World Press Photok kontakizun ezezagun eta harrigarriak erakutsiko ditu 159 iruditan

Gasteizko Montehermoso Kulturuneak World Press Photo erakusketaren edizio berri bat hartuko du datorren azaroaren 15era bitartean. Aurtengoarekin, erakusketa 19 urtez izan da Gasteizen, etenik gabe.

Ur-biltegi zaharrak aurtengo munduko fotokazetaritza-sariketa garrantzitsuenean irabazle izan diren 159 irudiak hartuko ditu. Guztira, 28 herrialdetako 45 argazkilariren istorioak izango dira ikusgai. Kontuan izan behar da aurtengo edizioan lehian izan direla 130 herrialdetako 4.135 argazkilariren 74.470 argazki.

“Gasteizko herritarrak World Press Photo 2021 Erakusketa bisitatzera animatu nahi ditugu. Zirrara-sorta eragiten duen esperientzia izateaz gain, agian garrantzitsuagoa dena, hausnarketa egitera eramaten gaitu” azaldu du Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Kontakizun ezezagun eta harrigarriak

Ur-biltegi zaharrera gerturatzen diren horiek hainbat kontakizun ezezagun eta harrigarri aurkituko dituzte: glaziar-eraikitzaileak, esperma kontrabandoa kartzelatik,  Errusiako errepublika hotzenetako bateko zinema autoktonoaren produkzioa, edo Poloniako haurtxo artifizialak.

Eta noski, pandemia ere erakusketan diren hainbat irudien ardatz izango da. Horietako bat, gainera, aurtengo edizioa irabazi duen argazkia izango da: Mads Nissen daniar argazkilariaren ‘Lehen besarkada’. Irudia Brasilgo adinekoen egoitza batean hartua da pasa den urteko udan eta plastikozko gortina bat erdian dutelarik adineko emakume baten eta erizain baten arteko besarkada jasotzen du. Bost hilabetetan emakumeak jasotzen zuen lehen besarkada da.

Erakusketan Estatuko hiru argazkilariren lanak ikusi ahal izango dira: Aitor Garmendia, Luis Tato eta Jaime Culebras. Euren lanak, ikuspegi ezberdinetatik bada ere, animaliekin dute harremana.

Erakusketa ikusgai izango da datorren azaroaren 14ra arte, igandeak eta jaiegunak barne. Montehermoso kulturuneak bisitaldi gidatuak eskainiko dizkie ikastetxeei, Bizan Sareko zentroei eta herritarrei oro har.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.