Birjintasuna galdu: ondo pentsatu beharreko gauza

Jende askorentzat, balore erlijioso edo bestelakoengatik, birjintasuna oso gauza garrantzitsua da. Beste batzuentzat, berriz, neurriz kanpo baloratuta dago. Batez ere EE.BBetatik iristen zaizkigun eduki kultural desberdinetan birjintasuna ezkontzaraino mantendu beharreko zerbait bezala azaltzen zaigu.

Norberak nahi duen adina garrantzi eman beharko lioke bere birjintasunari, eta bere lehen harreman sexuala norekin, noiz eta non izango den erabaki behar du. Garbi dago erabaki hori ez dela nolabaitekoa, azken finean, lehen harremana berezia da eta, zentzu horretan, konnotazio bereziak ere baditu (mundu guztiak gogoratzen du bere lehen aldia, adibidez). Horregatik, batez ere nerabetasunean, ahalik eta informazio gehien behar da lehen koitoa ahalik eta laketgarriena izan dadin eta modu arduratsuan eman dadin.

Gehiago egongo dira

Harreman sexualak pertsona guztien bizitzaren zati garrantzitsu bat dira. Beti dago lehen aldi bat eta beti egongo dira lehenengoaren ondoren beste hainbat. Lehenengo aldia ondo edo gaizki joan daiteke, beti ere norberaren itxaropenen arabera, baina, normalean, lehengo aldi horrek ondorengo harremanak baldintzatuko ditu. Lehen esperientzia atsegingarria bada eta bi kideak gustura geratu badira harreman hori errepikatu egingo da. Ostera, lehen esperientzia laketgarria ez bada zalantza izpi bat geratuko da eta horrek hurrengo harremanak ere baldintzatuko ditu.

Horrela, sexua modu arduratsuan izateko, eta etorkizunean nahi ez diren arazoak ekiditeko, lehenik eta behin birjintasuna galtzeak zer suposatzen duen jakin behar da. Hasteko, bikotekide biak egoeraren gainean izan behar dira, jazoko denaren inguruan ziur izan eta egoerarekin eroso egon. Bestalde, funtsezkoa da Transmisio Sexualeko Gaixotasunak eta nahi ez diren haurdunaldiak ekiditeko beharrezkoak diren neurriak hartzea. Aipatu bi erregelak nahita nahiez jarraitu beharko lirateke; kideak onartzen ez baditu, hobe parte ez hartzea.

Gazteegia?

Ez dago adin zehatzik sexu harremanetan hasteko. Hala ere, zenbat eta gazteago hasi, seguruenik gero eta informazio gutxiago izango da, eta horrek, negatiboki eragingo du harreman horietan. Koitora iritsi baino lehen, komenigarria da nolabaiteko esperientzia izatea, horrek konfiantza ematen duelako. Inolako esperientziarik gabe zuzenean koitora joatea ez da ideia ona. Horrela, birjintasuna galdu baino lehen, komenigarria da zure gorputza ahal den neurrian ondo ezagutzea, eta zergatik ez, baita zure bikotekidearena ere. Modu horretan, zuri zer gustatzen zaizun eta zure kideari zer gustatzen zaion ezagutuko duzu.

Birjintasuna noiz, norekin eta non galdu erabaki guztiz pertsonala da. Lasaitasunez hartu beharreko erabakia da eta ahal den neurrian kanpo presiorik gabe (bikotekideak eskatzen dizulako, zure lagunek jada egin dutelako…) Zure buruarekin konforme egon behar duzu, eta horrela ez bada, hobe pauso hori ez ematea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.