Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eremu digitalean euskararen erabilera areagotzea helburu duen ‘Zure hatz marka euskaraz’ kanpaina abiarazi du gaur. Kanpainak bi ardatz nagusi izango ditu. Alde batetik, gazteei sare sozialetan edukiak euskaraz sortzera animatuko zaie. Bestetik, herritarrei gailuak euskaraz konfiguratzeko deia egingo zaie. Kanpaina datorren azaroaren 10era arte luzatuko da.
Eremu digitalaren garrantzia
Eusko Jaurlaritzak estrategikotzat jotzen du eremu digitala euskararen erabilera indartzeko. Udaberrian, Gobernu Kontseiluak Euskararen Aholku Batzordearen Ingurune Digitalean Euskara sustatzeko batzorde-atal bereziak adostutako “Euskararen Ingurune Digitala: Gomendioak 2021-2024” bide orria onartu zuen. Bertan, 10 gomendio eta 24 ekintza-proposamenekin batera, euskara ingurune digitalean bizirik eta bizi egoteko lau lan-lerro estrategiko definitzen dira: euskarazko eduki digitalak sustatu; euskarazko tresna, aplikazio eta baliabide digitalak sustatu; euskarazko baliabideei ikusgarritasuna eman; eta, zaintza teknologikoa bermatu.
Zure hatz marka euskaraz
Kanpainak zehaztu dituen bi helburuetarako hainbat jarduera programatu dira. Adibidez, gazteei sare sozialetarako euskarazko edukiak sortzera animatzeko, lehiaketa bat antolatuko da.
Herritarrei beren gailuak euskaraz konfiguratzen animatzeko zenbait bideo tutorial prestatuko dira. Aitziber Garmendia aktorea izango da tutorial horietan protagonista.
Kanpaina gaur aurkeztu da Donostian izan den prentsaurrekoan. Bertan, Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek azaldu duenez “ezinbestekoa da zaintza teknologikoa ziurtatzea euskararentzako estrategia digital bat garatzeko, merkatuan agertzen diren berrikuntza teknologiko arrakastatsuenak, informazio eta komunikazio teknologietan ematen diren joerak eta tresna berriak identifikatzeko edota beste hizkuntza zein herrialde batzuetan hizkuntzaren sustapenerako IKT arloan eta ingurune digitalean egiten denaren jarraipena egiteko”. Dobaranen hitzetan, “nekez erabiliko dugu ez dagoena, eta beraz, beharrezkoa da euskarazko eduki digitalak sustatzea, eta horretarako euskarazko tresna, aplikazio eta baliabide digitalak sustatzea. Horretarako ikusgarritasuna ere eman behar zaie. Beraz, lau helburu horiekin bat egiten du kanpaina honek”. Sarean lehen hitza euskaraz izatearen garrantzia ere nabarmendu du Hizkuntza Politikako sailburuordeak horrek ondoren hizkuntza hobespenei buruzko informazioa emango duelako.