Desagertuko eta sortuko diren lanbideak

Robotek, adimen artifizialak, automatizazioak eta bestelako berrikuntza teknologikoek jada ohiko hainbat lanbideren desagerpena eragin dute.

Egun diren lanpostuen % 47 inguru automatizagarriak izango dira epe motz edo ertainean eta, beraz, Oxford Unibertsitateko Carl Benedikt Frey eta Michael A. Osborne irakasleek 2013an egin zuten The future of employment azterlanaren arabera, arrisku handiko egoeran aurkitzen dira. Horien ustez, lanbide guztiak, maila batean, automatizagarriak izango dira.

Etorkizuna beltz kolorekoa izango dela dirudien arren, sormena, adimen soziala edo trebetasun maila handia eskatzen duten lanbideen kasuan bada itxaropenerako tarterik.

Pasa den urtearen amaieran Munduko Foro Ekonomikoak (MFE) argitaratu zuen Lanbideen etorkizuna 2018 (The Future of Jobs 2018) txostenak ideia hori berresten du eta teknologia berrien gaitasuna edo potentziala nabarmentzen du.

Automatizazioa, algoritmoak eta bestelako aurrerapenak norabide berean joango dira, ez bakarrik milioika lanpostu suntsitzeko, baita “kalitate handiko lanbide berriak” sortzeko ere.

The Future of Jobs 2018 “analisi positibo bat da”, azpimarratzen du MFEko presidente exekutibo Klaus Schwabek. Bi urtean behin argitaratzen den txostenak aintzatespen handia du adituen artean, nagusiki, landu beharreko agendan eragiteko duen gaitasunagatik. 2016. urtean argitaratu zen txostena, adibidez, salmentetan arrakasta itzela izan zuen liburu bilakatu zen (Laugarren industria iraultza). Aipatu txostena, lanaren etorkizunari buruz hitz egiteko ezinbestekoa bilakatu da.

Munduko Foro Ekonomikoaren txostenak ohartarazten duenez, agertokirik okerrena ere posible da: langabezia masiboa, talentu falta eta gero eta desparekotasun handiagoa. Munduko Foro Ekonomikoak azaltzen duenez, agertoki hori ekiditea enpresen ardura da eta, orain arte, hori ekiditeko beharrezkoak diren neurriak ez direla hartzen ari salatzen du. 

Trebetasunak hobetu

Konpainiaren barruan balorazio ona duten eta jada trebakuntza-maila handia duten langile gutxi batzuk soilik laugarren industria iraultzari aurre egiteko beharrezkoa den trebakuntza jasotzen ari dira; beste langile guztiek atzean geratzeko arriskua dute. Enpresen % 84k testuinguru berriari aurre egiteko beharrezkoak dituzten trebetasunak dituzten langileak kontratatzeko asmoa dutela adierazi dute. Jada lanean diren langileei beharrezkoa duten prestakuntza emateko prest diren enpresen kopurua, berriz, % 72koa da. Kontratatzea trebatu aurretik; amesgaiztoa milioika profesionalentzat.

MFEk iradokitzen duenez, irtenbidea ezin da trebakuntza egokia duten langileak kontratatzera mugatu. Erlojuz kontrako lasterketa bat hasi da: hemendik eta 2022. urtera bitartean, gutxienez, langileen % 54k euren gaitasunak hobetu beharko dituzte. Horietatik, % 35ek nahikoa izango du sei hilabeteko prestakuntza; % 9k sei hilabete eta urtebete bitarteko prestakuntza behar izango du; eta % 10ek urtebete baino gehiagoko prestakuntza behar izango du. Datozen urteetan jorratu behar izango dituzten gai nagusiak honako hauek izango dira: pentsamendu analitikoa, berrikuntza, ikaskuntza aktiboa, diseinu teknologikoa edo programazioa. 

Nork galduko du?

Lanbide fisikoak eta eskulangileak oso kaltetuak aterako badira ere
(% 14 ordu gutxiago 2030. urtean), kaltetuenak oinarrizko gaitasun kognitiboak dituzten lanbideak izango dira (% 15 ordu gutxiago). Hau da, kaltetuenak ezagutzarekin harremana duten lanpostuak izango dira, baina oinarrizko maila batean. 

Hori da, hain zuzen ere, McKinsey konpainiak burutu duen Skill shift: automation and the future of the workforceizenekoikerketak azaltzen duena. Ikerketa hori bost herrialdetan lortutako datuetan oinarritzen da eta horietako bat Espainia da. 

Bost edo hamar urte barru, ohikoa edo aurresangarria den edozein lan algoritmo matematiko batek egin ahal izango du. Hori da, behintzat, John Puglianok, The Robots are Coming: A Human‘s Survival Guide to Profiting in the Age of Automation liburuaren egile polemikoak baieztatzen duena.

Aurrerapen teknologikoek langileek fabriketan egin ohi zituzten lanak ordezkatu dituzten bezala, etorkizunean trabakuntza handiagoa duten langileen postuak desagertzeko zorian izan daitezke. 

MFEren txostenean ‘erredundante’ adjektiboa aipatzen da behin eta berriro, etorkizunean ezinbestekoak izango ez diren lanbideak aipatzeko. Ohiko enpleguak dira, lepo zurikoak eta maila ertaineko gaitasunak eskatzen dituztenak. Lanpostu horiek, nagusiki, merkataritza-banka eta merkataritza sektoreetan metatzen dira. Azken urteetan, etorkizunean gerta daitekeenaren adibideak ikusi ahal izan dira eta, adituen ustez, joerak okerrera egingo du.

