Nafarroako Gobernuak MRR Investigo programarako laguntza deialdi berri bat jarri du abian. Horren bidez, ikerketa lanak egiten dituzten eta langabezian diren 69 gazteren kontratazioa lagundu nahi da. Deialdi berriaren aurrekontua 2.333.619 eurokoa izango da. Aurreko deialdiarekin alderatuta aurrekontua % 12 igo da. Finantzaketa Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren funtsetik lortu da.
MRR Investigo 2023 programari esker, Nafarroako I+G+b Sistemako erakundeek 69 gazte kontratatzeko aukera izango dute. Gazte horiek langabezian egon beharko dute eta I+G+b esparruan ikerketa lanak egiteko kontratatuko dira. Kontratazioak, nagusiki, etiketatze berdearen eta etiketatze digitalaren esparruan ikertzeko egingo dira.
Hiru jarduera-eremu
Etiketatze berdearen ikerketarako 561.066 euro bideratuko dira. Diru horrekin, trantsizio ekologikoan eta ekonomia berdea deiturikoan laguntzen duten kontratazioak diruz lagunduko dira, energia berriztagarriekin, energia-efizientziarekin, uren eta hondakinen tratamenduarekin, elikadura osasungarri eta iraunkorrarekin eta mugikortasun iraunkorrarekin lotutako jardueren bidez.
Etiketatze digitalaren kasuan ere aurrekontua 561.066 eurokoa izango da. Kasu horretan, zerbitzuen digitalizazioarekin eta datuen ingeniaritzarekin harremana duten egitasmoetan kontratazioak egiteko erabiliko da dirua. Ildo horretan, honako jarduera hauetako kontratuak sustatuko dira: informazioaren tratamendua eta alfabetatze digitala, tresna digitalen bidezko komunikazioa eta lankidetza, edukien sorkuntza, segurtasunarekin lotutako enpleguak eta teknologia berrien erabileran dauden arazo teknikoak konpontzea.
Azkenik, deialdi honek 1.211.485 euro erabiliko ditu beste arlo batzuetako kontratazioak egiteko, hala nola osasuna, turismo jasangarria eta ikus-entzunezko industriak.
Ikertzaileak kontratatzeko dirulaguntza hau lan- eta soldata-kostuak finantzatzeko erabiliko da, Gizarte Segurantzako kontzeptu guztien kotizazio-gastuak barne. Urte bateko kontratazioa estaliko du, beste urte batera luza daitekeena, baldintza batzuk betetzen badira.