Hamar gaztetik bat ohiko maskulinitate tradizionalarekin identifikatzen da

Espainiako gazteen % 10 inguruk uste du “benetako gizona izateak” harreman batean azken hitza izatea eskatzen duela eta, beharrezkoa balitz, indarkeria erabiltzea ere justifikatuta dagoela (% 12,7)

FAD Juventud Fundazioak pasa den hilaren amaieran aurkeztu duen azterlan baten arabera, Estatuko gizon gazteen % 15 baino gehiagok eta emakume gazteen % 8k baino gehiagok genero indarkeria ukatzen dute. Hortaz, batez beste, Espainian, hamar gaztetik batek baino gehiagok, genero indarkeria ‘asmakizun ideologiko’ bat dela dio. Gainera, intentsitate txikikoa den kasuetan, bikotekideen arteko arazo bat besterik ez dela dio.

Ildo berean, % 14k uste du emakumeen profil zehatz bat bakarrik izan daitekeela genero indarkeriaren biktima. Ideia hori hedatuagoa dago gizon gazteen artean (% 18) emakume gazteen artean baino (% 10). Datuak Espainian bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko 1.700 gazteri egindako inkestetan oinarritzen dira. Azterlana Espainiako Eskubide Sozialak eta 2030 Agenda Ministerioaren laguntzarekin egin da.

Arazo sozial larria

Edozein kasutan ere, gazteen gehiengoak (% 74) dio indarkeria matxista oso arazo sozial larria dela. Kasu horretan, 15 puntuko aldea dago gizon gazteek (% 67) eta emakume gazteek (% 82) uste dutenaren artean.

Ildo berean, eta kasu honetan generoen artean alde esanguratsurik gabe, inkestan parte hartu duten gazteen erdiak baino gehiagok dio gizonek emakumeen aldetik pairatzen duten indarkeriari ez zaiola behar bezalako garrantzirik ematen. Zehazki, gazteen % 42k dio gizonak babesik gabe daudela genero-indarkeriagatiko salaketa faltsuen aurrean.

‘La caja de la masculinidad. Construcción, actitudes e impacto en la juventud española’ izenburua duen azterlanak gazteek maskulinitate tradizional hegemonikotik duten hurbiltasuna/urruntasuna aztertzen du. Txostenak, adibidez, benetako gizona izateko, gazteen % 13,5ek jendaurrean negarrik ez dela egin behar bezalako datuak jasotzen ditu. Ildo berean, benetako gizona izateko ez direla emakume-jarrerak izan behar (% 16,3), ez dela panpinekin jolastu behar (% 15,8), edo ez dela lagun homosexualik izan behar (% 11,3) diote hainbat gaztek.

Gainera, % 11,7k dio gizonak izan behar duela azken hitza bere harremaneko edo ezkontzako erabakiei buruz. Gazteen % 12,7k justifikatzen du gizonek indarkeria erabiltzea errespetua lortzeko, beharrezkoa bada; eta % 18,6ri ondo iruditzen zaio prostituziora jotzea sexu-harremanak izateko.

Maskulinitatearen kaxa

Azterlana burutu duen taldeak ‘maskulinitatearen kaxa’ metaforiko bat erabiltzen du gazteak kaxa horren barruan, ertzean edo kanpoan jartzeko. Gizon izateak esan nahi duenari buruzko estereotipo, aurreiritzi, balio eta sinesmen batzuen defentsaren araberakoa izango da haien kokapena, ikuspegi tradizional eta estanko batetik. 

Guztira sei dimentsio aztertu dira: zaurgarritasuna, sexualitatea, balore sozialak, genero-rolak eta identitateak, itxura fisikoa eta indarkeria.

Horrela, kaxaren barruan diren horiek maskulinitatearen ikuspegi tradizionalago eta estankoago bat izango lukete. Kanpoan diren horiek, berriz, ikuspegi zabalago bat izango lukete eta maskulinitatearen ohiko espektatibak hautsi dituzte eta ideia eta jarrera berriak proposatu eta bizi dituzte. Kutxaren ertzean dauden gazteek badakite maskulinitate hegemoniko tradizionalaren genero-aginduak ez datozela bat gizarte garaikidearen errealitatearekin, baina oraindik ez dira argi eta garbi agertu alde edo kontra.

Hamar gaztetik bat, neskak zein mutilak, ohiko maskulinitatearekin identifikatzen da eta, beraz, kaxaren barruan aurkituko litzateke. Gazteen heren bat inguru (% 32,2), berriz, kaxaren ertzean aurkituko litzateke. Hori da kokapen nagusia (% 44,7) gizon gazteen artean. Bitarteko kokapen hori definitzea zailagoa da eta ikertzaileei zaila egiten zaie gazte bat kaxaren barruan edo kanpoan kokatzea. Nolabait esateko, ‘negoziazio prozesu’ batean murgilduta aurkituko lirateke. 

