Genero berdintasunik gabe ez dago Giza Eskubiderik

Aurtengo Martxoaren 8ko Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna giza eskubideen defentsan ardaztuko da. NBE Emakumeak erakundearen ustez, 2020 aukera bikaina izan daiteke munduko ekintza mobilizatzeko, genero-berdintasuna lortzeko eta emakume eta neska guztien giza eskubideak gauzatzeko. NBE Emakumeak genero-berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea sustatzen dituen Nazio Batuen erakundea da. 

Nazioarteko erakunde horrek Emakumearen Egunerako gai nagusitzat honako hau aukeratu du: “Berdintasuna belaunaldikoa naiz: emakumeen eskubideen alde”. Lelo hori bat dator NBE Emakumeakek abian jarri duen kanpaina berriarekin (“Berdintasuna Belaunaldia”). Aipatu kanpainaren xedea da 1995. urtean Emakumearen IV. Mundu Batzarrean onartu zen Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataformaren 25. urteurrena ospatzea. Adierazpen hori, gaur egun emakumeen eta nesken ahalduntzerako mundu osoan den ibilbide-orririk aurrerakoiena da.

Aldi berean, NBE Emakumeakek aurten genero berdintasunaren aldeko mugimenduaren beste zenbait gertaera garrantzitsu ere ospatuko direla gogoratzen du: Garapen Jasangarriaren Helburuak lortzeko bost urteko ibilbidea; Emakumeei, Bakeari eta Segurtasunari buruzko Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 1.325. ebazpenaren 20. urteurrena; eta, NBE Emakumeak erakundearen sorreraren hamargarren urteurrena.

Erakunde horrek azaltzen duenez, azken urteetan hainbat aurrerapauso eman badira ere, benetako aldaketa “motela da munduko emakume eta neska gehienentzat”.

Ez da genero-berdintasuna lortu

Beijingo Adierazpena onartu zenetik  ahalegin ugari egin badira ere, NBE Emakumeak erakundeak dio gaur egun “herrialde batek ere ezin duela esan genero-berdintasuna lortu duenik”.

Erakunde horren arabera, emakumeek eta neskek gutxietsiak izaten jarraitzen dute; gehiago lan egiten dute, gutxiago irabazten dute eta aukera gutxiago dituzte; eta, gainera, hainbat indarkeria modu jasaten dituzte etxean zein espazio publikoetan. Bestalde, erakunde berak ohartarazten duenez, mugimendu feministak esfortzu handiarekin lortu dituen lorpen guztiak leheneratzeko arriskua gero eta handiagoa da. 

Gaur egun, mundu osoko herrialdeen hiru laurdenek etxeko indarkeriaren aurkako legeak dituzte; hala ere, egunero, mundu osoan, 137 emakumek bizitza galtzen dute bere familiako kide baten eskutik; eta Europar Batasunean,  10 emakumetik batek dio ziberjazarpena jasan duela 15 urtetik aurrera.

Gaur egun, gero eta gehiago dira hezkuntza-sisteman sartzea lortzen duten emakumeak eta neskak, baina, hala ere, lan-merkatuan den genero-arrakalak berean jarraitzen du. 

Etxeko lanak eta ordaindu gabeko zaintza-lanak, neurri handi batean, emakumeek egiten dituzte, nonahi daudela ere eta, oro har, hori haien hazkunde profesionalaren eta parte-hartze ekonomikoaren kontura izaten da.

Munduan den pobrezia-mailak behera egin badu ere, munduan diren pobre gehienak emakumeak dira: 25 eta 34 urte bitarteko emakumeek gizonek baino % 25 aukera gehiago dituzte muturreko pobrezian bizitzeko.

2020ko Genero Arrakala Globalaren Txostenaren arabera, 99,5 urte beharko lirateke genero-berdintasuna lortzeko. 

Emakumeak eta Garapen Jasangarriko Helburuak

Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak eta bertan zehazten diren  Garapen Jasangarrirako 17 Helburuek (GJH) garapen jasangarria lortzeko bide-orri bat proposatzen dute. Genero-berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea lortzea 17 helburu horien zati integrala da.

NBE Emakumeak erakundeak argitaratu duen “Promesak egi bihurtu: Genero-berdintasuna garapen iraunkorrerako Agenda 2030ean” txostenean jasotzen denez, genero-desberdintasunak kuantifikagarriak dira, eta arazo orokorra garapen iraunkorraren dimentsio guztietan azaltzen den arazo orokortua da.

Pobreziaren esparruari dagokionez, adibidez, munduan egunero 1,90 dolar baino gutxiagorekin bizi diren 330 milioi emakume eta neska dira. Gizonen kasuan, kopuru horrekin edo gutxiagorekin bizi direnak 4,4 milioi gutxiago dira.

Ildo berean, ia hiru herrialdetatik bitan, emakumeek gizonek baino aukera handiagoa dute elikadura-segurtasun falta izateko.

Osasun esparruan, 303.000 emakume hil ziren 2015ean, haurdunaldiarekin harremana duten arrazoiengatik.

Hezkuntza esparruan, eskola-adinean diren 15 milioi neskatok ez dute aukerarik izango lehen hezkuntzan irakurtzen edo idazten ikasteko, 10 milioi mutikorekin alderatuta.

Iturriko ura eskura ez duten etxeen % 80an emakumeak eta neskak dira ura biltzeaz arduratzen direnak.

GJH3aren azterketak, hots, Genero Berdintasunari dagokion GJHak, oso modu argian azaltzen ditu diskriminazio horiek guztiak: 

  • 18 herrialdetan, senarrek legez eragotz dezakete beren emazteek lan egitea; 39 herrialdetan, alabek eta semeek ez dituzte oinordetzarako eskubide berberak; 49 herrialdetan, aldiz, ez dute emakumeak etxeko indarkeriatik babesteko legerik.
  • 50 urtetik beherako bost emakumetik batek salatu du indarkeria fisikoa edo sexuala jasan duela bikotekidearen aldetik. 
  • 750 milioi emakume eta neska 18 urte bete baino lehen ezkontzera behartuak izan dira, eta 30 herrialdetako 200 milioi emakumek eta neskek, gutxienez, mutilazio genitala jasan dute.
  • Emakumeek egiten duten etxeko lanaren eta ordaindu gabeko zainketen karga gizonezkoek hartzen dutena baino 2,6 aldiz handiagoa da.
  • Emakumeak nekazaritza-lurren jabe guztien %13 baino ez dira.
  • Emakumeek gizonek baino aukera gutxiago dituzte sakelako telefono bat izateko, eta Internet erabiltzeko duten aukera gizonek dutena baino 5,9 puntu txikiagoa da.
  • 2017. urteko irailera arte, emakumeek mundu osoko legebiltzar-aulkien % 23,7 bakarrik hartzen zuten.

Datu horiek guztiek agerian uzten dute herrialde guztietan emakumeek eta neskek elkarren artean harremana duten hainbat diskriminazio mota pairatzen dituztela eta horien ondorioz, garapenetik kanpo geratzen direla.

Iruzkin 1
  • […] Donostiako BHI Antigua Luberri taldearen “Denok berdinak gara” bideoak irabazi du, genero desberdintasunei buruzko esperimentu grafikoa erakutsiz. Aipamen berezia Donostiako “Beldurbarik” […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.