FAD Fundazioak Covid-19k eragin duen pandemiaren aurrean gazteek jarduteko duten gaitasuna ikusgai jarri nahi duen sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du martxan. #BajaUnDedoFad lelopean garatzen ari den kanpainaren xedea da gazteen konpromisoari eta tolerantziari bultzada bat ematea, ingurumenaren defentsan, feminismoan eta etnia eta arrazen arteko berdintasunean hauen inplikazioa bultzatuz.
Kanpainak “Jaitsi hatz bat, zuretzat EZ, EZETZA bada”, “Jaitsi hatz bat, zuretzat zerbaiten alde ez egitea kontra egotea bada” eta “Jaitsi hatz bat, merezi duzun etorkizuna lortzeko garaia dela uste baduzu” bezalako leloak erabiltzen ditu.
FAD Fundazioko bozeramaileek azaldu dutenez, nahiz eta gaur egun gazteria pandemiak gehien kaltetzen ari den sektoreetako bat ez izan, etorkizunean osasun-krisi honek utziko dituen albo-ondorioak pairatu behar izango ditu, bereziki, enpleguari, hezkuntzari eta ongizate emozionalari dagokionez. EUROSTAT Europako Estatistika Bulegoaren arabera, Europar Batasuneko herrialde guztietatik Espainia da, une honetan, 25 urtetik beherako gazteen artean langabezia-tasarik altuena duen estatua.
Gainera, Lanaren Nazioarteko Erakundeak egindako “Gazteak eta COVID-19: ondorioak enpleguetan, hezkuntzan, eskubideetan eta buru-ongizatean” ikerketaren arabera gazteen % 65ak uste du bere hezkuntza-jarduerak eragin negatiboa izan duela pandemia hasi zenetik.
#BajaUnDedoFad sentsibilizazio kanpaina digitalaren berri emateko, batez ere, Instagram eta Tik Tok plataformak erabili dira, horietan gazte asko biltzen direlako. Orain arte, zortzi milioi ikuspen baino gehiago izan dituzte kanpainako ikus-entzunezko piezek, eta hiru milioi gazte iritsi dira sare sozialetan.