Kutxatik kanpo, bere maskulinitatea eredu hegemoniko tradizionala zalantzan jartzen duten ideia eta jarrerekin bizitzen ari dira Espainiako gazteen % 57,8. Baina kasu horretan, alde handiak daude emakume eta gizon gazteen artean. Horrela, emakumeen % 74,9 kaxatik kanpo kokatzen diren bitartean, ehuneko hori ia 35 puntu baxuagoa da gizonen kasuan (% 41,3). Gainera, kaxaren barruan diren gizon gazteen kopurua (% 14) emakumeenaren baino ia hiru aldiz handiagoa da (% 5,8).

Zoriontasuna eta presio soziala

Azterlanak jasotzen duenez, maskulinitatea ikusteko modu diferentzialak funtsezko faktoreak dira bizitzeko moduari dagokionez. Horrek eragina izango luke zoriontasun mailatik hasi eta maskulinitate hegemoniko tradizionalarekin duen identifikazioaren arabera, intentsitate handiagoz edo txikiagoz, jasaten diren presio sozialetaraino. Adibidez, oro har, gizon gazteek emakume gazteek baino osasun mentaleko adierazle hobeak badituzte ere (hamar neskatik zazpik adierazi dute arazo psikologikoak edo psikiatrikoak izan dituztela azken urtean, eta hamar mutiletatik bostek), kutxaren barruan dauden gizonen artean ohikoagoak dira ondoezak (% 63,8 barruan daudenen artean eta berriz, % 46,5 kanpoan daudenen artean).

Gauza bera ikus daiteke presio sozialaren kasuan. Oro har, emakume gazteek presio handiagoa sentitzen dute (1-10 eskala batean bostetik gorakoa nagusitzen da). Presio hori, nagusiki, honako aldagai hauek eragiten dute: lanean edo ikasketetan arrakasta izatea; sendotasuna erakustea, urduri edo beldurtuta egon arren; tristura edo antsietatea ezkutatzea; eta, fisikoki erakargarriak izatea.

Gizon gazteen kasuan, presioa beste aldagai hauek eragingo lukete: ligatzerakoan aurrea hartu behar izatea; aisialdi testuinguruetan alkohola eta drogak hartu behar izatea; indarkeria erabiltzea ideiak edo erreputazioa defendatzeko; eta, bakarrik heterosexualekin harremanak izatea. Gainera, maskulinitate hegemoniko tradizionalaren kaxaren barruan diren gizon gazteek batezbestekoa igotzen dute eta kaxaren ertzean edo kanpoan diren horiek baino presio handiagoa sentitzen dutela diote. 

Indarkeria gizonen kontua da

Azterlanak erakusten du, halaber, gizon gazteek emakumeek baino indarkeria gehiago erabiltzen dutela, beraiek hala onartuta. Azterlanaren arabera, azken sei hilabetetan, gizonen % 53,2k iseka egin zien beste pertsona batzuei; % 30,1ek iraindu, mehatxatu edo argazkiak argitaratu zituen beste pertsona batzuk lotsatzeko, eta % 37,5ek indarkeria fisikoa erabili zuen. Emakumeen kasuan ehuneko horiek askoz txikiagoak dira: % 42, % 18 eta  % 20,7, hurrenez hurren.

Gainera, kaxaren barruan diren gizon gazteen artean indarkeria erabiltzeko joera handiago bat ikusi da. Adibidez, % 21,1ek bakarrik ez du indarkeria fisikorik erabili azken hilabeteetan; ehuneko hori, berriz, % 82,6koa da kutxatik kanpo diren gizonen artean.

Pairatutako indarkeria ohikoagoa da gizon gazteen artean emakume gazteen artean baino eta maskulinitatearen kaxaren barruan egoteak areagotu egiten du eramankizun hori. Gazteen erdiek baino gehiagok azken sei hilabeteetan indarkeria fisikorik, irainik edo mehatxurik jasan ez duten arren, gizon gazteen kasuan kopuru hori % 17ra jaisten da. Hau da, kaxaren barruan indarkeria, isekak eta jazarpena erabiltzeko zein pairatzeko joera handiagoa izan ohi da. 

