Antisorgailuen gida

Sexu harremanak izaterakoan neurriak hartu behar dira aipatu bi arrisku horiek ekiditeko. Sistemarik gomendagarriena preserbatibo edo kondoiaren erabilera da, haurdunaldiak eta gaixotasunen transmisioa ekiditen dituelako eta nahikoa metodo merkea delako. Norberaren egoeraren baitan antisorgailu bat edo beste izan daiteke egokiena. Zalantzak izanez gero, zure medikuari aholku eskatu beharko zenioke.

PILULA ANTISORGAILUA

Pilula antisorgailua emakumeek erabiltzen duten ahozko antisorgailua da. Pilula horrek emakumearen hormona-zikloan eragiten du eta obulazioa eta haurdunaldia ekiditen ditu. Eraginkortasun handia duen pilula da eta gero eta albo-ondorio gutxiago ditu. Sistema horrek, hala ere, ez du sexu-harreman bidez kutsatzen diren gaixotasunak ekiditeko balio.

Pilula hartzeko ezinbestekoa da espezialistarekin harremanetan jartzea. Berak adieraziko du emakume batek tratamendua has dezakeen ala ez. Pilula oso antisorgailu eraginkorra da espezialistaren gomendioak jarraitzen badira eta pilula behar bezala hartzen bada. Horrez gain, pilulak beste hainbat min edo ondoez arintzeko ere balio du, hala nola, hilerokoaren aurretik izaten den sindromea eta azalean diren aldaketak.

HURRENGO EGUNEKO PILULA

Gero eta gazte gehiagok jotzen dute hurrengo eguneko pilula delakora haurdun ez geratzeko helburuarekin. Pilula hori ez da metodo antikontzeptibo bat, emergentziako medikamentu bat baizik. Antisorgailurik erabili ez denean edota horiek gaizki erabili ondoren haurdun geratzeko arriskua murrizteko erabiltzen da.

Hurrengo eguneko pilula ahalik eta arinen hartu behar da. Ahal izanez gero, lehen 24 orduetan eta, edozein kasutan, babesik gabeko harreman sexuala izan eta hurrengo 72 orduak baino lehen. Kontuan izan behar da medikamentu horrek ez duela babesik ematen ondorengo sexu harremanetarako eta ez dela ohiko antisorgailu bezala erabili behar.

ERAZTUNA

Emakumearen baginan jartzen den plastikozko eraztun bat da eta pilularen antzera lan egiten du. Hiru astez eraman behar da jarrita eta denbora horretan hormonak askatzen ditu. Laugarren astean eraztuna kendu egiten da eta orduan ematen da obulazioa. Antisorgailu eraginkorra den arren, ez du sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunetatik babesten.

PARTXE ANTISORGAILUA

Pilularen antza du antisorgailu horrek. Emakumearen azalak jasotzen dituen hormona batzuk askatzen ditu partxeak eta horrela ekiditen da haurdunaldia. Tratamenduak hiru aste irauten du, astean partxe bat jartzen da eta laugarrenean ez da jarri behar. Antisorgailu hori erabiltzeko adituaren gomendioak jarraitu behar dira.

Antisorgailu eraginkorra den arren, ez du sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunetatik babesten.

INJEKTAGARRIAK

Bi mota daude: hilekoa eta hiruhilekoa. Hileko injektagarria antisorgailu konbinatua da, bi hormona (estrogenoa eta gestagenoa) baititu. Honek pilularen eragin berbera du.

Hiruhileko injektagarriak hormona bakar bat baino ez du (gestagenoa) eta pilula txikiaren eragin berbera du.

UBGa (DIU)

UBGa (erdaraz DIU) emakumeak erabili behar duen antisorgailua da. Polietilenoz eginiko gailu bat da, eta kobrezko filamentu bat du. Emakumearen uteroan jartzen da aparailua eta horren bidez, gerta daitezkeen haurdunaldiak ekiditen dira. Antisorgailu hori erabiltzeko ezinbestekoa da medikuarengana jotzea, pertsona horrek gainbegiratuko baitu prozesu guztia.