Langile horiek guztiek arazo komun bati aurre egin beharko diote: etorkizuneko lanpostuetan eskatzen diren trebetasunak eta beraiek dituztenak guztiz ezberdinak dira. Banka eta merkataritza sektoreko langileak banantzen dituen muga da: kasu bietan arazoak izango dituzten arren, lehenengoek erraztasun handiagoak izango dituzte kalitate handiko lanpostu berri bat aurkitzeko, printzipioz, euren hasierako formakuntza-maila altuagoa delako.

Egoera okerragoan aurkituko dira kutxazainak edo saltzaileak. Horiek guztiek sektoreko langileen % 45 inguru dira. Normalean, goi-mailako hezkuntzarik ez dutenez gero, beste sektoreren batean bilatu beharko dute lana.

2022. urtea bitartean egonkor mantenduko diren enplegu gehienek espezializazio-maila altuagoa eskatuko dute. Hori edo enpresa-hierarkiaren goiko mailatan aurkitzen diren lanpostuak izango dira: buru exekutiboak, giza baliabideetako edo arriskuen kudeaketarako adituak, analistak, energian, robotikan edo erregaietan espezializatutako ingeniariak…

Datuen analisia egiten duten langileek, unibertsitateko irakasleek edo logistikan lan egiten duten profesionalek, antzeko egoeran geratu diren langileen multzoa osatuko lukete. Talde hori langileen erdia izango da (% 48).

Non izango dira lan aukerak? 

Ustekabeko arazoak konpontzeko, gerta daitekeenari aurre hartzeko, arriskuak hartzeko eta erantzun sortzaileak emateko gai diren langileek aukera berriak izango dituzte. Gauza horiek guztiak, printzipioz, algoritmo batek egin ezin dituen gauzak dira.

McKinseyk egin duen txostenaren arabera, etorkizunean etekin gehien aterako duten langileak gaitasun kognitibo altuak dituzten horiek izango dira: gatazken konponketa, lantaldean lan egitea bezalako gaitasun sozialak eta emozionalak eta gaitasun teknologikoak. Azken horretan, adibidez, osasunaren, hezkuntzaren, marketinaren eta kudeaketaren sektoreak gailentzen dira. Horrela, 75 eta 375 milioi langile inguruk (mundu osoko langileriaren % 3 eta % 14 bitartean) bere burua egokitu beharko du langabezian ez amaitzeko.

Munduko Foro Ekonomikoak azaltzen duenez, segurtasun informatikoko adituek edo eraso informatikoei aurre egiteko gai izan daitezkeen profesionalek aukera handiak izango dituzte lanpostu onak lortzeko. Hori ez da onurak aterako dituen sektore bakarra.

Giza harremanekin erlazioa duten edo algoritmoek ordezkatu ezin duten giza gaitasun garbiak dituzten arloetan ere ez da arazo handirik izango. Kasu horretan, psikologoez, psikiatrez edo gizarte-langileez hitz egiten da.

MFEren txostenak dioenez, garatzen ari diren teknologien erabileran (adimen artifiziala, ‘big data’, informazioaren segurtasunerako analisia edo automatizazio prozesuetako adituak) espezializatutako lanbideetan ‘boom’ bat emango da.

Horixe da, hain zuzen ere, langileek duten mehatxurik handienetako bat. 2020. urtea enpresen erdiak langile kopurua murriztea aurreikusten du automatizazioa dela eta.

Gizakion eta roboten arteko elkarbizitza

MFEren txostenak, lehen aldiz, gizakion eta roboten arteko elkarbizitza jorratzen du. Nola banatuko dira lan egin beharreko orduak? Zenbat lanordu burutuko dituzte gizakiek eta zenbat robotek? Une honetan, gizakiok lanorduen % 71 betetzen ditugu eta robotek beste % 29. 2022an, berriz, aurreikuspena guztiz desberdina da: gizakiok lanorduen % 58 egingo ditugu eta robotek % 42. 

Gaur egun, robotek gizakiok baino lan gutxiago egiten dute sektore guztietan, baina MFEk azpimarratzen duenez, hori ez da horrela izango hiru urte barru. Zehazki, datuen eta informazioaren prozesamenduan ataza gehienak automatikoki egingo dira. 

Txostenean behin eta berriro aipatzen dira ‘hazkundea’ eta ‘handiagotzea’ terminoak. Hitz horiek primeran laburtzen dute txostenaren ideia nagusia. Azken finean, ez da kantitate kontu bat, eraginkortasun kontua da: jada existitzen diren lanbideetan ataza berriak azalduko dira. Hor dugu, adibidez, osasunaren esparruan pazienteen urrutiko monitorizazioa.

Kasurik onenean, aurrerapen teknologikoek ataza bat burutzeko beharrezkoak diren pertsonen kopurua murriztuko dute, baina hori lanpostu berrien eskaintzarekin orekatuko litzateke.

Oro har, eta Munduko Foro Ekonomikoaren kalkuluen arabera, 75 milioi lanpostu inguru desagertuko dira (txostenaren terminologian ‘egokitu gabe’ egongo dira) eta beste 133 milioi rol berri agertuko dira epe berean.  Saldoa, beraz, positiboa izango litzateke ekonomia globaleko adituen ustez. Hiru urte itxaron beharko ditugu aurreikuspen horiek betetzen diren ala ez ikusteko.