Adikzioek zuzenean eragiten dute osasun mentalean

ERDU programan artatuta egon den pertsonen profil nagusia gizona da, 36 eta 59 urte bitartekoa eta alkoholaren adikzioa duena.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak gizarte-kalteberatasuneko egoeran dauden adikzioak dituzten pertsonei arreta emateko ERDU programaren jarduera-balantzea aurkeztu du. Memoriak agerian utzi duenez, zuzeneko harremana dago adikzioen eta osasun mentalaren artean, sarritan,  ziklo kaltegarri batean.

ERDU, Euskadin gizarte-kalteberatasuneko egoeran dauden adikzioak dituzten pertsonei arreta emateko xedea duen Eusko Jaurlaritzaren programa da. Iaz, programak artatu zituen 270 lagunetatik, 237 (% 88) mendekoak ziren eta 243k (% 90) osasun mentaleko arazoren bat zuten.

Erabiltzaileen datuek aniztasun nabarmena erakusten dute adin-tarteetan. 18 eta 25 urte bitarteko taldean, talderik gazteenean, erabiltzaileen % 23 daude; 26 eta 35 urte bitarteko tartean laurdena baino zerbait gehiago (% 26); eta, 36 eta 59 urte bitarteko taldea, proportzio handiena duena, pertsonen ia erdia dira (% 46). Bukatzeko, % 5 60 urtetik gorakoak dira, gehiengoa ez bada ere, arazoa adin tarte guztietan azaltzen dela ikus daiteke.

Nabarmentzekoa da adikzioa pairatzen duten pertsona gehienak, gainera, bizitegi-kalteberatasunean sartzen direla. Artatutako 197 pertsona (% 73) etxerik gabe edo infraetxe egoeran zeuden.

Programaren helburua da pertsonen inguruko sistemen baliabideak elkarrekin konektatzea (oinarrizko gizarte-zerbitzuak, osasun mentaleko zentroak, bigarren mailako gizarte-zentroak, aterpetxeak, eskakizun txikiko zentroak, Ertzaintza, Lanbide, etab.). Horrela, gatazkak murriztea, sistemen eta baliabideen arteko pertsonen fluxuak hobetzea eta pertsona kalteberenek beren eskubideak baliatu ahal izatea lortzen da. Iaz 108 pertsonak lortu zuten arreta-taldeek beren egoera hobetzeko helburuak betetzea.

ERDU programa

ERDU programa pandemian martxan jarri zen, Euskadin adikzioen aurrean zeuden erronkei aurre egiteko. Drogen Abusuaren Ikerketa eta Prebentziorako Gipuzkoako Elkarteak (Agipad), Bizkaiko Etorkintza fundazioak, Gizakia Fundazioak eta Arabako Jeiki fundazioak parte hartzen dute.

Psikologia Klinikoko, Medikuntzako, Erizaintzako eta Psikiatriako, Gizarte Laneko eta Gizarte Hezkuntzako profesionalek osatzen dituzte taldeak. Helburua da osasun- eta hezkuntza-arreta ematea, osasun- eta gizarte-zerbitzuekin koordinatuta, artatutako pertsonen osasun mentala, fisikoa eta psikologikoa hobetzeko.

2021-2024 aldirako Euskadiko Arreta Soziosanitarioaren Estrategiaren barruan, programak 250.000 euroko aurrekontua du urtean, Inor Atzean Utzi Gabe funtsetik datorrena. Funts hori Covid-19ak eragindako edo larriagotutako arrisku-egoerei, bazterkeriari edota pobreziari erantzuteko sortu zen.