Eusko Jaurlaritzak eta Galtzagorri Elkarteak Euskadiko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleak trebatuko dituzte horiek haur eta gazteen artean euskarazko irakurzaletasuna susta dezaten. Ekimenaren arabera, Galtzagorriko kideek 40 liburu inguru eramango dituzte eskoletara. Han, liburu guztien gaiak eta ildo nagusiak aurkeztuko eta azalduko zaizkie irakasleei, baita irakurzaletasuna sustatzeko jorra daitezkeen dinamiken eta estrategien proposamena egin ere.
Ekimen horretan parte hartu nahi duten ikastetxeek otsailaren 5era arte izango dute horretarako aukera. Proiektuak 30.000 euroko aurrekontua izango du, eta kopuru hori agortu arteko saioak eskainiko dira. Irakasleek ezezik, udal liburutegietako langileek ere aipatu saioetan parte hartzeko aukera izango dute. Modu horretan, ekimenak ikastetxeen eta udal liburutegien arteko sare-lana indartzeko baliagarri izatea espero da.
Ekimenaren xede nagusia euskarazko irakurzaletasuna sustatzea bada ere, zeharka beste zenbait helburu ere lortu nahi dira. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek aurkezpen-ekitaldian azaldu duen moduan, “Ekimen honen bidez hainbat helburu lortu nahi ditugu: irakurzaletasuna sustatu, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura ezagutzera eman, euskara gozamenarekin lotu, euskara-maila hobetzen lagundu…”.