Mendiko zinema bueltan izango da udazken honetan Mendi Tour jaialdiaren denboraldi berri baten eskutik. Lehen saioa irailaren 22an izango da Urnietako Saroben. Urnietarekin batera beste 15 egoitza gehiago izango dira eta azaroaren 19ra bitartean 26 saio eskainiko dira. Mendi Tour abenduaren 9tik 18ra bitartean ospatuko den BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren XV. edizioaren atarikoa da.
Esan bezala, 16 izango dira udazkeneko Mendi Tour jaialdia hartuko duten herriak: Arrasate, Basauri, Errenteria, Gasteiz, Getaria, León, Madril, Markina–Xemein, Potes, Salamanca, Santa Brígida (Kanaria Handia), Santander, Sopela, Teruel, Torrelavega eta Urnieta.
Ikusgai izango diren 26 saioen artean, iazko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian nabarmendu ziren hainbat lan aurki daitezke: Mendiak-1976, Black Ice, Jötunn, Amagana, The Wall of Shadows, Le Cavalier Mongol, The Traverse, Action Directe, La Pantalla Andina…
Aurtengo lehen seihilekoan ospatu den Mendi Tour jaialdiak 7.000 ikusletik gora bildu zituen 29 udalerri ezberdinetan.
BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdirako sarrerak irailaren 16an jarriko dira salgai.