Pozik Bilbon bizitzearekin

Hamar gaztetik bederatzik Bilbon oso edo nahiko ondo bizi dela uste dute. % 73k Bilbon bizitzen jarraitu nahiko luke hamar edo hogei urte barru

Bilboko gazteak oso gustura daude hirian duten bizitzarekin eta harro daude Bilbon bizitzeaz. Gehiengoak Bilbon ondo bizitzen dela, hiri segurua dela eta aisialdirako proposamen egokiak eta erakargarriak daudela uste du. Hori da, hain zuzen ere, Bilboko Udalak aurkeztu berri duen ikerlan batek dioena. Lana Ikerfelek egin du eta gazteek hiriko errealitate sozialarekin harremana duten zenbait alderdi aztertu dira. Datuak abenduan jaso ziren eta 500 gazterekin egin da lan.

Oro har, gazte gehienek Bilbon nahiko ondo bizi daitekeela uste dute. Ia heren batek oso ondo bizi dela dio eta % 61el nahiko ondo. Gazteriaren % 8aren ustez Bilbon hala nola bizitzen da eta % 1ek dio gaizki edo oso gaizki bizi dela. Bizitza-kalitateari dagokionez, batez besteko nota 7,9koa eta gazteen ia hiru laurdenak (% 73) Bilbon bizitzen jarraitu nahiko luke hamar edo hogei urte barru.

Gazteek gehien baloratzen dituzten alderdien artean formakuntza eta hezkuntza aukerak, gazteentzako kultur eta kirol eskaintza ona, baloreak (berdintasuna, elkartasuna, bizikidetza) eta bertan bizitzeko erakargarritasuna aipatzen dira.

Kezkak

Bilboko gazteek dituzten kezka handienak emantzipazioarekin eta osasunarekin harremana duten horiek dira. Kezka horiek bat egiten dute okerren baloratzen dituzten alderdiekin: lan aukera falta eta etxebizitza bat alokairuan zein jabegoan eskuratzeko zailtasunak.

Horrela, gazteen % 28k lan-merkatuaren inguruko kezkak azaltzen ditu, nagusiki, prekarietatea eta enplegu eskaintza urria. % 15ak krisi ekonomikoak eta etorkizun ekonomiko ziurgabea aipatzen du eta % 12k etxebizitzarekin harremana duten alderdiak aipatzen ditu.

Esan bezala, osasuna eta osasungintza dira gazteek azaltzen duten beste kezka nagusietako bat. Kezka hori pandemiaren eragina omen da. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da inkestatutako gazteen % 94ak txertatuta dagoela adierazi duela.

Kezka guztien artean baloraziorik okerrena duen alderdia etxebizitzarako sarbidea da ( 4,7 puntu) eta, jarraian, lan-aukerak (5,8).

Aisialdi eskaintza

Bilbon den aisialdi eskaintzaren inguruan galdetuta, gazte gehienek erakargarritzat eta egokitzat jotzen dute. Horrela, goizeko aisialdi eskaintzak 6,4 puntuko nota jasotzen du eta, gauekoak, berriz, 6,1.

Gazteek gustukoen duten aisialdia tabernetara eta dantzalekuetara joatea da (% 82). Kirola ere maiz aipatzen da, bai bakarka bai taldean (% 76). Beste aisialdi eredu nagusiak honako hauek izango lirateke: aisialdi digitala (edukiak igo, bideo-jokoetan aritu…) (% 68); eta, zinemara, antzerkira edo museotara joan (% 64).

Segurtasunari dagokionez, gazteek Bilbo segurua dela diote. Arlo horretan 6,9 puntuko nota ematen diote.

Ikerketa egiteko telefono bidezko elkarrizketak egin ziren 18 eta 35 urte bitarteko 500 gazterekin sexuaren, adinaren eta bizi diren barrutiaren arabera banatuta.