Pertsona askok UBGa ezerosoa dela uste duen arren, antisorgailu eraginkorra dela esan beharra dago. Hala ere, ez du sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunetatik babesten.

UMETOKI BARNEKO ASKAPEN SISTEMA:

Umetokiaren barnean jartzen den antisorgailua da hori eta UBGaren antza du. Emakumearen umetokiaren barnean jartzen den gailuak, ordea, emakumeak modu naturalean sortzen dituen antzeko hormona kantitate txikiak askatzen ditu. Horri esker, antisorgailu eraginkorra da.

Antisorgailu hori denbora luzez erabil daiteke, bost urte arteko iraupena du, nahiz eta, edozein momentuan eten daitekeen tratamendua izan. Sistema hori erabiltzeko ezinbestekoa da medikuarengana jotzea, berak zehaztuko baititu sistemaren inguruko nondik-norakoak. Antisorgailu horrek ez du sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunetatik babesten.

PRESERBATIBOA / KONDOIA:

Umetokiaren barnean jartzen den antisorgailua da hori eta UBGaren antza du. Emakumearen umetokiaren barnean jartzen den gailuak, ordea, emakumeak modu naturalean sortzen dituen antzeko hormona kantitate txikiak askatzen ditu. Horri esker, antisorgailu eraginkorra da.

Antisorgailu hori denbora luzez erabil daiteke, bost urte arteko iraupena du, nahiz eta, edozein momentuan eten daitekeen tratamendua izan. Sistema hori erabiltzeko ezinbestekoa da medikuarengana jotzea, berak zehaztuko baititu sistemaren inguruko nondik-norakoak. Antisorgailu horrek ez du sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunetatik babesten.

EMAKUMEENTZAKO PRESERBATIBOA:

Poliuretanozko zorro bat da, kondoia baino zabalagoa, baginan sartzen dena. Bi uztai txiki ditu muturretan, alde batetik itxia da eta bestetik zabalik dago. Alde itxitik sartzen da baginara sexu harremana izan aurretik. Baginan sexu-harremana izan baino 8 ordu lehenago ere sar daiteke. Azkenean sexu harremana izan ala ez, preserbatiboa atera eta bota egin behar da. Sexu-lubrifikatzaileekin batera ere erabil daiteke, poliuretanozkoa baita. Latexezkoa ez denez, ez dago alergia sortzeko arriskurik.

Eragozpen gisa, egoki erabiltzeko praktika eta esperientzia eskatzen duen antisorgailua da. Gainera, alutik zertxobait kanpora ateratzen denez, emakumearen kasuan murriz dezake sexu-harremaneko plazerra. Kondoia baino garestiagoa ere bada eta botiketan bakarrik saltzen da.

DIAFRAGMA

Diafragma emakumeek erabiltzen duten antisorgailua da. Latexez eginiko kapusoi bat da eta koitoaren aurretik baginan sartzen da. Antisorgailu horrek haurdunaldiak ekiditen ditu baina, ez da erabat segurua sexu harreman bidez kutsatzen diren gaixotasunen aurrean. Gainera, espermizida erabiltzea ere beharrezkoa da. Izan ere, diafragmak espermatozoideen sarrera oztopatzen du eta espermizidak kaltetu egiten ditu. Antisorgailu hau edozein emakumek erabil dezake. Hala ere, hau erabiltzen hasi aurretik derrigorrezkoa da espezialistari kontsulta egitea.

