen jarraitzen dute. Ekonomia, kazetaritza, matematika eta estatistikako graduetan oreka handiagoa dago. Medikuntzan, erizaintzan, irakasle-ikasketetan, edo psikologian, aldiz, neskak dira nagusi. Ingeniaritza eta informatika, berriz, oso sektore maskulinizatuak dira.