Nafarroa da, 2008. urteaz geroztik, bizi-kalitate handiena duen Estatuko erkidegoa. Hori da, hain zuzen ere, Bizi Kalitatearen Alderdi Anitzeko Adierazleak dioena. Izan ere, eta beste erkidegoekin alderatuta, Nafarroa punta-puntakoa da ingurumenari, bizitza-, lan-, osasun- eta hezkuntza-baldintza materialei dagokienez.
Bizi Kalitatearen Alderdi Anitzeko Adierazlea (IMCV gaztelaniaz) Estatistika Institutu Nazionalak 2022. urtean egin zuen txostena da. Horrez gain, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialeko Behategiak bere azterketa propioa egin du eta horren arabera ere, Nafarroa eskualde oparoa da eta bizi-maila handia du.
Datuak
IMCVko datuek, bizitzaren alderdi garrantzitsuenak hartu nahi dituzten bederatzi dimentsiotatik abiatuta, erkidego baten bizi-kalitatearen ikuspegi panoramikoa eskaintzen dute. 2021. urteari buruzko datuen arabera, Nafarroak 106 puntu lortu ditu, estatu mailan den puntuaziorik altuena. Estatuko batez bestekoa 101,83 puntukoa da. Sailkapenaren azken postuetan Andaluzia (98,66) eta Ceuta (97,57) azaltzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoa 103,3 punturekin sailkapenaren seigarren postuan legoke.
Nafarroaren kasuan, IMCV indizea igo egin da azken lau urteetan (105,054 puntu 2018), baina mailarik altuena 2017an lortu zuen (106,527). 2021. Urteko datuen arabera, aztertutako bederatzi dimentsioetan Nafarroa horietako bostetan azaltzen da lehen bi postuetan: ingurumena, bizitza-baldintza materialak, lan-baldintzak, osasun-baldintzak eta hezkuntza.