TRONPEN LOTURA

Sabelean ebaki txiki bat egiten da eta umetoki-tronpak mozten dira, obuluak pasa ez daitezen eta ernalduak izan ez daitezen. Hainbat prozeduraren bidez egin daiteke, nahiz eta ohikoena laparoskopia izan. Duela gutxi ESSURE metodoa garatu berri dute eta metodo honetan tronpa moztu beharrean, buxatu egiten dira. Dispositiboa jartzeko ez da ez anestesiarik, ez ospitaleratzerik behar.

BASEKTOMIA

Ebakuntza kirurgiko hau egiteko anestesia lokala erabiltzen da. Hodi deferenteak (espermatozoideak pasatzen direneko hodiak) moztean datza, espermatozoideak semenaren parte izan ez daitezen. Ez da ospitaleratzerik behar eta arriskuak oso txikiak dira. Ebakuntzak ez du inola ere sexu gaitasuna murriztuko eta sexu harremanak lehen bezalakoak izango dira. Sexu desirak eta eiakulazioak ez dute aldaketarik nabarituko.

OGINO

Urtebetez zehar zikloei erreparatuko diegu zer-nolako erregulartasuna duten ikusteko. Hilekoaren lehen egunetik aurrera, obulatzeko arriskurik txikien dituzten zenbait egun kalkulatzen dira. Obulazioaren aurreko bost egunetan eta baita obulazioaren osteko hurrengo egunetan ere ez da estalketarik egin behar. Metodo hau oso hileko erregularrak dituztenentzat baino ez da erabilgarria. Ez da batere gomendagarria.

BILLINGS

Muki zerbikalean ematen diren aldaketak aztertzen dira egun emankorrak kalkulatzeko. Hilekoaren ostean lehortasuneko egun batzuk datoz, muki zerbikalik ez dagoelako. Gero, halako mukositate eranskor eta umeltasunsentsazioa agertzen da (egun emankorrak dira hauek) puntako egunera heldu arte; hemendik aurrera mukia oparoagoa eta eranskorragoa da. Ez da batere gomendagarria.

TENPERATURA BASALA

Metodo honen arabera tenperatura basalaren aldaketak kontuan hartuta jakin daiteke noiz izango den obulazioa. Egunero, ohetik jaiki aurretik, hartuko da tenperatura eta oso altua den egunetan ez dugu sexu harremanik izango haurdunaldirik izan ez dadin.Ez da batere gomendagarria.

METODO SINTOTERMIKOA

Arestian aipatu ditugun metodo batzuk konbinatzen ditu. Muki zerbikalaren aldaketek eta metodo oginoak egun ugalkorrak antzemateko balio dute eta mukiaren aldaketek eta tenperatura basalak egun horiek noiz ez diren ugalkorrak kalkulatzeko balio dute. Ugalkorrak diren egun horietan sexu harremanik ez izanez gero, ez omen da haurdunaldirik izango. Ez da batere gomendagarria.

COITUS INTERRUPTUS

Coitus interruptus egiten dela esaten da sexu harremanean zehar zakila isurtzea gertatu baino lehenago baginatik ateratzen denean. Fidagarritasun eskaseko metodoa da eta ez ditu ekiditen sexu transmisiozko gaixotasunak. Ez da batere gomendagarria.

BAGINAKO BELAKIA

Belaki sintetiko bat da, baginan sartu ondoren espermizida askatzen duena. 5 cmko diametroa du gutxi gorabehera. Baginara modu egokian sartu ondoren, 24 ordutarako antisorgailu moduan funtzionatzen du, zakilak askatzen duen isuriko espermatozoideak akabatuz. Belakiak hesi moduan ere funtzionatzen du. Koitoa burutu ondoren, 6 orduz eduki behar da baginan, espermatozoideak guztiz ezabatzeko, baina 30 ordu baino lehen erretiratu egin behar da. Eraginkortasuna %70-%80 ingurukoa da. Beraz, ez da metodo antisorgailu fidagarria, kondoiaren aldean batez ere. Sexu-transmisiozko gaixotasunak gainera ez ditu ekiditen. Ez da batere gomendagarria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.