Genero indarkeriari dagokionez, gazteek aurreko urteetan baino larritasun maila handiagoarekin hautematen dute indarkeria mota hori. Gazteen % 74,2k oso arazo sozial larria dela uste du; 2021ean kopuru hori % 62,3koa zen. Kutxatik kanpo dauden gizon gazteen % 83k arazoaren larritasun sozialean sinesten du, eta kutxaren barruan, berriz, erdiak baino gutxiagok (% 43).

Izan ere, kaxaren barruan egoteak ala ez argi eta garbi baldintzatzen du genero indarkeriaren inguruan den negazionismoarekiko babesa edo sostengua: % 34,7k uste du asmakizun ideologikoa dela; % 40,7k dio, intentsitate txikikoa bada, indarkeria ez dela arazoa bikotearentzat; eta % 42ren ustez emakumeen profil jakin batzuk bakarrik izan daitezke indarkeria horren biktima.

Langileak eta arduratsuak 

Gazte askok onartzen dute bere ingurunean sarritan erabili izan ohi dela ‘benetako gizona’ edo ‘benetako emakumea’ bezalako espresioa. Gizonen edo emakumeen portaeraren sozializazio-eredu ideal hori maskulinotasunaren kutxan dauden gizonek adierazten dute neurri handiagoan (batez beste, 20 puntu gehiago).

Azterlanak agerian uzten duenez, gizon gazteek bere burua langiletzat (% 51), arduratsutzat (% 44), sentiberatzat (% 44), ulerberatzat (% 35) eta independentetzat (% 35) jotzen dute. Baina gizartean oldarkortzat (% 41), langiletzat (% 37,5), lidertzat (% 35) edo heldugabetzat (% 32) hartzen dituztela uste dute.

Manosfera, emakumeak gorrotatzen dituzten gizonak

Genero indarkeriaren negazionismoak gora egiten du gazteen artean. Diskurtso matxistek indarra hartu dute sare sozialetan eta Interneten eta, ondorioz, ‘manosfera’ (manosphere ingelesez) izenarekin ezagutzen den espazio birtual bat sortu da. Bertan, feminismoaren aurkako mezuak dira nagusi, misoginoak, genero indarkeria ukatzen dutenak eta gizona egungo gizartearen biktimatzat aurkezten dutenak.Manosferak eskura dituen kanal digitalak erabiltzen ditu: Interneteko foroak; webguneak; Facebook taldeak; Telegram, YouTube eta Twitch kanalak, Instagram eta Twitter kontuak…

Horrelako diskurtsoak berriak ez diren arren, badirudi FAD Fundazioak berriki burutu duen “Jóvenes en la manosfera. Influencia de la misoginia digital en la percepción que tienen los hombres jóvenes de la violencia sexual” azterlanaren arabera, gazteen artean gero eta indar handiagoa dutela.

Azterlanak agerian uzten duenez, badira manosferan errepikatzen diren hainbat gai: gizonen errugabetasun-presuntzioa zalantzan jartzearen ideia; erasotzaileen aurkako epaiketa mediatikoen existentziaren ideia; feminismoaren aldetik ‘nik bai sinisten dizut’ leloa modu interesatuan bereganatzea; gizon izateagatik jazarpena pairatzeko beldurra; salaketa faltsuen prebalentzia; ‘txiringito’ feministak egotea; harremanei eta gizonei buruzko teoriak…

Azterlanak zenbait komunitate birtual identifikatzen ditu: MGTOW, Gizonen Eskubideen aldeko Aktibistak, Incelsak, Sedukzioaren Guruak edota youtuber misoginoak. Estatu mailan, gainera, manosferak zuzeneko harremana omen du eskuineko eta muturreko eskuineko alderdiekin.

Ikerketak ondorioztatzen duenez, manosferak gure gizartean funtsezkoak diren gaien inguruko eztabaida publikoa polarizatzen laguntzen du, hala nola sexu-harremanen onespenari buruzko erregulazioa, indarkeriaren biktimen babesa eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideen aitortza.

Era berean, azterlanak antzeman duenez, gizonekin soilik osatutako whatsapp taldeak ezinbestekoak dira feminismoaren aurkako mezuak eta mezu misoginoak zabaltzeko.

Ikerketak ondorioztatzen duenez, manosferak hutsune emozional bat asetzen du, eta gizarte-ordena baten biktima sentitzen diren gizon askoren zaintza-beharrak asetzen ditu.

Horrek bereziki gizon gazteei eragiten die, kontzientzia feminista garatuagoa duten belaunaldi bereko emakumeekin erlazionatzen direlako. Horregatik, txostenaren arabera, funtsezkoa da gizon gazteen behar sozio-afektiboei ere arreta jartzea horrelako mezu eta idei misoginoekin amaitzeko.