Sexualki aktibo diren askok galdera hori egiten diote maiz bere buruari. Sexua jarduera atsegin eta lasaigarrienetako bat da. Baina, aldi berean, badu antsietate-arrisku puntu bat ere. Hori, hein handi batean, bikoteka egin ohi den zerbait delako jazotzen da eta, beraz, norberaren gogobetetasuna ez ezik, gure bikotekidearen gogobetetasuna ere sartzen da jokoan.
Horrek, ezinbestean, goialdean azaltzen den galderara eramaten gaitu: ona al naiz ohean? Hots, nire bikotekidea behar bezala edo nahiko asetzen al dut?
Segur aski, zuk zeuk ere galdera hori egin diozu zure buruari noizbait. Zoritxarrez, sexuari dagokionez, sarritan kikil sentitzen garenez, ez gara ausartzen gure bikotekideari galdera hori egiten. Galdera horren erantzuna izan diezaiokegun beldurra irrazionala ere izan daiteke.
Seinaleak
Dena den, ez duzu zertan kezkatu behar. Izan ere, badira ohean ona zarela adieraz diezazuketen zenbait seinale. Jarraian, horietako batzuk zerrendatzen dizkizuegu.
- Eskuzabala zara. Eskuzabaltasuna maitale on baten ezaugarri bereizgarrietako bat da. Jakin nahi duzu zergatik? Bada, ohean ematea jasotzea bezain garrantzitsua delako. Maitale on batek ez du soilik bere gogobetetze pertsonala bilatzen; ostera, bikotekideari behar dituen sentsazioak ematen saiatzen da, gogobetetasun osoa lor dezan.
- Ondo musukatzen duzu. Musuak plazer-iturritzat har daitezke eta, gainera, sexu-harremanen atariko izan ohi dira. Alde horretatik, musukatzen ona bazara, litekeena da ohean ere ona izatea. Izan ere, ezpainek nerbio-bukaera ugari dituzte eta, horri esker, musu baten bidez sentsazio gozagarri asko transmiti ditzakezu.
- Segurtasun osoa duzu zure buruarengan. Autoestimu ona izatea eta norberaren buruarengan segurtasuna izatea da ohean ona zarela adierazten duen seinaletako bat. Zure buruarekin eta gorputzarekin ondo sentitzen bazara zure bikotekideak ere modu horretan ikusten zaituela pentsatuko duzu. Zalantza horiek gabe, zure arreta sexu-harremanean eta bikotekidearen gozamenean jar dezakezu.
- Ez zara gauza berriak probatzearen beldur. Puntu honek lotura zuzena du aurrekoarekin. Zure buruarengan segurtasuna baduzu, normalean, ez zara gauza berriak probatzearen beldur izango: posizio berriak, sexu-jostailuak… Normalean, pertsona irekiek ez dute inolako eragozpenik esperimentatzeko. Pertsona irekia zarela uste duzu? Hala bada, bide luzea egin duzula esan diezazukegu; izan ere, seguru asko, ez duzu eragozpenik izango zure bikotekideak, zuen harremana aberasteko, beste zerbait probatzea proposatzen badizu.
- Zure gorputza ondo ezagutzen duzu. Ohean ona izan nahi baduzu, lehenik eta behin intimitatean nolakoa zaren jakin beharko duzu. Horrek esan nahi du jakin beharko duzula zer duzun gustuko eta zein bidetatik iristen zaren orgasmora. Ezagutza horrek zure sexualitateaz gozatzea ahalbidetuko dizu eta, neurri berean, zure bikotekideari klimaxera eramango duen plazara eman ahal izango diozu. Eskuzabala izateaz gain, garrantzitsua da zure bikotekideari zer nahi duzun eta zer duzun gustuko azaltzea. Modu horretan, zure bikotekideak orgasmora iristeko behar duzun hori eskaini ahal izango dizu eta, horrek ere, ohean ona egiten zaitu.
- Azken seinale bat… Intimitateak estres-maila bat dakar bere baitan. Azken finean, ohean egiten dugun horretan beste pertsona baten iritziak eragiten du beti. Eta horrek zalantzak sor ditzake. Hori beti izango da hor, baina bada ohean ona zaren ala ez adierazten duen behin betiko seinale bat. Jaki goxo bat dastatzen duzunean, berriro jateko gogoa sentitzen duzu, ezta? Bada, gauza bera gertatzen da sexu-harremanekin. Pertsona bat ohean oso ona den norbaitekin dagoenean, esperientzia errepikatu nahiko du ezinbestean.
Garrantzitsuena da ez uztea zalantzek edo beldurrek sexua bezain esperientzia atseginaz gozatzea eragozten. Izan konfiantza zeure buruarengan eta ikas ezazu zure burua ezagutzen.